2009-10-27
Hamar preso eraman dituzte Euskal Herritik
Presoen artean zortzi AAMren kontrako epaian zigortuak daude, eta bi 2000z geroztik Langraizen zeuden
Xan Harriague.
DonostiaEspainiako Barne Ministerioko Espetxe Zuzendaritzak Euskal Herrian zeuden euskal preso gehienak Euskal Herritik eramatea erabaki du. Joan den ostegunetik larunbatera Langraiz (Araba), Martutene (Donostia), Iruñea eta Basauriko espetxean (Bizkaia) zeuden hemezortzi euskal presoetatik hamar Euskal Herritik ehunka kilometrora eraman dituzte.
Hamar horietatik zortzi Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako epaian zigortuta daude. Urriaren 16an, Espainiako Auzitegi Gorenak behin-behinean aske zeudenak atxilotzeko agindua eman zuen. Ertzaintzak Ainhoa Irastorza, Gorka Zulaika, Jagoba Terrones, Jon Beaskoa eta Aratz Estonba atxilotu zituen jarri zitzaien kartzela zigorra betetzeko. Irastorza, Zulaika eta Estonba Donostiako Martuteneko kartzelan sartu zituen. Ostiralean Irastorza Valladolidera (Espainia) eraman zuten, Ordizia sorterritik 310 kilometrora. Zulaika pasaiatarra, berriz, Darocara (Espainia), herritik 350 kilometrora, eta Estonba Ocaña II espetxera (Espainia), Donostiatik 515 kilometrora. Terrones eta Beaskoa Basaurin sartu zituzten, baina larunbataz geroztik Terrones berangarra Valentzian dago, herritik 670 kilometrora. Albocaserreko kartzelara (Herrialde Katalanak) eramango dute, baina hala eta guztiz ere bere herritik 545 kilometrora geldituko da. Beaskoa Teruelgo kartzelara eraman dute (Espainia), Bilbotik 475 kilometrora.
Espainiako Poliziak Iker Zubia, Josu Beaumont eta Julen Larrinaga atxilotu zituen, haiek ere jarri zitzaien zigorra betetzeko. Langraizko, Iruñeko eta Basauriko espetxean sartu zituzten hurrenez hurren. Baina larunbataz geroztik, Zubia Alcazar de San Juanen dago (Espainia), Gasteiztik 520 kilometrora; Beaumont Valentziakoan, Iruñetik 490 kilometrora; eta Larrinaga Curtis Teixeirokoan (Galizia), Bilbotik 525 kilometrora.
Baina urrundu dituzten hamar presoen artean bik urteak daramatzate Langraizen. Jose Antonio Galarraga debarra, 2000. urtean ekarri zuten Arabara. Azken bederatzi urteak Euskal Herrian egin ditu, baina joan den ostegunaz geroztik Valladoliden dago, Debatik 310 kilometrora.
Ramon Uribe euskal presoarekin antzeko gauza gertatu da. Espainiako Auzitegi Nazionalak 30 urteko kartzela jarri zion. 2000. urtean, Langraizko kartzelara hurbildu zuten, baina joan den ostegunean Topaseko kartzelara (Espainia) eraman zuten, Usurbildik 445 kilometrora.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
