Berria.info

Osteguna, 2010ko irailak 2 -

2009-10-27

«Krisiari aurre egiteko aurrekontuak» itxi dituzte Lopezek eta Basagoitik

Lehendakariaren esanetan, PSE-PP akordioaren «sendotasunaren» isla da datorren urteko kontuak hitzartzea

10.315 milioi euroko aurrekontuak onartu dituzte, aurtengoak baino %1,6 gutxiago

Edurne Begiristain.

Gasteiz

«Krisiari aurre egiteko aurrekontu akordioa» sinatu dute Patxi Lopez lehendakariak eta Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak. Honezkero, PSE-EEk PPrekin duen «lehentasunezko harremanean» urrats garrantzitsua egin du, eta datorren urteko aurrekontuak onartzeko modua izango du Eusko Jaurlaritzak. PSEk eta PPk iragan ostegunean jakinarazi zuten akordioa lortu zutela, eta, atzo, Lopezek eta Basagoitik itun horri behin betiko onespena eman zioten lehendakaritzan egindako bileran.

Lehendakariak jakinarazi zuenez, hurrengo urterako 10.315,2 milioi euroko aurrekontuak hitzartu ditu bere alderdiak PPrekin (aurtengoekin alderatuta %1,6 gutxiago). Krisialdiak eraginda, Jaurlaritzaren gastu korronteak %10 egingo duela behera eta 1.900 milioi euroko zorra izango duela azaldu zuen lehendakariak. Gobernu kontseiluak gaurko batzarrean onartuko du aurrekontu proiektua, eta orduan ezagutuko dira aurrekontuaren inguruko xehetasun guztiak.

Izan ere, atzoko bilerak zenbakiak zehazteko bainoago, PSEren eta PPren arteko akordioaren «sendotasuna» agerian uzteko erabili nahi izan zuten. Lopez eta Basagoiti ez ziren elkarrekin agertu lehendakaritzako prentsa aretoan egindako agerraldietan, baina biak ala biak pozik eta gustura agertu ziren egindako akordioarekin. PPren jarrera goraipatu zuen Lopezek, «alderdikerietatik» ihes egin eta herriak eskatzen duen mailan «erantzukizunez» jokatu duelako. Aurrekontuen inguruan ados jarri izanak, gainera, PSEk eta PPk legealdi hasieran sinatutako akordioaren «sendotasuna» agerian uzten duela adierazi zuen.

Aurrekontuak «errealistak, orekatuak, arduratsuak eta egungo egoera ekonomikoaren neurrikoak» direla azpimarratu zuen Lopezek. Hiritarrak «erdigunean» dituen aurrekontuak direla eta horrek gastu sozialean isla izango duela azaldu zuen -aurrekontuaren %74,3 gastu sozialari bideratuko zaiola jakinarazi zuen-. Lehendakariaren esanetan, enplegua sortu, produkzio ehuna modernizatu, eta berrikuntza eta ikerkuntza sendotuko ditu akordioak. Eta arlo horietan oinarrituta, krisialdiaren ondorengo egoerari ere erantzungo diote aurrekontuek, «ekonomia eredu berriaren oinarriak» jarriko dituelako, Lopezen hitzetan.

Basagoiti ere gustura agertu zen aurrekontu egitasmoarekin. «Aldaketarako» egindako akordioaren bidetik doalako pozik azaldu zen. Aurrezteko akordioa dela, krisiari aurre egiteko balio duela, Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako «inbertsio garrantzitsuak» dituela, eta «ETA eta bere inguruari» xentimorik ez diotela bideratuko azpimarratu zuen. «Ez dira PPk egingo lituzkeen aurrekontuak», zehaztu zuen, baina Lopezen gobernuak hasiera batean proposatutakoak baino «hobeak» direla, eta Ibarretxeren gobernuak aurrera ateratakoak baino «askoz hobeak» direla nabarmendu zuen.

Hitzartutako aurrekontuak ez dira ezkerrekoak, ezta eskuinekoak ere. Ideia horretan ere bat etorri ziren Lopez eta Basagoiti. Izan ere, haien ustez, krisi egoera batean ez du garrantzirik aurrekontuek duten joerak. «Herriaren» aurrekontuak dira, Lopezen esanetan. «Onak dira herritarrentzat», Basagoitiren ustez. Biak ere prest agertu ziren beste taldeekin negoziatzeko. «Ez dizkiogu ateak inori itxiko», esan zuen Lopezek. Basagoitik, berriz, zehaztu zuen soilik onartuko dituztela «aldaketa sendotzera» zuzendutako taldeen ekarpenak. «Bide horretatik badoaz, primeran».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia