Juan Inazio Hartsuaga.
Antropologoa«Gogoeta libretik eta aurreiritzien kaiolatik kanpo» idatzitako liburua da 'Euskararen egoerari irizten', egilearen hitzetan. Euskararen inguruko kezkak eta gogoetak bildu ditu lanean Hartsuagak.
«Euskarari buruzko gogoeta libreagoa aldarrikatzen dut»
Ainhoa Sarasola.
DonostiaGogoeta librea eta aurreiritzirik gabea aldarrikatzen du, behin eta berriro, Juan Inazio Hartsuagak (Tolosa, 1957), bere lanaz mintzo denean. Hori da Hiria argitaletxearekin kaleratutako Euskararen egoerari irizten liburuaren meritu handiena, haren hitzetan. Errealitatea aztertzeko beste biderik ez dela uste du, euskarari buruzko gogoetak «barrena husteko» ere idatzi dituela aitortzen badu ere. Gainontzeko kezkak liburuarekin batera aurkeztu zuen lana Hartsuagak, atzo, Donostian.
Euskararen egoerari buruz zer-nolako balantzea egiten duzu liburuan?
Balantzeak egitea ez dagokit niri. Liburuan aldarrikatzen edo eskatzen dut gogoeta gehiago, eta batez ere libreagoa eta aurreiritzirik gabekoagoa euskararen egoeraren inguruan. Hori da nire kexa nagusia. Ikusten ditut euskararen inguruan eta euskalgintzan dabilen jendea eta erakundeak oso norbere aurreiritzien preso. Eta horrek esan nahi du errealitatea muturren aurrean edukita ere, ez zarela era egokian ikusteko eta interpretatzeko kapaz. Interpretazioak zuzen edo oker egin, gogoeta libretik egiten direnean aukera gehiago dago asmatzeko. Hori sumatzen dut faltan; astindu aurreiritziak eta begiratu gogo librearekin errealitatea. Uste dut euskararen inguruan daukagun gaitzik larriena une honetan dela norbere aurreiritziek ez digutela ikusten uzten.
Gogoetaren beharra nabarmentzen duzu. Zein gako edo oinarriren gainean egin beharko litzateke?
Hasteko, iruditzen zait ez daukagula hiztegi egokia gertatzen ari denaz hitz egiteko. Gaur egun euskaldunak eta erdaldunak bezalako kategoriak erabiltzen segitzea diskurtso soziolinguistikoa egitean iruditzen zait disparate izugarria. Ni euskalduna naiz, ezta? Eta erdalduna? Baita ere. Bada, ez baditugu hitz egokiak erabiltzen, ezin dugu errealitatea deskribatu, eta gutxiago, azterketa egin.
Beste gabeziarik ikusten duzu?
Lehen esan dudan moduan, ahalegin berezi bat egin behar da aurreiritziak astintzeko. Nork bere buruan egin behar du hori, eta ez da erraza. Ikuspuntuak batuz gogoeta egin behar da, zintzotasunez. Uste dut zintzotasun faltan ez gaudela; gehiago iruditzen zait perspektiba, hiztegi eta aurreiritzien kaiolatik ateratzeko falta.
Euskararen inguruko aurreiritzi eta dogmak aipagai dituzu etengabe.
Hainbat eta hainbat gauza onartzen ditugu haien gainean batere gogoetarik egin gabe, kontsigna moduan burmuinean markatuta baleude bezala. Zientzia egiten saiatzean, ikuspegi zientifiko bat aplikatzean edozein errealitateri, horiek denak astindu behar dira, eta dena auzitan jarri behar da.
Euskara ez da inposatu behar esaldia aipatzen duzu adibide gisa.
Ez dut errespetu faltaz esan nahi, baina hori da txorakeria izugarri bat. Edozein hizkuntza inposatzen zaio aldameneko hizkuntzari, beti. Inposaketa indarra dute hizkuntza batzuek. Hizketan ari zaren momentutik hizkuntza hori inposatzen ari zara. Beste gauza bat da politikoki zuzena dela esatea euskara ez dela inposatu behar, baina politikoki zuzenak diren esaldi horiek ez dute inoiz gogoeta libre bat oztopatu behar.
Zer egin ere proposatzen duzu.
Oinarri metodologiko batzuk aipatzen ditut: ostrukarena ez egitea; erantzuna badakigulakoan galderarik egin gabe ez uztea; euskararen estatusa zaintzea -hori baita oinarrizkoa, eta ez dugu egiten-; euskara beharrezko bihurtzea... Adostasun eta hiztegi berriak lortu behar ditugu, eta euskara benetan guztiona egin. Baina hori ez da batere erraza.
Baikorra al zara bide horretan?
Baikorra naiz bizitzan. Etsipenaren arbolak ez du fruiturik ematen; arbola antzua da.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
