Auzitegi Nazionalik gabeko operazioa
Analisia
Joxerra Senar
Guardia Zibilaren operazioa, atxiloketak, miaketak, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroaren adierazpenak... Elementu horiek ikusita, irudi luke atzoko polizia operazioak antzekotasuna baduela Euskal Herrian izaten diren beste batzuekin. Haatik, arras desberdina da.
Batetik, Falange y Tradicion talde horren aurkako operazioa ez du Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu, Iruñeko auzitegiak baizik. Eta hori berritasuna bada Euskal Herrian. Bigarrenik, errugabetasun printzipioak eskatzen duen legez, atxilotuen nortasuna neurri handi batean errespetatua izan da -agentziek izenak jakinarazi arren, abizenen inizialak eman dituzte soilik-.
Hirugarrenik, kalte eta mehatxu delituak egitea egotzi diete, eta ikusteko dago zer ondorio dituen zigor eskaeretan. Hala ere, proportzionaltasuna galtzen da jakinik miaketetan «arma arriskutsuak» -polizien hitzetan- eta propaganda nazia atzeman dizkietela atxilotuei, eta, aldiz, beste kasu batzuetan, Segiko elastikoak talde terroristako kide izateko froga gisa erabiliak izan direla.
Hamaika konparazio egin daitezkeenez, Luxenburgotik adierazpenak egin ditu Rubalcabak eta gobernuak indarkeria ororen aurka egiten duela adierazi nahi izan du. Hala ere, haren adierazpenek talde horren «jarduerekiko» gutxiespen bat islatzen dute. Falange y Tradicionen erasoak ez baitira «pintaketa batzuk, mehatxuak, lehergailuren bat». Ez diote soilik ezker abertzaleari eraso egin. 36ko gerran, 3.000tik gora fusilatu eta hildako izan ziren lurraldean; orduko biktimak iraindu dituzte. Memoria historikoan aritzen den Koldo Plari herio mehatxua igorri diote- baita Sonia Polo Bilboko txupinerari ere-, Lasa eta Zabalaren hilarrian haren hiltzaile Galindori gorazarre egin diote... Hori guztia terrorismoa goratzea ere izango litzateke beste latitude batean.
Rubalcabak ez du, ordea, argitu atxilotuei eraso horiek guztiak egozten dizkieten. Atxilotuetako bakoitzak eraso denak, erdiak edo bi egin dituen. Zehaztasunik ez emate horretan, hor bai, zaharrak berri. Datu bat bakarrik: Joar mendian ETBren aurkako mezua idatzi zenean, lekukoek 10 lagun ikusi zituzten; atzo, bost atxilotu ziren.
Gogoan hartu behar da ere iaztik hona bost euskal herritarrek bahiketak salatu dituztela publikoki. Urtebete iragan da, eta horiei buruz Rubalcabak ez du deus esan. Salaketak jarriak izan dira, baina ikerketen berri bakar bat ez dugu. Nekez ikusiko dugu, baina, atzokoaren pareko operaziorik.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
