Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 17:38

MUNDUA;2009-10-23;Eskuzabaltasunak dakarren gosea. Etiopiako Gobernuak jakinarazi du 160.000 tona labore behar dituela gose diren 6,2 milioi lagun elikatzeko; horrek, alta, menpekotasuna eragiteaz gain, pobrezia endemikoa areagotu baino ez du egiten.

Etiopiako Gobernuak jakinarazi du 160.000 tona labore behar dituela gose diren 6,2 milioi lagun elikatzeko; horrek, alta, menpekotasuna eragiteaz gain, pobrezia endemikoa areagotu baino ez du egiten.

Eskuzabaltasunak dakarren gosea

Kristina Berasain.

Etiopiako lokatz eta lastozko etxola txiki guztietako izkinaren batean dago latontziren bat: USA letrak dituzte pintatuta bandera estatubatuarraren parean. Behinolako labore aleen arrastorik, baina, ez da gelditzen. Etiopiarrek ondasun eskasak gordetzen dituzte barruan, altxorrak balira bezala; soinekoren bat, alkandoraren bat, lapikoren bat akaso... Goseaz aparte, apenas duten ezer, eta, neurri batean bederen, latontziengatik dira gose. AEB Ameriketako Estatu Batuek urtero milaka tona labore bidaltzen dituzte herrialdera -sobera dituen pikorrak-, eta eskuzabaltasun horrek pobretzen ditu, berehalako gosea arintzen badie ere; Etiopia zorretan gelditzen baita eta menpekotasuna eragiteaz gain, pobrezia endemikoa areagotu baino ez da egiten. 1991tik 3.200 milioi dolar bideratu ditu Washingtonek Addis Abebara, eta, estatuak, ondorioz, diru sarreren %10 kanpo zorra ordaintzeko baliatu behar ditu, garapenerako baliatu beharrean; tokiko nekazaritza sustatzeko.

1984ko gosete handia

Etiopiako Gobernuak jakinarazi du urtea amaitu bitartean 160.000 tona labore behar dituela gose diren 6,2 milioi lagun elikatzeko. PAM Elikagaien Munduko Programak ere datozen sei hilabeteetarako 285 milioi dolar behar dituela ohartarazi du -lehorteari aurre egiteko diru emaileek egiten ari diren bilera baliatu dute, eskaera egiteko-.

Gobernua, hortaz, herritarrek dituzten premien erantzulea ere bada. Lurra estatuaren eskuetan dago, eta lurzoruak lantzeko baimenak baino ez ditu ematen; horrek, baina, belaunalditik belaunaldira zoruak zatikatzera behartzen ditu herritarrak, eta lehen bakar bat elikatzeko nahikoa zen saila orain ez da aski zortzi edo bederatzi seme-alaba elikatzeko. Etiopiarren %80ek nekazaritzari esker egiten dute aurrera, nekez, eta lehorteek edo euriteek zapuzten ez dizkieten uzta urriak gordetzeko biltegirik ere ez dute. Prezioa, gainera, atzerrian ezartzen da eta bost bider handiagoa da laboreen prezioa azken bi urtean.

1984. urteko gosete handiaren 25 urteurrena beteko da aurki, eta herrialdea beste gosete baten atarian dagoela ohartarazten hasi dira agintariak; etiopiarrek, baina, gose kronikoaren urteurrena dute gogoan egunero.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia