Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 17:32

euskalherria;2009-10-16;Gehiengo sindikalak manifestaziora deitu du askatasun eta eskubideen alde. Deiarekin bat egin dute ezker abertzaleak Aralarrek, EAk, Lokarrik, AAMk, gazte independentistek eta Gazte Abertzaleek Manifestazioa Donostian izango da, bihar, 17:00etan, Antiguako tuneletik abiatuta

Gehiengo sindikalak manifestaziora deitu du askatasun eta eskubideen alde

Deiarekin bat egin dute ezker abertzaleak Aralarrek, EAk, Lokarrik, AAMk, gazte independentistek eta Gazte Abertzaleek

Manifestazioa Donostian izango da, bihar, 17:00etan, Antiguako tuneletik abiatuta

Oihana Elduaien.

Donostia

Ezker abertzalearen kontra egindako polizia operazioa ulertzeko modu bakarra dagoela uste dute ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek: «Espainiako Estatuak ideia jakin batzuk dituen hiritargoaren sektore bati parte hartze politikorako eskubidea ukatzeko jarrera politikoa dauka». Kezkatuta daude Espainiaren «jardunbide antidemokratiko, autoritario eta errepresiboa» ikusita. Baina, gehiengo sindikala ez dago etsitzeko prest, eta «irtenbide demokratikoarekiko konpromisoa» berretsi dute. Konpromiso horri eutsiz, nazio manifestazioa antolatu dute biharko. Polizia operazioak puntu goria izan zuen hirian egingo dute manifestazioa, Donostian. 17:00etan abiatuko da Antiguako tuneletik, Askatasunaren alde, eskubide guztiak guztiontzat lelopean.

Handia izateko itxura hartu du manifestazioak. Gehiengo sindikalak LABen egoitzan prentsaurrekoa eman eta segituan hasi baitziren eragileak deialdiarekin bat egiten. Hala egin zuten ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM), Lokarrik, gazte independentistek eta Gazte Abertzaleek.

Operazioa salatu eta atxilotuei zein haien senitartekoei elkartasuna adierazteaz gain, bi gauza zehatz eskatu ditu gehiengo sindikalak. Atxilotu guztiak baldintzarik gabe aske uzteko eskatu dute, batetik: «Jardun politikoa besterik ez zaie egozten, eta oinarrizko askatasun bat gauzatzea ez litzateke inor atxilotzeko arrazoi izan behar sistema demokratiko batean». Bestetik, Espainiako Alderdien Legea indargabetzeko galdegin dute: «Lege hori injustua da berez, baina gainera -eta hau da larriena- aukera politiko eta sozial bat desagerrarazteko ari dira baliatzen». Atxilotuak aske uzten dituzten edo ez gaur bertan jakingo da, 10:00etatik aurrera eramango baitituzte Espainiako Auzitegi Nazionalera, Baltasar Garzon epailearen aurrean deklaratzera.

Estatuko botere desberdinak «elkar hartuta» ari direla uste dute sindikatuek, eta «benetako genozidio politikoa» egitea egotzi diote. Horrelako operazioak eginda euskal gizarteari eskaintzen dioten irtenbide bakarra «gatazka sekulako luzatzea» dela salatu dute, «irtenbide demokratikoa emateko aukera ukatuz».

Eta egiteko horretan komunikabideen gehiengoaren laguntza ere badutela salatu dute sindikatuek: «Hauek gehienbat, ez dute gatazkaren nondik norakoa azaldu eta boterea kontrolatzen; aitzitik, kontrako jarrera daukate: desinformatu, kontrolatzeko». Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Rufi Etxeberria, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Txelui Moreno, Amaia Esnal, Mañel Serra eta Ainara Oiz atxilotzea ekarri zuen polizia operazioan eta antzekoetan hainbat komunikabidek presente egoteko «pribilegioa» dutela salatu dute.

Atxikimenduak

Sindikatuek antolatutako manifestazioarekin bat egin dute ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk, AAMk, Lokarrik eta Gazte Abertzaleek. Ezker abertzaleak dio «esparru independentista eta demokratikoaren artikulazioak» izan behar duela «aldaketa politiko eta sozialaren motorea». Norabide horretan doa, beren ustez, biharko manifestazioa.

«Egoera latz eta larri honetan» erantzun bateratua emateari garrantzia handia ematen dio Aralarrek ere. Egoera honekin bat egiten ez duten guztiek manifestaziora joan beharko luketela uste du. «Eskubideak sakontzetik etorriko da bakarrik bakea eta normalizazio politikoa, eta ez jendearen eskubideak mugatzetik edo urratzetik, ez jendea kartzelaratzetik».

EAk ere bat egin du biharko Donostian antolatu duten manifestazioarekin, «gizarteak normalizaziorako duen irrikaren kontrako erasoa izan dela salatzera». Pello Urizar alderdiko idazkari nagusia manifestazioan izango da. Gazte Abertzaleek ere han izango direla jakinarazi dute.

Lokarrik bat egin du sindikatuek egin duten egoeraren irakurketarekin, eta berak ere manifestaziorako deia egin du. Ezker abertzalea baztertzea da operazioaren helburua, Lokarriren irudiko ere, eta hori «akats larria eta bake prozesua bultzatzeko beste oztopo bat» dela uste du. Herritarren mobilizazioa «tresna eraginkorra» dela uste duenez, manifestaziorako deia egin du.

«Inoiz baino gehiago indarrak batu eta erantzun masiboak» emateko garaia dela dio AAMk. «Prozesu demokratikoa» abiatzeko «errepresio estrategia indarge uztea» beharrezkoa dela dio, eta hargatik, mobilizatzeko deia egin die herritarrei.

Gazte independentistek bertan behera utzi dute Leitzan egitekoa zuten 30. urteurrenaren festa, eta Donostiarako deia egin dute.

EAJk eta EAk kudeatutako Udalbitzak oharra atera du operazioa salatzeko. Nolanahi ere, ez du manifestazioari buruz ezer esan. Udalbiltzak «normalkuntza politikoaren konponbiderako eta bakea lortzeko saiakeraren aurkako erasotzat» jo du operazioa.

 

Alemaniako Ezkerreko bi hautetsik atxiloketak salatu dituzte



Ulla Jelpke Alemaniako Kongresuko diputatuak eta Helmuth Markov Europako legebiltzarkideak atxiloketen aurka agertu dira. Biak Alemaniako Ezkerra izeneko koaliziokoak dira. Markov Friendship Europako Legebiltzarrean Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko babes taldearen presidentea zen. Markoven ustez, onartezina da atxilotzea politika egiteagatik. Jelpke eta biak bat datoz erratean, gatazka konponduko dela negoziazioaren bidez, eta Euskal Herriari erabakitzeko eskubidea onartuz. Herenegun Bairbre de Brun Sinn Feineko Europako legebiltzarkideak atzera pausotzat jo zuen polizia operazioa.

Askapenaren bidez, nazioarteko beste 13 elkartek salatu dituzte atxiloketak, Irlandakoak, Italiakoak, Espainiakoak, Suitzakoak, Alemaniakoak eta Txilekoak, besteak beste.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia