Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 17:31

euskalherria;2009-10-15;Dena prest dute Sakanan iganderako, Nafarroa Oinez ikastolen festarako. Andra Mari ikastolak antolatuta, Arbizun, Lakuntzan eta Arruazun egingo dute 29. Nafarroa Oinez

Dena prest dute Sakanan iganderako, Nafarroa Oinez ikastolen festarako

Andra Mari ikastolak antolatuta, Arbizun, Lakuntzan eta Arruazun egingo dute 29. Nafarroa Oinez

Naiara Elola.

Iruñea

Etxarri Aranazko (Nafarroa) Andra Mari ikastolak eraikin berri bat egin nahi du, eta Nafarroa Oinez-ek horretarako dirua biltzeko xede nagusia izango du. Izan ere, egun 430 haurrek ikasten dute Andra Mari Ikastolan, eta, Muxi Mariñelarena ikastola horretako zuzendariak jakinarazi duenez, «litekeena da urte gutxi barru ikasle kopurua handitzea». Gainera, egun, ikastetxe horren eraikina zaharra dela eta instalazio berrien beharra dagoela adierazi du zuzendariak.

Aurten, 29. Nafarroa Oinez egingo dute igandean. Txikiak handi leloarekin hizkuntza gutxituen eskubideak aldarrikatu dituzte. Pello Mariñelarena Nafarroako Ikastolen Elkarteko presidenteak adierazi du dena prest dagoela. «Jai giroan igaroko den jardunaldia izango da igandekoa, pentsamolde askotako jendea bilduko duena, euskararen poza partekatzeko». Antolatzaileek espero dute 100.000 lagun inguru biltzea. Gainera, eguraldi ona izango dela iragarri dute. Hala, festan parte ez hartzeko inolako aitzakiarik ez dagoela adierazi dute.

Pello Mariñelarenak azken urtean euskararen festa antolatzen lanean aritu diren 300 boluntarioen lana goraipatu du. Horiez gain, asteburu osoan 3.000 lagun inguru ariko dira iganderako dena prestatzen. Larunbatean, esaterako, ibilbidea eta gunea prestatzen 500 pertsona jardungo dira; igandean, berriz, 2.000 lagun baino gehiago arituko dira txosnetan edo dendetan lanean. Eta astelehenean, 500 boluntoriok dena garbitzeko ardura izango dute.

Inguruneaz gozatzeko

Ibilbideak bederatzi kilometro inguru ditu. Arbizu, Lakuntza eta Arruazu artean igaroko da. Andra Mari ikastola Etxarri Aranatzen dagoen arren, inguruan dauden herri txikiei garrantzia aitortu nahi izan diela onartu du Pello Urzelai ikastolako lehendakariordeak. Haren irudiko, ibilbidea «erraza» da, «guztien neurrikoa eta ederra». Ibilbideak paisaiaz eta naturaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen duela dio.

Ibilbideak zazpi gune izango ditu. Guztiek eskainiko dute jan eta edateko aukera. Esate baterako, bigarren eta hirugarren guneen artean sagardotegia izango da. Adin guztientzat hamaika ekitaldi antolatu dituzte. Oskorrik, Akelarrek eta Anje Duhaldek kontzertua emango dute, baina beste talde batzuk ere ariko dira musika jotzen taula gainean.

Horrez gain, Nafarroa Oinezen egunean hiru erakunde omenduko dituzte, euskararen eta euskal kulturaren alde urte luzean egindako lanagatik: Baigorriko Basaize Elkartea (Nafarroa Behera), Sakanako Bierrik Fundazioa eta Euskaltzaindia.

Antolatzaileek eskatu dute Nafarroa Oinez-era garraio publikoan joateko. Autoentzako aparkalekuak eta tren zerbitzu bereziak izango dira, Gasteiztik eta Donostiatik, adibidez. Horren guztiaren informazioa www.nafarroaoinez.net webgunean dago.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia