Berria.info

Larunbata, 2013ko maiatzak 18 - 11:59

euskalherria;2009-10-14;Orain Galdakaon igo dira. Arboletara igotako bi ekintzaile atxilotu ditu Ertzaintzak, eta beste hainbat lagun identifikatu ditu

Orain Galdakaon igo dira

Arboletara igotako bi ekintzaile atxilotu ditu Ertzaintzak, eta beste hainbat lagun identifikatu ditu

Erredakzioa.

Bilbo

Arboletara igo dira, berriro ere, tren lasterraren aurka daudenak, oraingoan Galdakaon (Bizkaia). Herenegun, Bekea auzoan, Goikobasoko eremuan, bi haritzetara igo ziren bi ekintzaile. Atzo arratsaldean, 15:30 aldera, Ertzaintzaren eskaladako talde bat joan zen hara. Haritzetara igota zeuden bi ekintzaileak jaitsiarazi eta atxilotu egin zituzten; desobedientzia eta desordena publikoak egotziko dizkiela azaldu du Ertzaintzak. Beste hainbat lagun identifikatu egin zituzten ertzainek. 19:00etarako aske utzi zituzten bi ekintzaileak, eta ez zuten, artean, akusaziorik jaso. Igandean, 13:00etan, manifestazioa egingo dute Galdakaon, udaletxe aurretik irtenda.

Protestarako aukeratutako haritzak Basauritik Zornotzara arteko AHT abiadura handiko trenaren ibilbidean «zutik dirauten azken zuhaitzak» direla azaldu dute ekintzaileek. «Triskantza basatiari eta zuhaitzen mozketari» aurre egitera eta gisako ekintzekin jarraitzera deitu dute ekintzaileek eta haiei sostengua adieraztera hurbildutakoek. Proposatu dute zuhaitz landaketak, elkarretaratze zaratatsuak eta gisako protestak egitea. Itsasondon (Gipuzkoa) irailaren 28an igo ziren hiru pagotara, eta, harrezkero, zabaldu egin da protesta moldea: Bilbon, Durangon eta Portugaleten elkartasun ekintzak egin zituzten. Aurreko astean, berriz, Gernikako Arbolara igo zen ekintzaile bat.

Iaz Ordiziako (Gipuzkoa) udaletxean protesta egin zuten AHTaren sei aurkari ere epaitu zituzten, atzo, Tolosan. Bi lagun udaletxeko balkoian kateatu ziren, Ordiziako Udalak AHTaren alde duen jarrera gaitzesteko. Ertzaintzak bi ekintzaileak eta beste lau lagun identifikatu zituen. Fiskalak 30 eguneko zigorra eskatu du haientzat, egunero 6 euro ordaintzeko. Ertzainak iraintzea egotzita, haietako biri isuna beste 30 egunez luzatzeko eskatu du fiskalak. Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak salatu du «protestarako eskubideen zapalketa» dakartela horrelako epaiketek.

Manifestazioa Baionan

AHTarentzako bide berria egitearen aurka, eta lehengo burdinbidea berritzearen alde, manifestazioa egingo da datorren larunbatean Baionan -Lauga kiroldegitik abiatuko da, 17:00etan-. Lapurdiko hainbat hautetsik egin zuten manifestaziorako deia, eta CADEk babestu zuen. Berdeak eta NPA alderdiek eta Bizi! mugimenduak sostengatu dute orain. Webgunearen bidez, bestalde, 7.240 lagunek agertu diote atxikimendua protestari.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia