2009-10-10
Egiteke duenagatiko saria
Bakearen Nobel saria merezi ez duen arren bere asmoentzako akuilu gisa interpretatzen duela adierazi du Obamak
Armagabetze nuklearra sustatzeagatik eta ahalegin diplomatikoagatik eman diote
Leire Ventas.
Barack Obama AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak «harrituta baina ohoratuta» erreakzionatu du aurtengo Bakearen Nobel sariduna dela jakitean. Lehenbizi, ez duela merezi aitortu zuen Etxe Zuriko arrosategian atzo emandako prentsaurrekoan: «Nire politikarako inspirazio izan diren pertsona ezin garrantzitsuagoek jaso dute aurretik, izan ere». Ondoren, ordea, bere asmoekin aurrera egiteko akuilu gisa interpretatu duela gehitu zuen. «XXI. mendeko erronkei aurre egiteko hauspoa da».
Hitz horiekin bateratu egin ditu izendapenak han eta hemen eragin dituen erreakzioak. Izan ere, bai Obama aukeratu izana txalotu dutenek, bai arbuiatu dutenek, batzuek zein besteek, egiteke duenagatiko saria dela argudiatu dute. Esaterako, gobernuburu estatubatuarrak azaldutako aldaketarako esperantza saritu dutela uste du Mikhail Gorbatxov Sobietar Batasuneko azken buruzagia izandakoak. Eta pozgarria iruditu zaio berria: «Orain artean giroa hobetzen lagundu du». Lech Walesa Poloniako presidente ohiak, berriz, presa handiegiarekin harturiko erabakia dela uste du; eta Gorbatxovek baliatu duen arrazoi beragatik: orain artean aldaketarako giroa baino ez duelako eragin. «Hain azkar? Azkarregi. Oraindik ez du ezer egiteko denborarik izan», adierazi zion prentsari, harridura disimulatu ezinik. Gorbatxov eta Walesa Bakearen Nobel saridunak dira.
Dena den, Nobela nori eman aukeratzen dutenek ere argi utzi dute zer den saritu dutena. Nobel Institutuak (Oslo, Norvegia) Obama armagabetze nuklearra «sustatzeagatik» eta nazioarteko diplomazia indartzeko egindako «ahalegin neurrigabeengatik» aukeratu dutela argitu du. Lorpenengatik baino gehiago, esfortzuengatik, beraz.
Eta, horregatik, atzean utzi dituzte beste 200 bat hautagai. Zerrenda luzean jasotako bat Kolonbiako senatari Piedad Cordova zen. Kolonbiako Gobernuaren eta FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarren arteko bitartekari lanetan dihardu, gerrillariek bahitutakoak aska ditzaten. Hu Jia Txinako disidentea ere tartean zegoen. Joan den otsailetik giltzapean dauka Pekinek, hiru urte eta erdirako; EB Europako Batasunak, berriz, Sakharov saria eman zion iaz giza eskubideen alde egindako lanagatik. Lidia Jusupova abokatu txetxeniarra, Sergei Kovaliov ekintzailea eta Memorial giza eskubideen aldeko Errusiako erakundea ere baziren hautagai.
Egiteke dituenak
Hautagai horiek guztiak eta beste dozenaka baztertu, eta agintean bederatzi hilabete baino ez daramatzan gobernuburuari emango dizkiote 980.000 euro. Hori da Bakearen Nobel saridunek jasotzen duten diru kopurua, urtero abenduaren 10ean Oslon (Norvegia) egiten duten ekitaldian. Egun esanguratsua da, egun horretan baina 1896an hil baitzen Alfred Nobel kimikaria. Besteren artean, dinamita asmatu zuen hark. Eta bere dirutzarekin urtero Literaturan, Medikuntzan eta Fisikan nabarmendu direnak saritzeko eskatu zuen testamentuan, baita bakearen alde lan egin duen bat ere.
Nobel Institutuaren aurtengo erabakiarekin bat etorri dira asko, eta zoriondu egin dute presidente estatubatuarra. Horien artean, gobernuburu ugari: Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea, Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroa, Benjamin Netanyahu Israelgoa, Morgan Tsvangirai Zimbabwekoa eta beste hainbat.
Bide beretik, Ban Ki-moonek «bihotz bihotzez» zoriondu du Obama. «Espiritu berria ekarri du». Eta Institutuaren erabakia errespetatzeko eskatu du NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak. Eta ados agertu dira aurreko urteetan saritu dituzten beste hainbat ere. Gorbatxovek ez ezik, Mohamed el Baradeik eta Nelson Mandela Fundazioak ere txalotu egin dute aukeraketa.
Badago, ordea, izendapena gogor kritikatu duenik ere. Mairead Maguire, esaterako. Hark Betty Williamesekin batera jaso zuen Bakearen Nobela, 1976an. Irlanda iparraldeko bakearen alde egindakoengatik irabazi zuten saria belfastarrek. Maguire «triste» agertu da: «Obamak oraindik ez du frogatu Ekialde Hurbilean ezer aldarazi duenik, ezta Afganistanen gerra amaituko duenik ere». Era berean, Nobel Institutuak ez dituela Alfred Nobelek ezarritako baldintzak bete dio: «Alfred Nobelek gerra amaitu dutenak saritu nahi zituen, ez armagabetzea sustatu dutenak».
Gisa horretako argudioak bururatu zitzaizkion dozenaka laguni aurtengo Bakearen Nobel sariduna nor den jakindakoan. «Obama?», galdetu zioten beren buruari lehenbizi eta ondokoei ondoren. «Zer egin du, ba, merezi izateko?». Izan ere, urtarrilean presidentetzari heldu zionetik hainbat keinu eta promesa egin baditu ere, betetzeko ditu guztiak. Batetik, 2011rako Afganistandik tropak erretiratuko zituela ziurtatu zuen. Baina egun herrialdeko indarkeriak gora egin duela eta, horri aurre egiteko zein estrategia abiatu ari da aztertzen; kupula militarrak soldadu gehiago bidaltzeko eskatu dio, eta berak ez du erantzun ofizialik eman.
Era berean, ez dirudi agindu zuen moduan urtarrilerako Guantanamo ixtea lortuko duenik. Ekialde Hurbileko bakearen alde egin dituen ahaleginek ere ez dute, momentuz, fruiturik eman. Bestalde, apirilean arma nuklearrak desagertzeko lan egingo zuela esan zuen Pragan (Txekia). Eta Iranek eta Ipar Koreak oraindik ez badute hark egindako gonbita onartu, gai horri dagokionez egin ditu, akaso, urrats handienak. Iranek programa nuklearra bertan behera utz dezan, Errusia bere alde jartzea lortu du, izan ere.
Obamak akuilu gisa hartu du saria. Baina adituek bi ahoko ezpata dela diote; estatubatuarrarentzat kaltegarria izan daitekeela, alegia. Izan ere, politikari batek egin ditzake akatsak, baina Bakearen Nobel saridunak, ez.
Datua
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
