euskalherria;2009-10-06;Hegoaldeko etxeen %55ek Interneterako sarbidea dute. Europako batez bestekoaren azpitik daude Hego Euskal Herriko konexioak, eta herrialde garatuenetatik oso urrun Bidaiak dira Internetez gehien erosten diren zerbitzuak, elektronika gailuen aurretik
Hegoaldeko etxeen %55ek Interneterako sarbidea dute
Europako batez bestekoaren azpitik daude Hego Euskal Herriko konexioak, eta herrialde garatuenetatik oso urrun
Bidaiak dira Internetez gehien erosten diren zerbitzuak, elektronika gailuen aurretik
Jon Rejado.
Gasteiz
Informazioaren gizartean bete-betean sartu da gure gizartea. Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) presentzia gero eta handiagoa da, eta Europako herrialde garatuenak jomuga bihurtu dira Hego Euskal Herriko administrazioentzat. Ordea, hainbat alorretan bide luzea gelditzen da helburu horietara heltzeko. Hala, Hego Euskal Herriko familien %55 inguruk Interneterako sarbidea dute etxean, 332.000 familia inguruk. Europako Batasuneko batez bestekoaren azpitik dago datu hori (%60), eta Herbehereak (%86), Suedia (%84) edo Danimarkatik (%82) urrun.
IKTen artean, zalantzarik gabe, sakelako telefonoak du presentzia handiena. Hamabost urte baino gehiago dituzten hamar pertsonatik bederatzik eskuko telefonoa bat dute, gutxienez, eta datuak bertsuak dira Hego Euskal Herriko lau probintzietan. Ordenagailuei dagokienez, hamar etxetik seitan bat dago. Nafarroa da, batez beste, ordenagailu gehien duen probintzia. Etxeen %67tan ordenagailu bat dago gutxienez, Gipuzkoaren (%62), Bizkaiaren (%59) eta Arabaren aurretik (%56).
Azken urteetan bilakaera handia egon den arren IKTen alorrean -batez ere Interneterako konexioen alorrean-, herrialde garatuenen mailara heltzeko helburua urrun dago. Hori izan zen Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Agenda Digitalaren bitartez 2010. urterako ezarri zuen erronka. Plan horren behin-behineko azterketa egingo du aurten Jaurlaritzak, baina oraindik badago zer landu gizarte alorrean.
Xabier Sabalza Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak IKTen garrantzia nabarmendu du, eta etorkizunerako tresna garrantzitsuenetako bat direla gogoratu. «Euskadi munduko ekonomia indartsuenen artean mantentzeko ekonomia globalaren garapenera egokitu, eta IKTen bidez Informazioaren Gizartera igaro behar dugu, alor ekonomikoaz gain gizarte justizia egiteko tresna da eta». Ordea, Europako herrialdeekin alderatuz gero erdialdean dago kokatuta, bai azpiegiturari dagokionez baita azpiegitura horren erabileran ere.
Erabilera, beharren arabera
Teknologia berrietara gerturatzerakoan gizartearen irizpidea argia da, Sabalzaren ustez. IKTen erabilgarritasuna ikusi ahala gerturatzen da jendea, eta edukiek ematen diete zentzua teknologia berriei. Zerbitzuak eta asialdia dira ikusmin handiena pizten dituzten gaiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hala, gehien ikusten diren webguneen artean hedabideak, instituzioen webguneak eta aurrezki kutxa zein bankuenak daude.
Bidaiak eta oporretarako ostatuak dira Hego Euskal Herriko biztanleek Internet erabiliz gehien erosten dituzten zerbitzuak. 2009ko lehen hiruhilekoan 71.000 pertsonak zerbitzu horiek erosi zituzten Internet bidez. Elektronika tresnak, kirola egiteko materiala eta ikuskizunetarako sarrerak dira gehien erosten dituztenak salgaiak. Erosketen alorrean oraindik zer hobetua badagoela uste du Sabalzak. Erosketak modu egokian eginez gero segurtasuna egokia den arren, erabiltzaile asko mesfidati dira.
Sabalzaren ustez, Interneten edo IKTen erabilera sustatzeko inguruko enpresek lan egitea «ezinbestekoa» da. Gertuko enpresek eta dendek Interneten zerbitzu ona eskaintzen dutenean, sarean dagoena gertutasuna islatzen duenean, errazagoa izango da erabilera sustatzea.
Interneterako sarbidea familietan 2008an (%)
(Parentesi artean banda zabala: ADSL, kablea...)
Herbehereak,. 86 (74)
Suedia. 84 (71)
Danimarka . 82 (74)
Luxenburgo. 80 (61)
Alemania. 75 (55)
Finlandia. 72 (66)
Erresuma Batuak. 71 (62)
Irlanda. 63 (43)
Frantzia. 62 (57)
EB 27. 60 (49)
Eslovenia. 59 (50)
Eslovakia. 58 (35)
Hego Euskal Herria. 55 (44)
Letonia. 53 (40)
Espainia. 51 (45)
Italia. 47 (31)
Portugal. 46 (39)
Zipre. 43 (33)
Grezia. 31 (22)
Errumania. 30 (13)
Bulgaria. 25 (21)
Iturria: Eustat, INE eta Eurostat
315.000
KZguneen erabiltzaileak: Izena ematen duten 315.000 erabiltzaile baino gehiago dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako KZguneek. Guztira 276 KZgune daude EAEko udalerrietan banatuta, eta bertan 120.000 euskal herritar inguruk lehen harremana izan dute Internetekin. KZgunearen datuen arabera, gehienak emakumeak, langabeak eta adineko pertsonak izan ziren.
Interneterako sarbidea Hegoaldeko familietan (%) (2004-2008)
2004 2005 2006 2007 2008
Araba. 38. 41,5. 43,7. 52,1. 54,3
Bizkaia. 37,9. 41,1. 46,6. 50,5. 55,6
Gipuzkoa. 39,2. 41,9. 44,9. 50,4. 57,1
Nafarroa. 39,6. 40,2. 42,1. 49. 55,8
Software libreak «lehentasuna» izango du, Zelaaren esanetan
Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek izango dituzten ordenagailuetan software libreak «lehentasuna» izango du, Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako sailburuak Eusko Legebiltzarrean jakinarazi zuenez. Bestetik, B eta D ereduetan erabiliko diren ordenagailuek euskaraz dagoen softwarea izango dute, eta A eredukoek, gaztelaniazkoa.
Informazio eta Komunikazio Teknologiak sustatzeko hausnarketa egiteko eskatzen diote adituek Administrazioari.
Azala saltzeaz gain, mamia ere behar da
J.R.
Gasteiz
Azalak ez du askorako balio mamirik gabe. Hardwareak ezer gutxirako balio du software egokirik gabe. Egitasmo batek helburu argia izan behar du, baita helburu hori lortzeko jarraitu beharreko bideak argi izan ere. Informazio eta Komunikazio Teknologiak egoki garatzeko, funtsezkoa da hori, eta, gai hori ondo ezagutzen duten hainbat pertsonaren arabera, ez da horrela gertatzen egun. Ez dute uste Administrazioan hausnarketa sakona egin denik gaiari nola heldu behar zaion zehazteko, titulu deigarriak eskaini arren.
Udan eta ikasturte hasieran gertatutakoa horren adibidea izan daiteke. Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen 20.000 ordenagailu erosiko zituela Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleentzat. Espainiako Gobernutik sortutako ekimenaren hutsuneak nabarmendu ditu Marko Txopiteak, software librearekin lotura estua duen aholkulari informatikoak eta Ikusimakusi.net blogaren egileak. «Zer egiteko erabiliko dira ordenagailu horiek? Internetera konektatzeko? Hori hezigarria al da? Zer eduki izango ditu?».
Iritzi berekoa da Haritz Rodriguez Euskaltube.com guneko arduraduna eta IKTen arloko kazetaria. «IKTak helburuak betetzeko bitartekoak baino ez dira; edukiak sortu behar dira». Horregatik hezkuntza metodoa egokitu, ikasleak hezteko behar diren edukiak sortu eta «plangintza orokor zehatz, landua eta sakona» abiarazi behar dela uste du, hezkuntza sistemaren benetako iraultza ekarriko duena. Erabakiak hartzean hausnarketa falta izan dela uste du.
Euskal Herrian IKTak hezkuntzan landu dituzten proiektuak daude dagoeneko, Ikastolen Elkartearen Ikasys egitasmoa kasu. Adibide horiek gertu egonda horiek aintzat hartu ez izana kritikatu diote Administrazioari Txopiteak zein Rodriguezek. Ordiziako Jakintza ikastolak duela hainbat urte uztartu ditu IKTak eta hezkuntza, eta egindako lana sarien zein ikasleekin lortutako emaitzen bitartez saritua izan da.
Maite Goñi Euskal IKTen baliagarritasuna nabarmendu du, «ikaskuntza-irakaskuntza prozesua ulertzeko modu berri bat» dakarrelako: elkarlana eta partaidetza sustatzen laguntzen dute, ezagutza denen artean eraikitzeko aukera ematen dute, irakaskuntzaren ohiko hierarkiaren apurketa ahalbidetzen dute...
Gizartearen ezagutza
Hezkuntzaren adibidea gizarte mailara hedatuz gero IKTek lagungarriak izaten jarraitzen dutela argi dago. Dena den, gizarteari buruz hitz egitea orokorregia dela uste du Goñik. «Ikusi egin behar da IKTek zertan lagunduko duten esparru bakoitzean, zertan erraztuko diguten bizitza, eta horren baitan eskaini beharko da prestaketa». Gizartea Informazio eta Komunikazio Teknologietan hezteko gakoa pertsonen ikasteko nahia dela gaineratu du. Administrazioarekin izapideak etxetik egiteko aukera ikustean, adibidez, jendea ikasten ahaleginduko da, eta ikasketa hori «arrakastatsuagoa» izango da.
IKTen ezagutza poliki-poliki gora doa gizartean, Haritz Rodriguezen ustez. Oinarrizko baliabideak geroz eta ezagunagoak dira, salbuespenak salbuespen. Teknologia horiek maiz modu autodidaktikoan ikasten direla nabarmendu du, eta gizartea hezkuntzaren sistemaren aurretik doan arren oraindik ere asko duela ikasteko. Hezkuntza sistemak hartu beharko luke, haren ustez, hori zuzentzeko ekimena, baina mementoz hori ez dela gertatzen gaineratu du.
Helduei IKTen irakaskuntza gerturatzeko Eusko Jaurlaritzak duen tresna nagusia KZguneak dira. «Oso ekimen positibotzat» jotzen ditu Txopiteak hezkuntza gune horiek, ez baitute soilik Internetera konektatzeko aukera ematen. Han ematen diren ikastaroek haustura digitala apurtzeko lagungarriak dira hainbatetan. Dena den, erabiltzaile gehiago izan beharko lituzkeela uste du. «Aukera eskaintzen da, baina zerbait egin beharko litzateke jendea teknologia berrietara gerturatzeko».
KZguneak egiten ari diren lana aitortu du Gorka Julio informatika ingeniari teknikoak eta Teketen.com blogaren egileak ere. Dena den, prestakuntzari beste ikuspuntu bat gehitu dio. Hala, ahalegin gehienak IKTen erabilerara bideratzen diren arren, erabilera horrek dituen ondorioak ahazten dira. «Jakin behar dugu zertan ari garen mugitzen; gaur egun gutxi lantzen da, eta, egiten denean, beldurraren ikuspuntutik egiten da, pedagogiaren kontrako irizpide batetik, nire ustez». Administrazioari alor horiek zaintzeko eskatu dio, pribatutasuna mantendu ahal izateko, baina «beldur mezua» zabaldu gabe.
Euskara eta edukiak
«Hizkuntza gutxituen artean ez dira gutxi Internet mehatxutzat jotzen dutenak, baina nik aurkakoa pentsatzen dut», nabarmendu du Maite Goñik. Iritzi bera dute gainontzeko elkarrizketatuek, eta erronka horri heltzeko hainbat bide markatu dituzte. Haritz Rodriguezek hiru zutabetan laburbildu du euskara sustatzeko egin beharreko lana: «programen menuak, edukiak eta erabiltzaileak». Lan horretan instituzioen laguntza beharrezkoa litzatekeela uste du, euskararen normalizazioa lortzea badute helburu.
Edukiak eta programak euskaratuta egotea lotuta daudela uste du Gorka Juliok, programan euskaratzeari askotan garrantzia kendu izan zaion arren. «Euskalduna bazara eta euskaraz dagoen programa bat baduzu, euskaraz pentsatuko duzu eta euskarazko edukiak bilatu eta sortuko dituzu».
Programak euskaraz egoteko bidea zein den argi du Gorka Juliok. «Softwarea, baldin eta euskaraz izango bada, librea izango da». Enpresa handientzat ez da errentagarria euskarazko programak egitea. Argi dute, Jaurlaritzak Windows XP euskaratzeko dirutza eman arren; hurrengo bertsioa ateratzen denean ez da euskaratuta egongo. Ordea, hori ez da gertatzen software librearekin. «Jaurlaritzak OpenOffice euskaratzen badu, eta euskaratuta mantentzen badu, benetako inbertsioa da hori», nabarmendu du Marko Txopiteak.