Zubietako gainetara, errauste planta eraiki nahi duten inguruetara, lanak abiatzeko hasi dituzten zundaketak salatzeko ibilaldia egin dute inguruko herrietako bizilagunek. Errausketaren aurka, haritzak landatu dituzte.
Tximinien ordez, zuhaixka berriak
Ainhoa Sarasola.
ZubietaKimuak bizi berriaren ikur dira edonon. «Txikitu» nahi duten inguru batean, are gehiago. Zubietako gainetan (Gipuzkoa) eraiki nahi duten errauste planta egiteko zundaketa lanak, zuhaitz mozketak eta bideen zabaltzeak hasi dituztela eta, «txikizioa» hasi besterik ez dela egin uste dute inguruko udalerrietako hainbat herritarrek. Eta zundaketak egiten ari diren tokietan haritz zuhaixkak landatuz aldarrikatu dute errauste plantarik ez dutela nahi, ez inguru horietan, ez beste inon.
Ibilaldia egin zuten atzo Zubietako gainetara 40 bat bizilagunek. Baziren Zubietatik bertatik iritsitakoak, Usurbildik, Lasarte-Oriatik, Añorgatik, Donostiatik... Maldan gora abiatu, eta berehala egin zuten topo lanen lehen arrastoekin. Lehen zuhaixkak landatu zituzten hor bizilagunek. Gauza bera egin zuten apur bat gorago ere, Letabide inguruan, zundaketak egiteko makina bat topatu zuten. Han ere egin zuten aldarria aitzurra eskutan batek, landatu berri zuten zuhaixkari konposta botaz besteren batek, Erraustegirik ez! zioen pankartari eutsiz beste batzuk. Hirugarren geldiunean, makinen alboan zeuden bi zinpeko zaindarien begiradapean zabaldu zuten pankarta, eta beste bizilagun batzuek haritz gehiago landatu zituzten bitartean.
Beherako bidean, lanak hasita bai baina oraindik dena ez dagoela erabakita zioen Lasarte-Oriako bizilagun batek. Jabier Meltxorren ustez, «lotsagarria da halako azpiegitura erraldoiak inposatzea inguruko bizilagunak aintzat hartu gabe». Errauste planta egiteko asmoaren inguruan iritzi zion herritarrek asko dutela egiteko nahiz agintariek inolako eztabaidarik gabe aurrera jarraitu nahi duten. Errausketaz aparte beste aukerarik badagoela sinetsita dago, gainera. Baita Aitziber Urruzola ere. Orain hilabete hasi zen Usurbilen bizitzen, eta atez ateko zabor bilketa sistema ezagutu du. «Garbi utzi nahi dut oso sistema erraza dela, eta erosoa; ez dago aitzakiarik ez egiteko». Sistema bera ezarri nahi duten udalerrietako bizilagunak parte hartzera animatu ditu, «oso ona delako osasunarentzat eta lurrarentzat, eta ez da batere kostatzen».
Beste aukerarik badagoelako
Alternatiba horretan sinesten du Unai Agirre zubietarrak ere, «zaborra maila ikaragarrian murrizteko eraginkorra» dela frogatu delako, haren esanetan. Ordea, halakoak martxan jarri nahi dituztenei «zailtasunak eta trabak» besterik ez dizkietela ezartzen salatu du. Eta, gainera, Eusko Jaurlaritzak ez duela hitz egin nahi ere hondakinen bilketa sistema alternatiboen alde 30.000 herritarrek emandako sinadurez. «Halakoekin ez dute inolako presarik; presa daukate errauste plantarekin».
Hori ikusita, mobilizazioekin jarraitzeko beharra ikusten du Agirrek aurrera begira ere. «Bizilagunak garen aldetik, ez gaude prest hau onartzeko».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
