Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 17:23

euskalherria;2009-09-29;Balioak helarazteko plan integrala eskatu du Lamarcak. ÔAdingabekoei balioak transmititzeaÕ txostenean, EAEko 8 eta 16 urte arteko gazteak aztertu ditu Arartekoak

Balioak helarazteko plan integrala eskatu du Lamarcak

'Adingabekoei balioak transmititzea' txostenean, EAEko 8 eta 16 urte arteko gazteak aztertu ditu Arartekoak

Edurne Begiristain.

Gasteiz

Giza eskubideetan eta bizikidetza baketsuan oinarritutako balioak transmititzeko, EAEko Arartekoak uste du ezinbestekoa dela eragile guztiek parte hartuko duten plan integrala. Erakundearen iritziz, «kezkagarria» da adingabeen heziketaren ardura osoa eskolaren esku uztea, eginkizun hori gizarte eta erakunde guztiena baita; hala, Arartekoak dio garrantzi handikoa dela familiak, lagunek, teknologia berriek eta hedabideek arlo horretan duten egitekoa. Horixe da Adingabekoei balioak transmititzea izenburupean erakundeak kaleratu berri duen txostenaren ondorioetako bat. Deustu Fundazioak gidaturik egin da lana, eta haren berri eman zuen atzo Iñigo Lamarca arartekoak, Eusko Legebiltzarrean.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 8 eta 16 urte bitarteko 1.829 neska-mutilekin egindako azterketaren emaitza jaso du Arartekoak txosten horretan. EAEko adingabeek oinarrizko balio batzuk zenbateraino bereganatzen dituzten aztertu dute lan horretan, eta gizarte eragileek zer eragin duten balio horiek transmititu eta eraikitzeko orduan. Uste denaz bestera, eskolaren eragina «mugatua» da balioen transmisioan, eta familia da bide nagusia gazteak hezteko. Haatik, azterketaren bidez, egiaztatu da guraso askok ez dutela beren erantzukizuna betetzen seme-alabak balioen errespetuan hezteko orduan. Hori dela eta, Arartekoak gurasoen «inplikazio handiagoa» eskatu du arlo horretan.

Arartekoaren txostenean, horretaz gain, azaldu dute adingabeek desegoki erabiltzen dituztela teknologia berriak, kontsumoaren menpekoak direla eta mugagabeko garrantzia ematen dietela balio materialistei. Gainera, ondorioztatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako neska-mutilen funtsezko balio asko ez direla finkatzen adinean aurrera egin ahala. Besteak beste, txostenean agerian utzi dute gazteak gero eta nagusiago izan, orduan eta liburu gutxiago irakurtzen dituztela.

Tolerantzia maila

Adingabeek besteri dioten errespetu eta tolerantzia ere aztertu du Arartekoak txostenean. Eta kezkatzeko ondorio batera iritsi da: «tolerantzia faltaren» zantzu garrantzitsuak dituztela nerabeek, hala nola sexismoa, arrazakeria, xenofobia eta homofobia. Sexuen artean, neskak «toleranteagoak» dira mutilak baino, azterketan ondorioztatu dutenez.

Eskubideen errespetuari dagokionez, Arartekoak dio zigor fisikoaren erabilera uste baino zabalduago dagoela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako adingabeen artean; esaterako, 9 urteko umeen artean %9k ohikotzat jotzen dute portaerak zuzentzeko belarrondoak ematea. Adinean igo ahala gurasoak praktika hori baztertuz doazela diote txostenean.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia