Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 17:23

euskalherria;2009-09-26;Kale salmenta kartzelaz ez zigortzeko gomendatu du Bizkaiko Auzitegiak. Gomendioa kontuan hartzeko eskatu die Mbolo Moye Doole elkarteak poliziei eta gainerako auzitegiei

Kale salmenta kartzelaz ez zigortzeko gomendatu du Bizkaiko Auzitegiak

Gomendioa kontuan hartzeko eskatu die Mbolo Moye Doole elkarteak poliziei eta gainerako auzitegiei

Erredakzioa.

Bilbo

Kalean CDak saltzea ez da kartzelarekin zigortzeko moduko delitua, Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren arabera. Delitu berari buruz sail bakoitzak erabaki ezberdinak hartzen zituela eta, irizpidea bateratzea erabaki dute epaileek. Kaleko salmentekin jabetza intelektualaren edo industrialaren aurkako delitua egitea «jokabide atipikotzat» jo du Epaileen Batzordeak. Horregatik, erabaki du bide administratibo edo zibiletik zigortu behar direla delitu horiek, eta ez zigor zuzenbidearen bidetik. Hala ere, epaileek adierazi dute delitu bakoitzak azterketa jakin bat behar duela erabaki ahal izateko.

Epaileen Batzordea joan den uztailaren 30ean bildu zen, zenbait irizpide bateratzeko asmoz. Baina erabakien berri SOS Arrazakeriak eman du. Atzo zabaldu zuen oharra, «beste auzitegiek eredu hori jarrai dezaten», erabakia ezagutzea egokitzat jo baitu SOS Arrazakeriak. Etorkinen eskubideen aldeko Mbolo Moye Doole elkarteak ere kezka bera agertu du, Patxi de la Fuente elkarteko kideak dioenez. Erabakia beste auzitegietara zabaltzeko lanean ari direla azaldu du.

Poliziak ere -udaltzainek eta ertzainek- erabakiaren berri izatea garrantzitsua dela ohartarazi du Mbolo Moye Doole elkarteko kideak. Kalean CDak saltzen aritzen diren etorkinak atxilotu egiten dituzte poliziek, De la Fuenteren esanetan: «Atxilotuta edukitzen dituzte 24 orduz, dirua kentzen diete, baita CDak ere. Gero epailearen aurrera eraman, eta aske gelditzen badira... ez du zentzurik jendea horrela erabiltzeak». Erabakia «oso berri ona» dela nabarmendu du De la Fuentek, baina oroitarazi du Bizkaian baino ez duela eragina. Bestalde, kartzelan egondako etorkinek ezin dute beren egoera normalizatu. «Ixten zaizkie aukerak lan normalizatua eta paperak lortzeko», azaldu du De la Fuentek.

Mbenge, hiru hilabetez preso

Basauriko espetxean (Bizkaia) bada kalean CDak saltzeagatik preso dagoen gizon bat: Aladji Mbenge. Sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta hiru bete ditu dagoeneko. De la Fuentek nabarmendu du zentzugabea dela Mbengeren egoera. Orain bi hilabete, epaileari helegitea aurkeztu zion Mbolo Moye Doole elkarteak, baina epaileak ez du oraindik erantzunik eman. Uztailaren 27an, Epaileen Batzordeak irizpidea bateratu baino hiru egun lehenago, elkarretaratzea egin zuten Mbolo Moye Doolek eta SOS Arrazakeriak Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren aurrean.

 

Diputazioak Debako adingabeentzako harrera etxearen funtzioa defendatu du



Gipuzkoako Diputazioaren esku dago Debako adingabeen harrera etxea, eta horren funtzionamenduaren inguruan Arartekoak eginiko kritika dela eta, Diputazioak zentroaren «bideragarritasuna eta interesa» defendatu ditu. «Errespetatzen dugu, baina ez dugu partekatzen», azaldu du Diputazioko Gizarte Politika Sailak. Beraz, Arartekoaren txostenaren aurkako alegazioak jarriko dituztela iragarri dute.

Txostenean jaso dute Debako zentroan ez dituztela prestakuntza, hezkuntza eta terapia oinarri dituzten jarduerak antolatzen. Horrez gain, adingabeentzako erreferentziazko hezitzaileak falta direla ere zehaztu dute. Horren harira, PSE-EEk, EBk eta Aralarrek arartekoaren eta Gizarte Politikako sailburuaren agerraldia eskatu dute, zentroaren kudeaketaz informa dezaten.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia