Berria.info

Osteguna, 2010ko martxoak 18 -

2009-09-24

AAMren ustez, zigorra berretsiko du Gorenak, «errepresioa zilegi izateko»

AABren eta Askatasunaren kontrako epaia berrikusi du Gorenak. Zigorrak berrestea eskatu du fiskalak, eta absoluzioa defentsak

Aurpegia ematen jarraituko dutela diote auzipetuek, «txikitu egiten badigute ere»

Oihana Elduaien.

Zigorra espero zuten, eta zigorra jaso zuten Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren (AAM) kontrako auzian epaitutako lagunek. Helegitea jarri zuten Espainiako Auzitegi Gorenean, eta atzo egin zuten Auzitegi Nazionalaren epaia berrikusteko saioa. Baina handik ere zigorra espero dute. «Haien inpunitatea eta errepresioa zilegi egiteko espetxean behar dute AAM, errepresio hori mugatzen duena delako». Epaia abiatu zen unetik salatu dute «inpunitate» bila dabilela Espainiako Estatua, eta AAMren kontra egin badute, hark errepresioa salatzen duelako eta euskal presoei babesa ematen dielako dela. Eta halaxe berretsi zuten atzo.

Izan ere, defentsaren arabera, frogarik gabe zigortu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak AAMko 21 lagunak. Amnistiaren Aldeko Batzordeak (AAB) eta Askatasuna «talde terroristak» direla esateko frogarik ez dagoela diote, are gutxiago zigortutako pertsonetako bakoitzaren ekintzak ETAren mesedetan egin zirela esateko. Hargatik, zigortutakoen absoluzioa eskatu zuten atzo Gorenean Ainhoa Baglieto, Amaia Izko eta Arantza Zulueta abokatuek. Bestelakoa da Goreneko Fiskaltzaren iritzia, eta Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak jarritako zigorrak berresteko eskatu du. Gorenak ez du erabaki hori hartzeko epemugarik, baina fiskalaren eskaera beteko duela uste dute auzipetuek: «Auzitegi Nazionalaren eta Poliziaren lan zikina garbira pasatuko du Gorenak», esan zuten Julen Larrinagak eta Aratz Estonbak, atzo, Donostian.

Auzitegi Nazionalak 8 urteko zigorra jarri zien arren, baldintzapean libre daude Larrinaga eta Estonba, zigorraren erdia beteta daukatelako. Egoera berean daude auzi horretako beste zortzi lagun ere, eta Gorenak epaia berresten badu, espetxera eramango dituzte guztiak.

AABren eta Askatasunaren eginbideak ezin daitezkeela delitu kontsideratu eta bi talde haiek ezin daitezkeela «talde terroristatzat» hartu argudiatu zuen defentsak atzo Gorenean. «Epaiak argi uzten du AABk eta Askatasunak ez dutela inolako harreman zuzenik ez ETArekin ezta bere ingurunea deiturikoarekin ere». Epaiaren arabera, hasieran ASKri zegokion AAB eta beste hainbat elkarte KASen norabidean jartzea, eta, gero, 1995etik aurrera, KASeko eta Ekineko militanteak «infiltratzen» ziren AAB zein beste taldeetan, KASek zehaztutakoa aurrera eraman zezan. Beraz, epaia irakurrita, AABek berek «erakunde terroristarekin» ez zutela hartu-eman zuzenik ulertzen du defentsak. Gainera, AABk eta Askatasunak egiten zituzten ekintzak «politikoak eta legezkoak» zirela ere jasotzen da epaian, defentsak dioenez.

Beraz, banakakoek delituak egin zituztela frogatu behar da defentsaren arabera, haiek zigortzeko. Horrelakorik ere ez dela gertatu argudiatu dute, ordea, «norbanakoen eginkizunak ETAren onuratzat egiten zituztenik ez da frogatu». Zigorrak neurriz kanpokoak direla dio defentsak, eta guztiak aske uzteko eskatu du.

Kontrako iritzia erakutsi du Fiskaltzak. Zigorrak berresteko eskatu du, haiek neurrikoak direla iritzita. Gainera, AABk eta Askatasunak «modu independentean» funtzionatzen dutela onartu arren, «ETAk izendatutako pertsonek zuzentzen» zituztela dio. «Erakunde bereiziak izan daitezke, baina ETArengandik dependienteak dira», argudiatu du.

Auzipetu bat bakarraren zigorra berraztertzearen alde agertu da Fiskaltza: Aitor Jugorena. Izan ere, Jugo behin bakarrik aipatzen da epaian. «Arduradun nazionala» dela esaten da, besterik gabe.

«Salbuespen egoera errotu»

Gorenak ez du erabakiaren berri emateko eperik. Auzipetuek zigorra espero dute, baina zigorrak zigor, lanean jarraituko dutela ohartarazi dute, bai haiek eta bai AAMk ere. Izan ere, errepresioaren bukaera «marko demokratiko bat osatzea» dela diote, «amnistian oinarrituta». Espainiak 18/98 auziarekin «aro errepresibo berria» abiatu zuela uste du AAMk, eta orain «salbuespen egoera errotu» egin dela. Legez kanporatzeak ez ezik, manifestazioen debekuak, jipoiak, komunikabideen itxierak, desagertzeak, bahiketak eta abar areagotu direla salatu dute, eta hori guztia salatu behar dela uste dute. «Aurpegia ematen jarraituko dugu txikitu egiten badigute ere».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia