2009-09-20
Espainiako Auzitegi Gorenak asteazkenean berraztertuko du AAMren kontrako epaia
Zigortutako 21 lagunak ETAren aginduz aritzen zirela frogatu gabe dagoela argudiatuko du defentsak, besteak beste
Oihana Elduaien.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduan aritzeagatik Espainiako Auzitegi Nazionalak 21 laguni jarritako espetxe zigorra berraztertuko du asteazkenean Espainiako Auzitegi Gorenak. Amnistiaren Aldeko Batzordeak (AAB) eta Askatasuna «erakunde terroristak» direla ebatzi zuen Auzitegi Nazionalak, eta haietan aritzeagatik espetxe zigorra jarri zien 21 laguni -haietako hamabi espetxeratu zituzten-. Epaiarekin ados ez, eta helegitea jarri zuen defentsak.
Helegite idatzian emandako argudioak defendatuko dituzte asteazkenean, Gorenean. Bi talde horiek ez direla «terroristak» baizik eta politikoak direla defendatuko dute, Auzitegi Nazionaleko epaiketan egin zuten bezala. Nolanahi ere, eta Gorenak arrazoi horrekin bat egin ez eta bi talde horiek «terroristatzat» jotzen baditu ere, zigortutako 21 lagunetako bakoitzak leporatutako ekintzak egiten dituztela esateko eta jarduera horiek ETAren aginduz egin zirela esateko frogarik ez dagoela argudiatuko dute. Eta, beraz, ez dagoela haiek zigortzeko inolako arrazoirik.
Epaia baliogabetzeko asmoz, instrukzioan oinarrizko eskubideak urratu zirela azalduko du defentsak. Hala nola polizia operazioak egin zituzteneko miaketak «delitu zantzurik gabe» egin zirela salatuko dute, hori ezin dela egin gogora ekarrita. Kasu batzuetan atxilotuak ez zirela miaketetan egon ere azalduko dute. Telefonozko entzuketa batzuk epaitegien baimenik gabe egin zituztela eta inputatuak ez ezik beste lagun batzuk ere grabatu zituztela ere argudiatuko du epaimahaiaren aurrean. Epaiketan egin zuten bezala, instrukzioan parte hartutako poliziak ezin daitezkeela peritu izan alegatuko dute, gainera. Gorenaren epaiak defentsaren arrazoiei izkin egin eta Auzitegi Nazionalaren epaia berretsiko balu, espetxera joan beharko lukete orain behin-behinean libre dauden bederatzi lagunek.
18/98 auziko aurrekaria ikusita, defentsak ez du itxaropen handirik: «Juridikoki beste edozein prozeduretan onartzen ez diren barrabaskeriak onartu zituzten».
Auzitegi Nazionalak zigortutakoak
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
