2009-09-19
Nafarroa Oinez-era doazenen artean, hamarretik sei dira euskaldunak
Nafarroako ikastolen festara doazenen profila eta iritzia jakiteko azterketa soziologikoa egin zuten iaz ere
Maialen Huarte.
IruñeaNafarroa Oinez-en azterketa soziologikoak egiten hiru urte daramatza Mikel Razkin soziologoak, Nafarroako Ikastolen Elkartearen eta Euskara Kultur Elkargoaren laguntzaz. Egunean bertan, gune batean eta bestean barrena aritzen dira zenbait galdeketa egiten jendearen artean. Iazko lanaren datuak plazaratu zituzten atzo. Horien arabera, iaz Iruñean bildutakoen artean handia zen euskara zekitenen kopurua: ia %65ek bazekiten euskara, %20 ikasten ari ziren, eta %16k ez zekiten.
Hiru helburu nagusirekin egiten dituzte azterketok: batetik, Nafarroa Oinez jaira joandako jendearen gogobetetze maila neurtzen dute; bestetik, antolaketa osatzen duten alderdi guztiak aztertzen dituzte; eta, azkenik, ekitaldira joaten diren herritarren ezaugarriak zehazten dituzte.
Elkarrizketetako hemeretzi galderak bi atal nagusitan banatu dituzte: Nafarroa Oinez-era joandakoen ezaugarriak adierazten dituztenak, batetik, eta jaiaren inguruko iritzia jasotzen dituztenak, bestetik.
Datuen arabera, jaira joandakoek batez beste zazpi ordu ematen dituzte ibilbidean barrena, eta horietatik %66 10:00ak eta 12:00ak bitarte heltzen dira bertara. Parte-hartzaile gehienak emakumeak dira: %56. Adinari dagokionez, talderik ugariena 18 urtetik 25 urte bitartekoa izaten da, %29 zehazki. Horrekin lotuta, 25 urtetik beherakoak %45 izatea datu esanguratsua da. Iazko batez bestekoa 31 urtekoa da; aurreko bi urteetakoa baino jende gazteagoa da hori. «Gure hizkuntza eta Nafarroa Oinez jaia gero eta gaztetuago daude», azaldu zuen Razkinek.
Ikasketa mailari dagokionez, portzentajerik handiena unibertsitate ikasketak dituzten pertsonen multzoari dagokio: %46. Lehen Hezkuntzako, Batxilergoko, DBHko edo Lanbide Heziketako ikasleek %41eko portzentajea osatu zuten; antzera, beraz.
Bestalde, bertaratutako lau lagunetik hiru nafarrak ziren, eta lautik bakarra Euskal Herriko beste herrialde batetik etorritakoa.
Bigarren atal nagusian, jaialdiaren inguruko iritzian, alegia, %66 euskarari laguntza emateko bertaratu ziren, eta %52, berriz, aisialdi gisa hartuta. Erdiak baino gehiago (%57) adiskideekin izan ziren, eta beste asko familiarekin (%35).
Antolaketarekin eta emandako zerbitzuekin, gogobetetze maila, oro har, altua izan da: kalifikazio orokorra 10 puntutik 8koa da. Puntuaziorik baxuena 7,5ekoa da, auto eta bizikleta aparkalekuetako antolaketan; datozen urteetarako hobekuntzak iragarri dituzte. Aurtengo Nafarroa Oinez-era joateko asmoa zuten galdetuta, baiezkoa %87k eman zuten.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
