Jean Paul Bronckart - Hizkuntzalaria eta psikologoa
Hizkuntzak garapen psikologikoan duen eragina aztertzen du Jean Paul Bronckartek, eta horri buruz aritu da Gasteizen. Hezkuntza munduan itzal handia du, eta hamaika ikerketa liburu argitaratu ditu.
«Hizkuntza bat baino gehiago erakusteko muga bakarra baliabide falta da»
Iñaki Larrañaga.
GasteizHizkuntzak eta pentsamenduak harreman zuzena dute. Lehena hitza, gero pentsamendua. Ildo hori babesteko eta hizkuntzak gizakien garapen psikologikoan duen eraginaz aritzeko izan da Gasteizen Jean Paul Bronckart (Belgika, 1946). Atzo, Artium museoan eman zuen hitzaldia, eta gaur goizean Gasteizko Letren Fakultatean izango da. Gaur gaurkoz, berak jarraitzen duen ildoa neoeboluzionista nagusien itzalean dago. Hala ere, hezkuntza munduan pil-pilean dago eztabaida.
Zein lan ari zarete egiten hizkuntzak psikologiaren garapenean duen eraginaren inguruan?
Oro har, Ginebrako zentroan eta nazioarteko sare baten bidez hizkuntza jasotzeak gizakiaren garapen intelektualean duen zeregina aztertzen ari gara. Kontua da hizkuntza bakoitza modu bereizian landu behar dela. Ikerketa tekniko eta zehatza egiten ari gara gai hauen inguruan, eta hori azalduko dugu Gasteizen.
Hizkuntzaren bidez pentsamendua garatzen dela diozu. Nola?
Berez, bi teoria daude gai honen inguruan. Batetik, neoeboluzionistek -modako teoria- diote hizkuntzaren garapena mutazioen bidez gizakiaren gaitasun fisikoen aurrerapenetik datorrela, beste animalietan bezala. Hala, pentsamendua gizakiaren berezko gaitasuntzat jotzen dute. Gure ustez, hizkuntza barneratu ahala, inteligentzia garatu eta pentsamendu kontzientera igarotzen da. Gizakiak jarduera berriak egin beharraren ondorioz garatu du hizkuntza.
Alor profesionalean erabiltzen den hizkuntza aztertu duzue?
Hizkuntzak alor profesionalean, mediku eta enpresetan, nola eragiten duen aztertu dugu. Hizkuntzak alor profesionalean eta norbanakoan dituen ondorioak begiratu ditugu, ikerketa teknikoen bidez. Hitz egiteko eragatik langileek lanarekiko duten jarrera eta jakintza ikertu ditugu.
Eskoletan irakaskuntza elebiduna emateak eragin ona al du, ala hezkuntza oztopa dezake?
Hainbat adibide daude erakusten dutenak eskolan hizkuntza bat baino gehiago irakastea aberatsa bezain lagungarria dela. Garapen psikologikoa lantzeko tresna da hizkuntza, eta gero eta gehiago jakin, orduan eta hobe. Luxemburgon, esaterako, hiru hizkuntza erabiltzen dituzte eskoletan txikitatik, eta ez dute inolako arazorik. Hirueleko irakaskuntza eskaintzearen arazoak ez datoz ez hizkuntzaren aldetik ez hezkuntzaren aldetik. Hizkuntza bat baino gehiago erakusteko muga bakarra baliabide falta da, bai pertsonalak bai ekonomikoak. Horrez gain, ikasleek hizkuntza horrekiko duten harreman emozionala izan daiteke ikasketarako balazta edo motibazioa.
Espainian irakasleei zuka hitz egitea jarri dute mahai gainean politikariek, irakasleen autoritatea errespetatzeko bidean. Benetan balioko al du horrek?
Eskolak gizartearen ispilu dira. Hortaz, autoritatearen arazoa konplexua da, eta gizartearen historia, ohitura eta norbanakoaren inguruarekin du zerikusia. Hizkuntza aldaketa hori ez litzateke inola ere konponbidea izango. Arazo globala da, eta erantzun globala ematen ez bazaio, alferrik da hizkuntzaren bidez laburbideak bilatzea halako arazoei.
Teknologia berriek komunikazio ereduak aldatu dituzte. Dena bat-batean lortzeko joera dago gazteen artean. Eragina al du hezkuntza mailan?
Argi dago azken urteetan izan diren aldaketa teknologikoek ondorioak izango dituztela. Dena den, oraindik goizegi da eragin hori ikertu eta ondorio objektiboak ateratzeko. Garai batean, telebistari egozten zitzaion ikasleek arreta jartzeko zailtasunak izatea. Orain, berriz, Internet eta informatika dira, antza, ikasleen gaitasun ezaren arrazoia. Hortaz, diskurtso hori errepikatzen ari da azken urteetan, eta ezingo nuke esan eragina zenbaterainokoa den. Hala ere, sarritan ahaztu egiten dugu teknologia berrietako komunikazio molde berriek aberastasuna dakarkigutela.
Hizkuntzaren inguruko azterketen erabilpen praktikoa egin duzue Suitzako Ginebra kantoian. Nolakoak izan dira emaitzak?
Suitzan Gobernuak eskatu zigun hezkuntza programetan aldaketak egiteko. Baina, gure ikerketak teorikoak dira, eta, ikasgeletan aplikatzeko orduan, arazoak izaten ditugu. Beti zuzenketak egin behar dira, eta tirabirak sortzen dira. Hala ere, emaitzak ez dira txarrak izan, eta ikerketetarako ondorioak atera ditugu.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
