Auzitegi Nazionalak ¬ęterrorismoa goratzea¬Ľ egotzi die, euskal presoen argazkiak eskegi dituztelako" />

Berria.info

Osteguna, 2014ko apirilak 17 - 01:33

euskalherria;2009-09-17;Txori Barrote eta Marruma elkarteko arduradunen inputazioei eutsi egin diete. Auzitegi Nazionalak «terrorismoa goratzea» egotzi die, euskal presoen argazkiak eskegi dituztelako

Txori Barrote eta Marruma elkarteko arduradunen inputazioei eutsi egin diete

Auzitegi Nazionalak «terrorismoa goratzea» egotzi die, euskal presoen argazkiak eskegi dituztelako

Erredakzioa.

Euskal presoen argazkiak eskegitzeagatik, Espainiako Auzitegi Nazionalak inputatu egin ditu Donostiako Marruma tabernako administratzailea eta zerbitzarietako bat eta Txori Barrote kultur elkarteko lege ordezkaria, «terrorismoa goratzea» leporatuta. Hirurek inputatu gisa deklaratu behar izan zuten atzo Ismael Moreno eta Fernando Grande Marlaska epaileen aurrean.

Euskal presoen argazkiak kentzeari «uko» egitea leporatuta, Marruma tabernako arduradunei deklarazioa hartu zien Ismael Moreno epaileak. Fiskaltzak egindako salaketaren arabera, ekainaren 26an Ertzaintzak presoen argazkiak kentzeko agindua eman zion tabernako administratzaileari, baina hark esan zien ez zituela kenduko. Handik hilabetera, Ertzaintza berriro ere tabernara joan, eta irudiak kendu gabe zituztela egiaztatu zuen. Horregatik, Marruma aldi baterako ixteko eskatu zuen fiskalak.

Ismael Morenok«terrorismoa» goratzea eta desobedientzia delitu larria leporatu zien atzo elkarteko bi kideei, euskal presoen argazkiak ez zituztela kendu nahi izan egotzita.

Bestalde, Fernando Grande Marlaska epaileak Alex Zuluaga Txori Barrote kultur elkarteko ordezkari legala inputatu egin zuen, Dignidad y Justicia taldeak aurkeztutako salaketa onartu ondotik. Bilboko jaietan jarri ohi duten txosnan presoen argazkiak edukitzeagatik «terrorismoa goratzea» egotzi zion epaileak. Efe agentziak jakinarazi duenez, Zuluagak uko egin zion epailearen aurrean deklaratzeari. Fiskaltzaren ordezkaririk ere ez zen egon deklarazio hartzean.

Grande-Marlaskak ez zizkion badaezpadako neurririk ezarri Zuluagari, auziaren inguruan eginbide berriak egin nahi dituelako. Besteak beste, gaur deklarazioa hartuko die hainbat lekukori. Tartean, Dignidad y Justicia elkarteko presidentea den eta kereila aurkeztu duen Daniel Porterori hartuko dio deklarazioa epaileak.

Grande-Marlaskak Txori Barrote kultur elkarteko kideen inguruko datuak eta elkartearen ekintzen inguruko txostena eskatu zuen joan den astean, «ETArekin lotura» izan dezakeelakoan.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia