Ingurumen delitu bat leporatu diote Esther Larrañagari
Erandioko legez kanpoko zabortegiaren auzian inputatu gisa deklaratu beharko du Iñaki Ezkurra sailburuordeak ere
Erredakzioa.
BilboEsther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu ohiak eta Iñaki Ezkurra Ingurumen sailburuorde ohiak inputatu gisa deklaratu beharko dute Edinasa enpresak 1995. urtean kudeatu zuen Erandioko (Bizkaia) zabortegi «ilegal eta klandestinoaren» auzian. Horrela agindu du Bilboko 7. instrukzio epaitegiak, Lur Maitea elkarte ekologistaren eta Bizkaiko Ingurumen Fiskaltzaren eskariari erantzunez. Irailaren 21ean agertu beharko dute epaitegian, aurretik beste zazpi inputatuk egin bezala.
1995. urtean hasi zen egun epaitzen ari den auzia. Edinasa enpresak Erandioko lur batzuk erosi zituen, eta berdintze lanak egin zituenean, 2.500 tona lindano aurkitu zituzten, akusazioak azaldu bezala. Lindanoa zabortegira eraman zuten, eta bertan mantendu zuten 2002. urtera arte. Tarte horretan hondakin toxikoen zabortegia izan zela salatu zuen Lur Maiteak. Lindanoa Argalario mendiko biltegira eraman zen, baina zabortegiko hondakin toxikoak ez zirela garbitu salatu zuen elkarte ekologistak.
2002. urtean lur horiek ez zeudela kutsatuta egiaztatzen zuen txostena sinatu zuen Iñaki Ezkurra garai hartako Ingurumen sailburuordeak. Ordea, 2006an lur horiek oso-osorik garbitu gabe zeudela frogatu zuen Espainiako Toxikologia Institutuak; artsenikoa, kadmioa, nikela, beruna eta kromoa antzeman zituzten gaur egun Carrefour supermerkatua dagoen lurretan.
Lur Maiteak salaketa aurkeztu zuen orduan Edinasaren, Ingurumen Saileko arduradunen eta Erandioko alkatearen aurka.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
