Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 17:15

euskalherria;2009-09-08;Leihatila. Caster Semenya

Leihatila

Nerea Elias

Caster Semenya

Pasa den astean denen ahotan ibili zen Caster Semenyaren izena. Orain gutxi arte ezezaguna zen kirolari hegoafrikarra famatu bilakatu da Atletismoko Munduko Txapelketan, 800 metrotako proba irabazi eta gero. Minutu bat, 55 segundo eta 45 ehunen behar izan zituen proba egiteko, eta bost metro inguru atera zizkien berarekin lehian aritu zirenei.

Zoritxarrez, bere kirol lorpenak ez du eraman egunkarietako lehen orrietara, bere sexuaren inguruko zalantzak izan du horren errua. Bere gorpuzkerak, indarrak, ahotsak eta gorputzean lekuz kanpo dituen iletxoek bere emakumezkotasunaren inguruko susmoa sortu dute zenbaitengan. Zalantza argitzeko eta korrikalaria benetako emakumea ote den frogatzeko, Nazioarteko Atletismo Elkarteen Federakuntzak probak egin behar dizkio. Endokrino, ginekologo, psikologo eta genero adituz osaturiko taldeak neurtuko du haren emakumezkotasuna.

Mundua txuri edo beltz, gizon edo emakume, ulertzen den honetan, interesgarria da Casterren kasuak baieztapen hori ezbaian jartzeko ematen duen aukera. Izan ere, emakume edo gizon izatea elkarren aurkako eta elkarbaztertzaile gisa azaltzea errealitate konplexu bat ukatzea da. Benetako emakume edo emakume normal izateaz hitz egiten duten horiei zertaz ari diren galdetu nahiko nieke; akaso existitzen al da emakume izateko modu bakar bat? Ukaezinak diren generoaren eta sexuaren eraikuntza sozio-kulturalak alde batera utzita ere, eta behingoz biologiari botere absolutua ematen diotenen aldean jarrita ere, badira sexuen arteko muturreko bereizketa hori zalantzan jartzen duten argudioak. Kromosometatik abiatuz, aukerak ez dira XY eta XXn agortzen, XXY edo intersexuak diren pertsonak ere badaude. Hormonak ere ez dira modu eta kopuru berean banatzen emakume guztiengan edo gizon guztiengan, testosterona eta estrogenoak ohiko neurrietatik kanpo dituzten pertsonen kasuak ugariak dira; ile asko duten emakumeak, ahots grabea dutenak, ia ilerik ez duten gizonak, indar fisiko gutxikoak eta abar, eta abar. Sexuen arteko aniztasuna eta nahasketa ohikoak direnean, ez dakit zergatik itsutzen garen modu horretan norbait, Caster Semenya kasu, ez bada zehatz-meatz eredu batera egokitzen. Aniztasun biologikoaren onarpenak buruhauste asko ekidingo lituzke.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia