2009-09-06
Bederatzi lagun inputatu dituzte Gaztesarea babesteagatik
Bihar eta etzi deklaratuko dute Auzitegi Nazionalean; tartean, kultur arloko kide ezagunak daude
J. Sagarzazu.
DonostiaGaztesarea gazte mugimenduaren informazio atariari babesa eman eta webgunearekin lotura izateagatik beste bederatzi lagun inputatu dituzte. «Erakunde armatuarekin kolaboratzea» egotzi die Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak. Horietatik bi adingabekoak dira, eta adingabekoen auzitegian deklaratuko dute datozen egunetan. Gainontzeko zazpi lagunek, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratuko dute, bihar eta etzi.
Inputatuen artean kulturgintzako eta gazte mugimenduko pertsona ezagunak daude. Gorka Urbizu Berri Txarrak musika taldeko kidea eta Jon Maia eta Arkaitz Estiballes bertsolariak, besteak beste. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi duenez, bihar deklaratuko dute Haritz Garridok, Mikel Zenigaonaindiak eta Gorka Urbizuk. Etzi, Miren Zabaletak, Aitziber Martinez de Lagosek, Jon Maiak eta Harkaitz Estiballesek.
Espainiako Auzitegi Nazionaletik jaso duten notifikazioaren arabera, webgunea sortzeko abiatutako kanpainan modu batean edo bestean-sinadura eman, irudia eskaini- parte-hartzegatik eta atariarekin lotura izategatik inputatu ditu epaileak. Jon Maiak BERRIAri adierazi dionez, «harriduraz» hartu dute Auzitegi Nazionaleko deia. «Sinadura bat emategatik auzitegira joango garela jakitea izugarria da». Gaineratu duenez, «badakigu Madrilgo auzitegi horretatik zer etortzen den». Inputatuak «lur jota» daudela dio.
Andreu epailearen aginduz, Guardia Zibilak Gaztesarearen aurkako operazioa abiatu zuen uztailaren 29an. Alberto Martinez, Iker Acero eta Arkaitz Artola atxilotu zituen -baldintzapean aske daude-. Epailearen arabera, Gaztesarea webgunean eta blog pertsonal batean Segi gazte erakundeak antolatutako zozketa baten zenbakiak zabaldu ziren. Espainiako Auzitegi Gorenak gazte erakundea legez kanporatua zuenez, ETAri laguntza ematea egotzi die hiru lagunei.
Akusazio generiko horretatik abiatuta, gazte bakoitzari «ardura zehatz» bat egotzi dio epaileak. Martinezi bere blogean zenbaki saridunaren berri ematea, «eta, beraz, Segiren diru bilketarako funtsezkoa izatea» egotzi dio. Artolari, Gaztesarea webgunea eguneratzea eta kudeatzea. Eta Iker Acero surflari ezagunari, ataria sortzen laguntzeko bere irudia eskaintzea. Fernando Andreuren ustez, kirol eta kultur arloan aritzen diren pertsona ezagunen bitartez webguneak «legez kanpoko erakundearen [Segiren] aldeko mezuak zabaltzen dituen orrira [Gaztesarera]» erakarri nahi dituzte gazteak.
Gaztesareak gazte mugimenduei buruzko informazioa eskaintzen du Interneten,eta Euskal Herriko egoera politiko,sozial eta kulturalari buruzko eztabaidak sustatzen ditu. Webgunea ikusgai dago www.gaztesarea.net helbidean.
«Errepresioa zabalduz doa»
Azken bederatzi inputatuei elkartasuna adierazteko, gazte mugimenduko eragileak eta bertan parte hartzen duten hainbat kidek agerraldia egin zuten atzo. Nabarmendu zuten Euskal Herriko gazte mugimenduaren «ahotsa eta bilgunea» dela Gaztesarea: «Sistema kapitalista patriarkalaren aurka dauden euskal gazte guztien aterkia, ahotsik gabekoen bozgorailua; mass media handi eta manipulatzaileen aldean errealitatea herritik eta gazte ikuspegiaz lau haizeetara zabaltzen duen komunikazio proiektua da Gaztesarea».
AAMk ere gogor salatu du Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia. Espainiako Gobernuak Euskal Herrian «ezarri duen mugarik gabeko errepresioaren urrats berria» dela nabarmendu du. Errepresioa «eremu berrietara zabaltzen» ari dela ohartarazi du, eta Espainiako Estatuarentzat adierazpen askatasunak lekurik ez duela salatu. «Ukatua eta zigortua dago adierazpen askatasuna». AAMk gogora ekarri ditu Auzitegi Nazionalak aurretik itxitako zenbait hedabide, besteak beste, Egin, Ardi Beltza eta Euskaldunon Egunkaria.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
