2009-09-05
Zigor Kodea aldatu ez den arren, Eusko Jaurlaritzan aldaketa izan denetik, hainbat herritarri «terrorismoa goratzea» leporatu diete presoen argazkiak erakusteagatik.
Nagusi berri, lege berri
Xan Harriague.
Aspaldiko esaera zaharra da Nagusi berri, lege berri. Nagusia edo erregea aldatzen zenean legeak ere aldatzen zirela zioten. Nafarroan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan legea ez da aldatu azken hilabeteetan. Espainiakoak jarraitzen du indarrean. Nafarroako Gobernuan ere ez da ezer aldatu, baina, bai ordea, Eusko Jaurlaritzan. Patxi Lopezek lehendakaritza hartu duenez geroztik euskal presoen argazkiei buruz Herrizaingo Sailak egiten duen legearen irakurketa aldatu da. Preso baten argazkia erakustea delitu bihurtu da.
Uztailetik honat Ertzaintzak dagoeneko 160 atestatu baino gehiago ireki ditu, 21 lagun inputatu eta beste 11 atxilotu «terrorismoa goraipatzea» leporatuta. Gehienetan preso baten argazkia kalean erakustegatik edo ostatuan edukitzeagatik. Espainiako Auzitegi Nazionalak irekitako bidetik jarraitu du, eta Nafarroan hainbat lagun inputatu ditu akusazio beragatik. Hilabete gutxian legearen interpretazioa nola alda daitekeen jakiteko, Zuzenbidean aritzen diren hiru profesionalekin hitz egin du Zk: Garbiñe Biurrun epailearekin, eta Txema Montero eta Kepa Landa abokatuekin. Frantzian gauza bera gerta litekeen jakiteko, Yolanda Molina abokatuaren iritzia jaso du.
Landa eta Montero ados daude: preso baten argazkia erakustea ez da delitua. Biek diote legeak zehazten duela «terrorismoa goraipatzearen» delitua ekintzek edo hitz batzuek eragin dezaketela. Horrenbestez, Monterok ez dauka dudarik. «Kartel arrunt eta isil bat delituaren esparrutik kanpo dago». Gainera, Monteroren arabera, delitua edozein adierazpide edo hedabide publikoren bitartez egin behar dela zehazteak berak delitutik baztertzen du argazkiak soilik itsastea edo zintzilikatzea, «banaketa masifikatua ez bada behintzat».
Gai horren inguruan, Landak galdera bat egin du, zehaztuz «terrorismoa goraipatzearen» delitua 2000. urtean sartu zutela Zigor Kodean. «Orduz geroztik gisa horretako argazkiak erakutsi badira, norbaitek azaldu beharko luke zergatik ez den neurririk hartu orain arte».
Biurrunen iritziak erantzun gisa balio dezake. «Zientzia juridikoa ez da zientzia zehatz bat, ezta aldaezina ere». Zuzenbidea eta haren irakurketa garai eta egoera sozial eta politiko zehatz bati lotuta daudela dio, eta, horrenbestez, zuzenbidea erabiltzean errealitatea kontuan hartzen dela. «Oinarri juridikoak ere aldakorrak dira». Legearen irakurketa egitean, ordea, ezinbestekotzat jotzen du gutxieneko esku-sartzea. «Arazoa da hori ere mugikorra dela, eta egoerari lotzen zaiola, zoritxarrez. Beti aurkitzen ahal da 'oinarri juridiko' bat hartutako edozein erabaki justifikatzeko».
Biurrunen ustez, ETAren hilketek eta mehatxuek eta «gizartearen sufrimenduak» baldintzatzen dute irakurketa juridikoa. «ETAren terrorismoaren ondorioz, zigor arauen edukia eta irakurketa asko gogortzen ari dira». Eboluzio horretan sartu du lehen presoen argazkiak erakustea delitu ez izatea eta orain bai.
Legearen irakurketa baino haratago Tolosako epaileak uste du zehaztu beharra dagoela argazki horiek zertarako erakusten diren. Berak zalantzak ditu. Ulergarria iruditzen zaio senide eta lagunek presoen argazkiak edukitzea haien etxeetan, baina gainerateko argazkiek zer helburu duten galdetzen du, zehaztuz «normalean» leku publikoetan erakusten diren argazkiak, izan kirolarienak edo abeslarienak, haiekiko miresmena adierazteko direla. Baina gisa berean gogoratzen du presoek ere eskubideak dituztela. Argazkiak eskubideak eskatzeko baldin badira, orduan ez dio zerikusirik ikusten «terrorismoaren goraipatzearekin».
Epaileak ez du helburu politikorik ikusten Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailaren jarreran. Kasu honetan, gizartearen gehiengo bati erantzun nahi zaiola uste du. «Jendeak ez du jadanik ETAren presentzia inon jasaten, eta oso gogor zigortu nahi du haren jarduera kriminala eta haren inguruan mugitzen diren taldeak eta pertsonak». Biurrunen arabera, terrorismoaren kontzeptua horrenbeste zabaldu da gizarteak horrela eskatu eta onartu duelako. Baina azpimarratu duenez, «beste kontu bat da onargarria den eta hainbat printzipiorekin bat datorren».
Monterok, aldiz, helburu politikoak ikusten ditu jarrera horren atzean. «Askatasunen zati bati uko eginez, biktimei eta haien babesleei atsegina ematea da kanpaina horren helburua: itxura ematea terrorismoak zerbait egiten duen aldi oro haren aurka zerbait egiten dela».
Landak bat egiten du Monterorekin. Haren ustez, jarrera horrek ez dauka deus ikustekorik zuzenbidearekin, baizik eta propagandarekin. «Jardunik eta mezurik ez duen Gasteizko Gobernuak erakutsi nahi du zerbait egiten ari dela, indartsu dabilela, eta, bidenabar, ezker abertzaleari eta berari lotuta dagoen edozein jarduerari esparru gutxiago utzi». Landak argi du Helburu horiek lortzeko legea erabiltzen ari direla. «Zigor Kodearen irakurketa neurrigabea eta zentzugabea da, legea aldatu ez denean».
Euskal presoen argazkien aurka jotzeak gizartean izanen duen eraginari buruz hirurek iritzi ezberdinak dituzte. Biurrunek ez du uste halako ondoriorik izanen duenik. «Agian liskarra areagotu daiteke teorian, baina praktikan zalantza jartzen dut». Gizartea gero eta nekatuago dagoela uste du, eta horrelako «erabakiak» gero eta errazago onartzen dituela. Monteroren arabera, presoen argazkiak leku publikoetatik desagertuko dira, eta areagotuko pribatuetan. Baina argi du «hori amesten dutenek» nahasten dituztela ez ikustea eta ez existitzea. Landak, berriz, uste du gaitzespena nagusituko dela jende askori eragiten diolako zuzenean ala zeharka. Neurriz kanpokoa iruditzen zaio. «Zer eginen dute 700 pertsona kalera ateratzen badira argazkiekin? Guztiak atxilotu?». Haren ustez, nahi dutenean arituko dira presoen argazkien aurka «politikoki etekinak» ateratzeko eta «mediatikoki hedatzeko». «Ez daukate egoera politikoari aurre egiteko gutxieneko etorkizuneko ikuspegirik ere».
Frantziako Legean ezinezkoa
Frantziako Legeak ere biltzen du «terrorismoaren goraipatzearen» delitua, baina Molina abokatuak azpimarratu duenez, legearen erabilerak «zehatza» izan behar du. «Kasu honetan, frogatu beharko litzateke argazkia eskutan duenak terrorismoa goraipatu nahi duela eta bere helburua hori dela». Haren ustez, ez da inoiz horrelakorik gertatu. Horrez gain, iritzi deliturik ez dagoela gehitu du. «Adierazpen askatasuna legearen erabilpen 'zehatzak' mugatzen du». Irakurketarentzat tarterik ezin da izan, abokatuaren arabera.
Argazki batzuk erakusteagatik norbait inputatzea gehiegikeria iruditzen zaio, baina ez da harritzen. «Oinarrizko askatasun eta eskubideak sistematikoki urratuak dira arrazoi politikoengatik, eta hau beste adibide bat baizik ez da». Demokrazia «sanoetan» presoei elkartasuna adieraztea guztiz legezkoa izan beharko lukeela ez dauka dudarik.
578. artikulua
GARBIÑE BIURRUN
Epailea
TXEMA MONTERO
Abokatua
YOLANDA MOLINA
Abokatua
KEPA LANDA
Abokatua
Presoen eskubideak eskatzen jarraitzen du Etxerat-ek
Debekatutako argazkiak siluetekin ordezkatu, eta lehen bezainbat jende bildu da Bilbon eta Donostian
A. Laskibar - X. Harriague.
Elkarretaratzeen eta manifestazioen arautegi berria atera du Herrizaingo Sailak
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
