2009-08-30
Aresek dio «kalea berreskuratu» arte bide beretik jarraituko duela
Erkoreka jeltzalearen ustez, sozialisten estrategia erratua da, «presoen argazkiak ugaritu direlako»
Erredakzioa.
Bide zuzenena omen da eraginkorrena, hala uste du behintzat Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. Ez du atzera bueltarik egingo eta ez da «bide horretatik aldenduko». Euskal presoekin harremana duten irudi, ikur eta aldarrikapen oro «desagerrarazi» arte, orain arte erabilitako «estrategiari» eutsiko diola nabarmendu du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kaleak «elkarbizitzarako eta askatasunerako berreskuratu» nahi ditu Aresek, egun, herrialde horietako kaleak «indarkeriaren alde egiten duten taldeen» esku daudela uste duelako. «Begien bistakoa da terrorismoaren apologia egiteko eta biktimen memoria iraintzeko erabiltzen dituztela kaleak».
Algortako Ereaga hondartzan Ertzaintzak eginiko maniobra batzuetan izan zen Ares atzo. Euskal presoen argazkiak kendu edo haien eskubideak aldarrikatzen dituzten kartelak eta ekimenak debekatzeko legitimitate osoa duela nabarmendu zuen. Herrizaingo sailburuaren arabera, «legearen» eta Eusko Legebiltzarrean egun dauden alderdi politiko «guztien» babesa dauka hori egiteko. Aresen arabera, Legebiltzarrak 2008an onartutako Terrorismoaren Biktimentzako Legeak «behartuta» egiten du hori. «Terrorismoaren apologia egin edo legea urratzen duen ikur oro kendu behar direla dio legeak».
Orain arte abiatutako bidean aurrera jarraitzeko, udalen babesa ezinbestekoa dela dio Herrizaingo sailburuak. Eudel Euskadiko Udalen Elkarteko presidente Jokin Bildarratz jeltzalearekin asteon izandako bilera «ona» izan dela nabarmendu du. «Udalek» elkarlanerako borondatea agertu dutela dio Aresek.
Bilera ostean bi erakundeek kaleratutako prentsa oharrean zer neurri hartuko dituzten azaldu ez bazuten ere, Aresek iragarri du Eudelek «dokumentu» bat prestatuko duela herriko jaietan ipintzen diren «txosnen lizentziak gehiago erregulatzeko». Eudelen alderdi politiko guztietako ordezkariak daude; horietako batzuk Herrizaingo Sailaren politikarekin kritiko azaldu dira.
Asteburuko ekimenak
EAJko EBBko presidente Iñigo Urkulluk herenegun egin bezala, Josu Erkoreka Espainiako Kongresuko diputatu jeltzaleak gogor kritikatu du Herrizaingo Sailaren politika. Erkorekak uste du Rodolfo Aresek «propaganda kanpaina» bat abiatu duela «Patxi Lopezek ustez egin duen aldaketa irudikatzeko». Hala ere, «terrorismoa deslegitimatzerako orduan» haiek ere lan handia egin zutela nabarmendu du. «Hori egiten lehenak izan direla eman nahi dute aditzera, baina badakite hori ez dela egia».
Diputatu jeltzaleak salatu duenez, «guztiz antolatuta» dagoen «propaganda operazio» bat baino ez da Ares buru duen sailak «antolatu» duena. «Ertzainekin batera edo lehenago ekimen bat burutu behar den tokira bidaltzen dituzte argazkilariak. Haien helburua da balizko aldaketa hori irudikatzea». Erkorekaren arabera, estrategia horrek, «porrot» egin du, «euskal presoen irudi eta ekimenak ugaritu direlako». Halaber, diputatu jeltzaleak uste du euskal presoen ikurrez gain, Lopezen gobernuak ezker abertzalea ahuldu nahi duela. Horretan ere ez duela asmatu dio. «Zuhurragoak dira orain, eta edozein aitzakia bilatzen dute biltzeko».
Hala ere, euskal presoen irudiak kentzen jarraitzen dute. Bermeoko herritar batzuek jakinarazi dutenez, udaleko langileek, «ertzainekin bat», herri horretako presoen argazkiak kentzen aritu ziren herenegun eguerdian. Ostiralero euskal presoen eskubideen alde egiten duten elkarretaratzea, baina, egin ahal izan zuten, eta 30 bat lagun bildu ziren. Hondarribian ere egin zuten elkarretaratzea, atzo. 50 bat lagun bildu ziren.
Errenterian, berriz, joan den astean Herrizaingo Sailak debekatu zuen ekitaldi bat egin zuten atzo. «Askatasunaren bidean bizitza galdu zuten» Errenteriako euskal militanteak omendu zituzten. «Ahazten ez duen herria da gurea, eta ez dago, ez da inoiz egongo, dohain hori erauziko digun errepresiorik», nabarmendu dute ohar batean.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
