2009-08-29
Petra Perez - Hezkuntza Antropologiako katedraduna
Hezkuntza Antropologian katedraduna da Perez, eta urteak daramatza hezkuntzan lantzen diren balioak aztertzen. Laster 7 eta 14 urte bitartekoei buruzko lan bat argitaratuko du.
«Balioak pantailen bidez gizarteratzen dira egun»
Saioa Iraola.
DonostiaEgun haurrek nagusiki dituzten balioei buruz hitz egin du Petra Perezek, Valentziako Unibertsitateko Hezkuntza Antropologiako katedradunak, EHUren udako ikastaroetan. Balio horiek zeintzuk diren adierazi, eta azken urteetan gizarte ereduak aldatu diren heinean balioek izan dituzten aldaeren inguruan aritu da Donostian.
Zein balio dituzte gaur egungo haurrek?
Bizi diren gizartearen isla dira haurrak. Balioak axolagabekeriatik irteteko erabiltzen dira. Ze balio erabiltzen dituzte haurrek axolagabekeria alde batera uzteko? Beti berena egin beharra, markako arropa edukitzea, gauzak erostea... Lehen, haurrei aurreztu egin behar zela irakasten zitzaien. Egun, berriz, kontsumoaren kulturan hezten dira. Lehen, jakinmina, ezagutza eta antzeko balioetan hezten zituzten. Orain, berriz, 8 eta 9 urterekin eder nola egon pentsatzen ari dira. Adin horretako haurrek irudimenezko eta fantasiazko munduan pentsatzen egon behar lukete; azken batean, jolasaz gozatzen. Baina bizi garen gizartean haurrek aukera gutxi dute horretarako; oso gizarte indibidualistan bizi gara, eta horrek izugarrizko eragina du egun haurrek dituzten balioetan.
Nola transmititzen dira balioak?
Familia da haurrek gizarteratzeko duten lehenengo testuingurua. Lehen, enpatia eta errudun izatearen sentimendua familiak transmititzen zituen balioak ziren. Balioak pantailen bidez gizarteratzen dira egun. Eskolaz eta familiaz gain, tresna boteretsuenak dira telebista, bideo jokoak eta Internet. Haurrak gizarteratzea, errudun izatearen sentimendua lantzea eta talde izaera kontuan hartzen dituzten jokaera gutxi agertzen dira horietan.
Egungo gizartean erroturik dauden genero estereotipoek ba al dute eraginik haurren balioetan?
Urteak daramatzagu genero estereotipoak hausten eta parekidetasunaren alde lanean, baina, egin ditugun azterketen arabera, oso estereotipo markatuak daude neskatoen eta mutikoen artean. Parekidetasunean eta genero estereotipoetan ez dugu asko aurreratu, eta hori oso mingarria da.
Zergatik dela uste duzu?
Ikusi emakumeen zein irudi agertzen diren komunikabideetan, eta umeentzat zer-nolako produktuak sortzen dituzten. Bratz panpinak, kasu. Emakumearen oso irudi estereotipatua islatzen dute: neska hiritarra, chic-a, hirian denak aurrean eramaten ditu, lanetik atera eta kiroldegira doa, denbora librea edertasun zentroetan igarotzen du, egunero kiroldegitik atera eta mutila autoan bila joaten zaio.
Balio txarrez jardun zara, baina onik izango da, ezta?
Bai, zoriontasuna, adibidez, haurrekin landuz ateratzen den balio bat da. Haurrek testuinguruak oso ongi bereizten dituzte, eta ez dute gauza bera erantzuten eskolan edo kalean.
Nola alda litezke haurrek hain barneratuta dauzkaten balio horiek?
Antropologian frogatuta dago kultura guztietan haurrek urte eta erdi dutenetik jada puntako bi jokaera har ditzaketela; batetik, altruismoa eta, bestetik, erasorako joera. Beraz, adin horretatik aurrera familian eta eskolan haurrei bestelako balioak erakutsi behar zaizkie: balio ekologikoak, musika eta pintura bidez lantzen diren balio estetikoak... Azken batean, gizarteratzen lagunduko dietenak. Aldiz, pantailen erabilera kontrolatzea beharrezkoa da.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
