Mantentze lanek eragin dute Zabalgarbiko kutsadura
Errauste plantaren kanpoko lurretan utzitako materialaren metal astunak lurrera igaro ziren
Maite Asensio.
BilboIngurumena babesteko neurririk hartu gabe egindako mantentze lan batzuek eragin zuten, ustez, Zabalgarbi errauste plantaren (Bilbo) inguruko lurren kutsadura. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak abiatutako ikerketaren lehen emaitzen arabera, irazgaiztu gabeko lurretan egin ziren lanak, eta, euriaren ondorioz, lurrazpiko uretara heldu ziren metal astunak. Zabalgarbiko zuzendaritzak akatsa onartu du, eta lur guztiak irazgaiztuko dituela iragarri du.
2009 hasieratik ekainera bitartean, zink, artseniko, sodio, potasio eta bario mailen gorakada azkarra antzeman zuten plantaren inguruan, lur azpian egindako neurketetan. Bada, otsailean eta martxoan egindako mantentze lanetan dago kutsaduraren jatorria. Zabalgarbiko prentsa bulegoak azaldu duenez, garbiketa lanetarako hogei eguneko geldialdi teknikoa egin zuen plantak. Besteak beste, galdarako hodiak garbitzeko erabili zituzten materiala plantaren kanpoko aldean utzi zuten, irazgaiztu gabeko lur batzuetan. Egun haietako haizearen eta euriaren ondorioz filtratu zen kutsadura lurretara, konpainiak esandakoaren arabera.
Baina zergatik zeuden lur haiek irazgaiztu gabe? Zabalgarbik adierazi du gune horretan bigarren errauste planta egitekoak direla, eta ez zegoela lurra babesteko beharrik. Halaber, argitu du zuzendaritzak lan horien berri bazuela, baina ez ziola «garrantzirik eman», ez zuelako uste «ezer gertatuko zenik». Akatsa onartu du Zabalgarbik, baina «une jakin bateko arazoa» izan dela eta plantaren azpiegiturari ez diola eragiten nabarmendu du. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta Uraren Euskal Agentziak oraindik ez dute ikerketa amaitu, baina konpainiaren aurkako txostena irekiko dute.
Edonola ere, Ekologistak Martxan taldeak auzitan jarri du Zabalgarbiren bertsioa: «Enpresak berak egiten ditu neurketak, eta hori kezkagarria da. Ez du sinesgarritasunik, are gutxiago aurreko juntarekin gertatutakoaren ostean». Bernard Madoffen iruzurrean 3,7 milioi euro galdu zituen Zabalgarbik urtarrilean.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
