Osasungintzako profesionalei erraustearen aurka egiteko eskatu diete
Erraustearen aurkako plataformak manifestua egin nahi du, errausteak pertsonen osasunean dituen kalteen inguruan
Erredakzioa.
DonostiaOsasungintzan diharduten profesionalak batu nahi ditu erraustearen aurkako plataformak, Gipuzkoan jarri asmo duten errauste plantaren aurka egiteko. Errausteak pertsonen osasunean eragiten dituen kalteen inguruan manifestua egin eta atxikimenduak bildu nahi ditu plataformak, eta osasun langileei dei egin die ekimena zehazteko bilerara. Datorren asteazkenean egingo dute batzarra, Donostia Bizirik-en egoitzan, Igara auzoan.
Plataformaren irudiko, agintariek «ezkutatu» egin dituzte errausteak osasunean eragiten dituen kalteak. «Ongi aski dakite izugarri kaltegarria dela, proiektu guztia atzera botatzeko adinako arrazoia». Beste leku batzuetan errausteari uko egin diotela gogorarazi du, ohartu direlako pertsonen osasuna kaltetzen zuela. Kalte horiek denak agerian uzteko, osasungintzako profesionalen laguntza eskatu du plataformak, pertsonen osasuna eta erraustea ardatz izango dituen manifestua sortuta.
Protestan jarraituko dute
Plataformaren protestak protesta, agintariek aurrera jarraitzen dute Gipuzkoan hiri hondakinak erretzeko errauste planta jartzeko proiektuarekin. Besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailean onartu zuen hiri hondakinen plan sektoriala. Han jasotzen da Zubietan (Gipuzkoa) errauste planta eraikitzeko proiektua, eta 2013rako martxan egongo dela iragartzen du.
Horiek guztiak hala izanagatik ere, erraustearen aurkako plataformak protestan jarraitzeko asmoa du. Haren arabera, badago nahikoa arrazoi proiektua geldiarazteko. Gogorarazi du hiri hondakinak kudeatzeko bestelako bideak martxan jarri dituztela Gipuzkoako zenbait lekutan -atez ateko zabor biltzea, kasu-, eta emaitza onak izaten ari direla. «Aski frogatua dago jada hemen zein munduan alternatiba horiek edozein herri motatan direla aplikagarriak». Plataformaren arabera, ekonomikoki bideragarriagoak dira bestelako kudeaketa ereduak, eta ingurumena eta osasuna ez dituzte kaltetzen.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
