Berria.info

Asteazkena, 2010ko martxoak 17 -

2009-08-21

Presoen argazkiak kendu eta 18 konpartsero salatu ditu Ertzaintzak

Ertzainek txosnen barren atzean zeudenei «terrorismoa goraipatzearen» delitua leporatu diete

Erredakzioa.

Bilbo

Ertzaintzak Bilboko konpartsen txosnetan zeuden euskal presoen argazkiak, marrazkiak, pegatinak eta pankartak kendu ditu. Hemezortzi lagun identifikatu ditu, eta txosnen barnean zeudelako «terrorismoa goraipatzea» leporatu die. Bidenabar, bertan zeuden lagun batzuei kolpeak eman dizkie.

Atzo 12:15 inguruan bertaratu ziren Ertzaintzaren bospasei furgonetetan. Ribera kalea moztu ondotik argazkiak banan bana kendu zituzten. Kaskagorri eta Txori Barrote txosnetan ibili dira, eta gero Kobetamendi eta Altxaporruekoetan. Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako agindu baten ondorioz egin dute operazioa, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Bat-batekoa izan arren, komunikabide asko bertan zeuden.

Txosnetan egon diren bitartean, bozgorailuetatik Bilboko euskal presoen izenak banan bana oihukatu dituzte, baita «maite zaituztegu» ondotik ere. Kaskagorrin barraren gainean dantzan hasi dira, eta batukadak egiten. Tentsio uneak ere izan dira. Ohar baten bidez konpartsek jakinarazi dutenez, azken urteetako txupinerek gauzak lasaitzera joan behar izan dute, baina ertzainek kasu handirik ez diela egin gehitu dute.

Gisa berean salatu dute «alaitasunez beteriko esparru horretan» horrelako jokaerek ez dutela «inongo lekurik». Horien erantzuleei jai giroa zapuztea ez dutela lortuko jakinarazi nahi izan diete baita beti defendatu izan duten parte-hartzea eta askatasuna errespetatzen duen jai esparrua» sustatzen jarraituko dutela ere.

Debeku eskaera gehiago

Kaskagorri eta Txori Barroteren kasuan Dignidad y Justicia elkarteak eskatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalari bi txosna hauek ixteko. Gaurko ekitaldiei begira, berriz, Komantxe konpartsak antolatu duen bazkaria eta Sabin Etxearen aurrean 18:00etan deitu duen elkarretaratzea debekatzeko eskatu dio.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia