Jendetza bildu da Gernikan, bakean uzteko eskatzeko
Manifestazioa hasteko gutxi falta zela, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi zuen baimentzen zuela
Herri batzarrak salatu du Ertzaintza arrazoirik gabe oldartu zitzaiela herritarrei
Xan Harriague.
Mila eta bostehun bat lagunek bat egin zuten Gernikan atzo, utzi herria bakean lelopean. Manifestazioa hasteko gutxi falta zela, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak deitzaileei jakinarazi zien legezkoa zela eta hura eragozteko neurririk ez zuela hartuko. Igandeko istiluen ondorioz bildutako herri batzarrak deitu zuen.
Joan den ostegunean Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak herriko jaietako pregoia eta urtero San Roke egunean euskal presoen eskubideen alde egiten den kalejira debekatu zituen, argudiatuz «terrorismoa goraipatzeko» arriskua zegoela eta «legez kanpo dauden erakundeetatik hurbil dauden pertsonak eta lagunak» antolatu zituztela. Horren ondorioz, pregoirik ez zen egin, ezta kalejirarik ere, baina azken horren ordez antolatutako triki poteoan Ertzaintza kalean zegoen jendeari oldartu zitzaion, eta hogei lagun zauritu eta beste lau atxilotu. Jokaera hori ikusirik, kolore askotako 60 bat herritar bildu ziren astelehenean zer egin erabakitzeko. Azkenean gertaerak salatzeko adierazpen bat adostu zuten, eta atzo gaueko manifestaziora deitu.
Manifestazioa 21:00etan abiatu zen, Ertzaintzaren presentzia ageririk gabe. «Utzi herria bakean» zioen pankarta aurrean zutela, Gernikako eta eskualdeko hainbat biztanle ibili ziren herriko kaleetan barna. Ibilbide osoan isiltasuna izan zen nagusi. Manifestazioa bukatzean, igandeko istiluen bideoa bota zuten eta mobilizazioa bukatutzat jo, bertaratutako jendeen txaloen artean. Idoia Fernandez Gernikako zinegotziaren arabera, atzokoa herrian aspaldi egin den manifestaziorik arrakastatsuena izan zen.
Arratsaldean, manifestazioa iragartzeko prentsaurrekoa eman zuen herri batzarrak. Salatu zuen Ertzaintzak inongo arrazoirik gabe oldartu zitzaiela herriko jaietan parte hartzen ari ziren herritarrei. «Argi utzi nahi dugu debekatutako kalejira ez zela egin, ezta saiatu ere, hainbat komunikabidek adierazi izan dutenaren kontra». Kalejiraren ordez, triki poteoa egin zela ohartarazi zuen. Hala ere, nabarmendu nahi izan zuen euskal presoen aldeko elkartasuna ezin dela delitu izan eta adierazpen askatasuna ezin dela mugatu edo ukatu Poliziaren bidez. Lotsa sentitzen duela adierazi zuen, baita amorrua ere, «zigorgabetasun osoz» jokatzen duelako Ertzaintzak, haien arabera.
Gertakarien berri sarean
Gertakarien berri emateko webgune bat sortu dute: utzigernikabakean.wordpress.com. Bertan argazkiak, bideoak eta lekukotasunak ikus daitezke. Bideoek kalitate eskasa dute, baina nahikoak dira Ertzaintzak zer-nolako jarrera izan zuen ohartzeko. Batean ertzain batek pertsona bat eskaileretatik behera nola bultzatzen duen ikus daiteke, edo beste batean, beste agente batek 14 urteko nerabe bati nola jarraitzen dion jipoitzeko.
Bestalde, inongo arazorik gabe 500 bat lagun bildu ziren atzo arratsaldean Bilboko Plaza Biribilean. Jaiak zirela eta, Arriaga plazan asteartero euskal presoen alde egiten den kartelada han egin zuten.
Jordi Roca.
Ertzaintzak Donostian zauritu duen katalana«Buruan eman balit, han berean geldituko nintzen hilda»
X. H.
Mendiak dio Ertzaintzak arduraz jokatu duela San Roke egunean jendeari oldartuz
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
