Berria.info

Osteguna, 2010ko martxoak 11 -

2009-08-19

Ezpala eta Zurgai tabernak ez ixtea erabaki du Auzitegi Nazionalak

Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak auziarekin aurrera jarraitzea erabaki du, lau laguni «terrorismoa goratzea» egotzita

Atzo deklaratu zuten tabernetako nagusi eta langileek, presoen argazkiak jartzeagatik

Oihana Elduaien.

Euskal presoen argazkien kontrako jazarpenak aurreneko ondorio juridikoak ekarri ditu. Tabernan irudi horiek erakusteagatik, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu dute Iruñeko Ezpala eta Zurgai tabernetako nagusiek eta bi langilek. Tabernak ixteko ere eskatu du Fiskaltzak, baina Velasco epaileak ez du onartu eskaera, nagusiek «beren borondatez» kendu zituztelako argazki horiek.

Presoen irudiak erakustea «zeharka terrorismoa goratzea» dela jaso du Eloy Velasco epaileak, lau lagunei deklarazioa hartu osteko autoan. Defentsak kontrakoa dio. Argazkiak sakabanaketa salatzeko erakusten direla argudiatu du, eta ez zaiola inolaz ere gorazarre egiten han ageri den pertsonak egindakoari. Auziak aurrera jarraitzen du, eta lau lagunek inputatuta segitzen dute. «Terrorismoa goratzea» egozten diete Zurgai tabernako zerbitzari Izaskun Goñiri eta Daniel Burgos nagusiari, eta beste hainbeste Ezpalako zerbitzari Ainhoa Orozi eta Antonio Etxaleku jabeari, eta bi urteko espetxe zigorra jar diezaiekete horregatik.

Goñi eta Oroz zeuden barran Guardia Zibila presoen argazkiak kentzeko aginduarekin taberna horietara joan zenean. Guardia zibilen arabera, zerbitzariek esan zieten ez zutela beteko agindu hori. Aginduari ez ziola uko egin argudiatu zuten bi tabernariek. Tabernako nagusiak ez zeudela han, eta horri buruzko erabakiak hartzea nagusiei zegokienez, haiekin hitz egin behar zutela erantzun zieten. Hargatik, hasieran argazkiak zeuden tokian utzi bazituzten ere, nagusiekin hitz egin ostean kendu zituztela azaldu zuten. Gainera, Ainhoa Orozek zehaztu du Polizia Auzitegi Nazionalerako deialdiak ematera tabernara joan zenean, presoen argazkiak kenduta zeudela, eta irudiak ere hartu zituztela.

Presoen argazkiak jartzea «terrorismoa goratzea» izan daitekeela uste du Fiskaltzak, eta hargatik nahi du epaileak lau lagun horiei zigorra jartzea. Epailea ere, Fiskaltzaren erabaki berekoa da, autoan jaso duenez: «ETAko presoen argazkiak taberna baten gisako lokal publikoetan jartzea, ekintza terroristetan parte hartu dutenak zeharka goratzea da», dio. «Lokalean oso ikusgarriak diren lekuetan daude irudi horiek, eta beraz, ezin du eduki, jartzen haiek eginak diren ekimenak goratzea beste helbururik. Eta ekimen horiek goretsi egiten ditu argazkiak jarri dituenak, eta baita berak jarri ez arren tabernako nagusia izan eta han edukitzea onartzen duenak ere». Gainera, «beren ekintza terroristengatik» goratzeaz gain, argazki horiek biktimei «iseka» egiten diela ere uste du epaileak.

Hala, «erailtzea delitu bada», hura egiten duena «toki publikoetan argazkiak jarriz goratzea eta haiei omenaldi publikoak egitea» ere delitua dela ulertzen du epaileak, baina, «agerikoa denez, zigor txikiagoarekin».

Defentsak argudiatu du, presoen argazkiak erakusteak dispertsioa salatzea duela helburu, eta ez direla inondik inora haiek egindako ekinbideak eta inongo «talde terrorista» goratzen.

«ETA-Ekinen agindua»

Euskal presoen argazkiak betidanik egon izan dira Euskal Herriko tabernetan, besteak beste, haien helbideak alboan dituztela eta Idatzi iezaiezu eta gisako esaldiekin. Eloy Velascoren autoaren arabera, ordea, ETA-Ekinek «orain dela gutxi» agindu zuen argazki horiek zabaltzea. Bi agiri jartzen ditu hori argudiatzeko adibide gisa. Batetik, Hego haizea ETAko komandoari iazko urrian atzeman zizkioten paperak. Haietan «presoen borroka moldeak goratzea» proposatzen ei zen, «kalean presentzia eta propaganda egokia zabalduz». Bestetik, Batasunaren 2008-2009ko plangintza. Epailearen arabera, «kalea ekimenen toki gisa berreskuratu» behar dutela jartzen du, autoaren arabera, eta «Eusko Gudarien kontrako erasoei aurre egin behar zaiela», «beren memoria defendatuz».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia