Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 17:08

euskalherria;2009-08-18;I–igo Urkullu: ÇGuztiok dakigu lehendakaria biluzik dagoelaČ. Lopezek Twitterren egin duen elkarrizketari eduki politikoa falta zaiola esan du buruzagi jeltzaleak

Iñigo Urkullu: «Guztiok dakigu lehendakaria biluzik dagoela»

Lopezek Twitterren egin duen elkarrizketari eduki politikoa falta zaiola esan du buruzagi jeltzaleak

Erredakzioa.

Askok esaten ausartzen ez diren arren, Patxi Lopez lehendakaria «biluzik» dagoela adierazi du Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak. Lopezen «twitter elkarrizketari hutsune politikoa» nabari zaiola esan du bere blogean argitaratutako artikulu batean. Lopezek Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatu zutenetik ehun egun igaro direla-eta, balorazioa egin zuen lehengo ostiralean. Balorazioa Twitter bidez zabaldu zuen, eta herritarrei galderak egiteko aukera eskaini zien; ez zituen, ordea, galdera guztiak erantzun.

Urkulluk blogean adierazi duenez, Lopezen elkarrizketaren gaineko analisia egin nahi zuen, baina asmoa bere horretan geratu zaiola jakinarazi du, «elkarrizketari hutsune politikoa zeriolako».

«Patxi 2.0» adiera eman dio Urkulluk lehendakariari, eta «ezer berezirik egin gabe» nabarmendu egin dela azaldu du: «Horrelakoetan irudi-aholkulariek eta aholkulari politikoek, honetarako gomendioak behar dituztenak ere egon badaude-eta, pertsonaia bat sortzen dute». Horregatik, «Patxi Lopezen irudi eta komunikazio aholkulariek egindako ahalegina aintzat hartu behar da», Urkulluren ustez.

Saioaren emaitza ordea, begien bistan dagoena dela azaldu du; bere iritziz, «Patxi ez da Obama», eta «produktua ez bada ona» aholkularien lana oso ona izanagatik ere, «produktuak promozioak adina irauten du». Twitter bidezko elkarrizketa «47 pertsonek» jarraitu zutela azpimarratu du.

Internet bidezko komunikazioa darabilen lehendabiziko lehendakaria izan dela esatea «gezurra» dela azpimarratu du Urkulluk, eta gogoratu du Juan Jose Ibarretxe lehendakaria izan zela 2.0 komunikazioa erabili zuen lehena. Horren adibide Konpondu.net webgunea eta hauteskundeetan erabilitako bideobloga jarri ditu. Beraz, «'Patxitwitterra' baino lehen 2.0 komunikazioa ezagutzen zen Euskadin».

Bestalde, Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, PSE-EE «lehengo joerara» itzuli dela, eta EAJri «ETAren aurka izan duen jarrera aurpegiratzen» ari dela, salatu du Urkulluk. «Terrorismoa goratzen duten irudiak» aurreko legegintzaldian ere kentzen zirela gogoratu du. Dena den, horrelako gauzak «zuhurtziaz, eta legea oinarri edukita» egin behar direla esan du.

Abuztua hilabete «zaila»

«Kezkatzekoa» da, halaber, Ukulluren aburuz, «ezker abertzaleak jaiak politizatzeko egiten duen etengabeko ahalegina», eta «zoritxarrez», abuztua hilabete «zaila» izaten ari dela esan du.

Aurrekontuei dagokienez, «gizartearentzat onena bilatu, eta krisiari aurre egiteko ekarpena egitea osagarri badira, Espainiako Gobernuari eskua luzatzeko prest» daudela iragarri du. Halaber, egonkortasun instituzionala lortu asmoz lanean ari direla azpimarratu du EBBko presidenteak.

EAJk gizartetik hasitako nazioa eraikitzera doan proiektu politikoa eskaini behar duela dio, eta besteek proposatu dezaketenak ez dutela kezkatzen.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia