2009-08-15
Ertzaintza presoen senide eta lagunei oldartu zaie Donostian
Ertzain batek terraza batean jotak entzuten ari zen 85 urteko donostiar bat zauritu du gomazko pilota bat jaurtiz jendeen artean
Arazorik gabe egin ziren presoen eskubideen aldeko elkarretaratzeak Zarautz eta Bilbon
Xan Harriague.
DonostiaAzken hamasei urte hauetan Etxerat-ek ostiralero Donostian egiten duen kartelada eragotzi du Ertzaintzak. Euskal presoen eskubideak defendatzen ari ziren senide eta lagunen aurka oldartu da gomazko pilotak erabiliz. Manifestazioan, edo besterik gabe Aste Nagusiaz gozatzen ari ziren hainbat lagun zauritu ditu.
Ostiralero bezala, Etxerat-ek kartelada deitu zuen, baina oraingo honetan Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak mobilizazioa debekatu zuen, «terrorismoa goraipatzeko» eta aste bat lehenago debekatu zituen AAMren ekitaldien ordezkoa zelakoan. Espainiako Segurtasun Indarrei neurriak hartzeko agindu zien, eta Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak agindua «irmotasunez» defendatuko zuela iragarri zuen.
Presoen ehunka senide eta lagun bildu ziren 21:00etarako Konstituzio Plazako iskin batean, eta hamar minutu geroago karteladari ekin zioten presoen argazkiak eskuetan zituztela. Baina atzokoan ibilbidea zertxobait aldatu zuten, eta Kale Nagusitik abiatu beharrean Arrandegi kaletik joan ziren. Urrunago dagoen Hernani kalean hamarnaka ertzaintza zain baitzeuden oldartzeko material guztiarekin. Manifestazioa normaltasun osoz abiatu zen Presoak eta iheslariak etxera zioen pankarta baten atzetik; lasaitasunean eta isiltasunean, deitzaileek abiatu aurretik eskatu zuten bezala. Bulebarrera iristean, Ertzaintzarekin topo egin zuten, eta pankarta zeramaten bost lagunei identifikatzeko eskatu zien. Nortasun-agiriak berehala itzuli zieten eta ezin zutela jarraitu ohartarazi. Besterik gabe itzulia eman zuten eta alde zaharrera sartu ziren bazterretan ziren jendeak txalotzen zituen bitartean. Orduan aditu ziren lehen leloak: Presoak kalera, amnistia osoa eta Euskal presoak etxera. Ertzaintzak 30 metro utzi zien eta lehen gomazko pilotak jaurti zituen. Jendea berehala banatu zen.
Ertzainen gehiena erretiratzen zen bitartean, hamar batek lagun batzuen atzetik jarraitu zuten Konstituzio Plazaraino. Beteta zegoen, ordu horretan jotak kantatzen ari baitziren. Baso eta botila batzuk botatzen zitzaiela, ertzainek ez zuten dudarik izan bertan zegoen jendearen aurka gomazko pilotak jaurtitzeko. Horietariko bat jotak entzuten ari zen 85 urteko donostiar bat begi ondoan harrapatu zuen. Eskerrak aski urrunetik, eta hasierako minutuetan behintzat ez zirudien ondorio larririk izanen zuenik. Minutu batzuk lehenago larrialdietariko zerbitzuek bi puntu egin behar izan zizkioten 50-60 urte zituen beste donostiar bati. Ertzaintzak kargatu zuenean iskanbilaren erdian suertatu zen eta erori egin zen.
Azkenean Ertzaintzak alde zaharretik ateratzean, presoen ehun bat senide eta laguneko talde batek haien eskubideak defendatu zituen haien argazkiak eskutan. Baina Bulebarretik haratago joaten ez zieten utzi. Donostian iskanbila zen bitartean, Zarautzen 135 lagun bildu ziren, eta Bilbon, Sabin Etxearen aitzinean bertze 110 inongo arazorik gabe. Alta gauza bera aldarrikatzen zuten.
Bestalde, Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, gaurko 19:00etan AAMk deitu duen manifestazioa debekatu du. Fiskaltzak eta Dignidad y Justiciak egindako eskaerarekin bat egin du, eta hura galarazteko agindu «terrorismoa goraipatzeko» helburua duelakoan. Garzonek, berriz, ezker abertzaleak datorren larunbatean Bilbon deitu duen manifestazioa debekatu du ETAren zuzendaritzaren agindu bat delako, haren ustez.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
