Berria.info

Osteguna, 2010ko martxoak 18 -

2009-08-12

Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleentzat ordenagailuak erosteko deialdia egin du Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Gailuek nahitaez izan beharko dute Windows sistema eragilea, Microsoftena.

Batek betetzen du baldintza

Garikoitz Goikoetxea.

Ordenagailu bana LH Lehen Hezkuntzako 5. maila egiten ari diren ikasle bakoitzarentzat. Proposamen arrandiatsua egin zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak iragan maiatzaren 12an, Espainiako Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan. Data hurbila jarri zuen: iraila. Alegia, datorren ikasturtea hasterako, prest egon beharko lukete Hego Euskal Herrian LHko 5. mailako ikasle bakoitzarentzako ordenagailuek.

Iragarpena egin berritan, zalantza sortu zen EAEn, hezkuntzako eskumena Eusko Jaurlaritzak duenez gero. Astebeteren buruan jakinarazi zuen Hezkuntza Saila ados zegoela Espainiako Gobernuaren proposamenarekin. Espainiako Hezkuntza ministro Angel Gabilondok eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Zelaak bilera egin zuten, eta hitzartu zuten erdibana ordaintzea ikasleen ordenagailu eramangarriak. Are, ordenagailuez gainera, erabaki zuten arbela elektronikoak erostea -betikoak ordezkatzeko-, eta gela guztietan wifi konexioa jartzea.

Irailerako jarri zuten muga, eta dagoeneko Eusko Jaurlaritzak egin du ordenagailuak erosteko deialdia. 20.000 ordenagailu eramangarri eskuratuko ditu. Espainiako Gobernuak autonomia erkidego bakoitzaren esku utzi zuen erabakitzea zer-nolako ordenagailuak erosi. Lehiaketa publikoa da, ustez. Hala dio, behintzat, Eusko Jaurlaritzak egindako iragarki ofizialak. Hortaz, eskaintzak aurkeztea libre dute enpresek; irailaren 8a baino lehenago egin behar dute hori -egun hartan hastear edo hasixea izango da ikasturtea, eta, beraz, ez dira prest egongo ordenagailuak-.

Eskaintza irekia, baina muga zehatza duena. Lehiaketaren oinarrietan argi dio: ordenagailuen sistema eragileak Windows XP Profesional behar du izan. Gainera, gailu horietatik 18.500ek izan beharko dituzte Microsoft Office Standard eta Microsoft One Note lizentziak. Hortaz, Microsoft enpresak izango du Jaurlaritzak erosiko dituen ordenagailuei sistema eragilea jartzeko ardura, baita haietako gehien-gehienei programa pribatuak jartzekoa ere. Oinarrietan bertan dio lizentziak eskuratzeko prezioa eta baldintzak dagoeneko Hezkuntza Sailak eta Microsoftek adostu gisara egingo direla.

Sustatu.com atarian egin dute salaketa. Haien arabera, hezkuntzarako prezio merketuan, 60 euro inguru balio ditu Windows sistema eragile bakoitzak; Microsoft Officek, berriz, 52 euro. Microsoft One Note lizentziaren prezioa ezin izan dute jakin, baina ez da debalde izango. Lizentzia bakoitzaren prezioa eta Eusko Jaurlaritzak erosi asmo dituen ordenagailu kopurua biderkatuta, sistema eragiletan 1,2 milioi euro eskuratuko ditu Microsoftek, eta beste 960.000 euro Office paketeagatik -hori guztia kontuan hartu gabe Microsoft Onerengatik lortuko duena-. Proiektu osoaren aurrekontua 9,8 milioi eurokoa da. Hor sartzen dira ordenagailuak eta arbela elektronikoak ere.

Lopez, software librearen alde

Sustatu.com atarian salatu dute Hezkuntza Sailaren erabakia. Berriari iruzkinak egin dizkioten batek baino gehiagok deitoratu dute Patxi Lopez lehendakaria software librearen alde agertu zela Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako kanpainan, eta orain enpresa pribatu baten alde egin duela.

Lopezek berak esandakoak gogorarazi dituzte erabiltzaile batzuek. Hauteskundeen atarian, softwarelibreanahidugu.org taldeak galdera sorta bidali zien lehendakaritarako hautagaiei. Software librearen alde agertu zen Lopez. «Gure apustua kode irekiko softwarearen aldekoa izango da dudarik gabe», erantzun zuen. Hezkuntzaren alorra nabarmendu zuen. «Hezkuntzan erabiltzen den software guztia kode irekikoa izatearekin guztiz ados gaude, eta batez ere informatika geletan ikasleei tresna hauek erabiltzen irakastearekin».

Taldeak egindako manifestua sinatzeko arazorik ez zuela jakinarazi zuen Lopezek. Besteak beste, agiri horrek Eusko Jaurlaritzari eta beste erakundeei eskatzen die programa libreen erabileran hezitzeko, bereziki eskolan. «Aipatzen denarekin zeharo ados nago, eta ez nuke sinatu eta laguntzeko arazorik izango», esan zuen Patxi Lopez lehendakarigaiak. Hark ez, baina Justizia sailburu eta Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiak sinatu zuen, eta hori egitera deitu zuen bere blogean.

ggoikoetxea@berria.info

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia