Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 17:07

harian;2009-08-09;Zabalgarbiko kutsadurak kezka sortu du herritarren eta erakundeen artean. Plantaren inguruko lurretan agertutako kutsadura zulogunearen filtrazio batzuen ondorio dela uste dute ekologistek Eusko Jaurlaritza ari da auzia ikertzen, Uraren Euskal Agentziaren bidez

Zabalgarbiko kutsadurak kezka sortu du herritarren eta erakundeen artean

Plantaren inguruko lurretan agertutako kutsadura zulogunearen filtrazio batzuen ondorio dela uste dute ekologistek

Eusko Jaurlaritza ari da auzia ikertzen, Uraren Euskal Agentziaren bidez

Maite Asensio.

Bilbo

Aspalditik datoz Zabalgarbi errauste plantaren (Bilbo) inguruko kritikak, baina aurten argitara atera diren berriek kezka eragin dute ekologistengan, erakunde publikoetan eta plantaren inguruko herritarrengan. Urtarrilean, sozietatearen kudeaketari buruzko eztabaida zabaldu zuen Bernard Madoffen iruzurraren ondorioz Zabalgarbik galdutako dirutzaren albisteak.Orain, plantaren jarduera bera jarri da auzitan, inguruko lurren kutsadurak nabarmen egin duelako gora hilabete gutxitan. Tartean, Zabalgarbi II eraikitzeko asmoa bera ere zalantzan dago.

Plantaren inguruan lurrazpian metro batzuetako sakoneran egindako neurketetan, zink, antseniko, sodio, potasio eta bario maila altuak topatu dituzte, besteak beste. Kloruroek eta metal astunek gora egin dute azken hiru urteetan, baina urte hasietarik ekainera askoz bilakaera azkarragoa izan zuen kutsaduraren pilaketak. Zinka, esaterako, litro bakoitzeko 50 mikrogramoren azpitik egon izan da ia beti; apiriletik, ordea, litroko 460 mikrogramo daudela adierazi dute neurketek. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila kutsaduraren jatorria ikertzen ari da, Uraren Euskal Agentziaren bidez. Iraila hasierarako espero dituzte emaitzak. BERRIAk ez du lortu Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiako ordezkariekin hitz egiterik. Uztailean Zabalgarbiko zuzendari nagusi izendatutako Jose Ignacio Zudairek ere ez du oraingoz adierazpenik egin nahi. Dena den, Zabalgarbiko prentsa bulegotik BERRIAri adierazi diotenez, plantaren inguruan hilero egin ohi diren neurketetan «parametro batzuk» igo direla antzeman dute, «baina legezko kopuruen barruan».

Oraingoz ez dago argi nola heldu den kutsadura lurrera. Ekologistak Martxanen ustez, errauste plantara heldutako hondakinak jasotzen dituen zulogunearen bidez iraztu dira metal astunak eta kloruroak. Izan ere, hondakin horiek, organikoak izanik, hezetasun handia dakarte, eta usteldu egiten dira askotan. Ondorioz, lixibiatu izeneko likido azidoak eratzen dira. Likido horiek zulogunearen hondora heltzen dira, baina drainatze sistema baten bidez zulogunearen goiko aldera eramaten dira.

Ekologistek uste dute azidoak zulogunearen hormigoia jaten ari direla pixkanaka. Korrosioa azkartu egingo lukete drainatze sisteman matxurak egoteak edo zulogunean gainkarga egoteak. Zabalgarbiko iturriek diotenez, ordea, zulogunea «bikain» dagoela ondorioztatu dute Labeinek egindako azterketek.

Edonola ere, errauste planta Arraiz mendian dago, eta hango lurrek irazkortasun handia dutela gogorarazi du Ekologistak Martxanek, planta eraiki baino lehen ohartarazi zuten bezala. Izan ere, Zabalgarbiren inguruko lurrak karstikoak dira, antzina harrobi gisa erabili baitzituzten

Gainera, sakoneran 20 metro eginda, Bilbo urez hornitzen duen Ordunteko kanala igarotzen da. Eremu horretan, ura ez doa hodien barrutik, baizik eta babesik gabeko zulobide batetik. Hortaz, balizko irazteak errazago helduko lirateke uretara.

Lurren kutsaduraren berri izan zenean, Bilboko Udalak ukatu egin zuen Ordunteko kanaleko ura kutsatuta zegoela, eta berretsi zuen ez zegoela arriskurik pertsonen osasunerako. Ekologistek diote Ordunteko kanalak emari handia duela gune horretan, eta, beraz, irazteen ondorioz kutsadurarik heldu bada, azkar disolbatu dela. Horrek ez du esan nahi arriskurik ez dagoenik.

Aspaldiko arazoak

Zabalgarbiren inguruko lurren kutsaduraren jatorria zulogunearen irazteetan dagoela baieztatuko balitz, azpiegituraren eraikuntzan edota mantentze lanetan «gabeziak» egon direla berretsiko litzateke, ekologisten ustez. Alde horretatik, duela hamar urte errauste plantaren aurkako mugimenduak izandako indarra gogorarazi du Ekologistak Martxanek. Gaineratu dute planta «oso azkar» eraiki zutela, presioengatik.

2004an jarri zuten martxan Zabalgarbi, eta ordutik arazo asko izan direla dio talde ekologistak. Adibidez, agindu baino kalitate gutxiagoko makinak erabiltzen dituztela salatu izan dute plantako langileek; egun, mobilizazioetan dabiltza, lan baldintzak hobetzeko asmoz. Baina atmosferara isuritako elementuei eta lurraren kutsadurari buruzko datuen inguruko «isiltasunak» kezkatzen ditu ekologistak batik bat.

Izan ere, taldeak sarritan eskatu izan ditu Labeinek egindako azterketen emaitzak, baina ez diote inoiz erantzun. Halaber, 2000an iragarri zuten kanpo batzordea osatuko zutela plantaren jarduna jarraitzeko. Udalek, gizarte eragileek eta unibertsitateko ordezkariek osatzekoa zuten batzordea. Bederatzi urteren ondoren, ordea, ez dute halakorik sortu.

Planta kontrolatzeko borroka

«Kasualitate handia da hau orain argitara atera izana». Ekologistak Martxanek uste du Zabalgarbiren kontrola eskuratzeko borrokak eragina izan duela kutsadurari buruzko informazioa prentsan argitaratzean. Egun, enpresa pribatuen esku daude Zabalgarbiren akzioen %65; Sener, FCC eta BBKren esku, hain zuzen. Baina, Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko Planak 2006an ezarri zuenez, hondakinen tratamenduarekin lotutako konpainien akzioen erdiek gutxienez erakunde publikoen ardurapean egon behar dute. Zabalgarbiren barruan beste errauste planta bat eraikitzeko asmoa dutenez gero, akzioak erosteko interesa agertu du Bizkaiko Diputazioak.

Urtarrilean Zabalgarbik 3,7 milioi euro galdu zituela jakin zen, Bernard Madoff iruzurgileak kontrolatutako funts batean inbertitu ondoren. Sozietatea esku pribatuetan egonda kontrolik ez duela iradokita, Bizkaiko Foru Aldundiak akzio gehiago erosteko baldintza jarri zuen, beste planta baten egitasmoarekin jarraitzekotan. Zabalgarbiko iturriek BERRIAri adierazi diotenez, Sener bere akzioen zati bat saltzeko prest dago.

Edonola ere, akzioen jabetza ez da hurrengo planta horrek duen oztopo bakarra. Zabalgarbi II martxan jartzeko, hondakin gehiago jaso beharko lituzke plantak. Krisi ekonomikoak ekarritako kontsumo jaitsieraren ondorioz, baina, zabor gutxiago sortu da Bizkaian hilabeteotan. Gainera, orain arte Bilboko Udalak uko egin izan dio hiriburuko zaborra Zabalgarbira eramateari. Bada, erabaki horri eusteak egitasmoa baldintza dezake: Bilboko hondakinak Zabalgarbira eramaten ez badituzte, ez da egongo nahiko zabor beste planta horretan errausteko, eta, beraz, proiektua ez da errentagarria izango.

Bilboko hondakinak Zabalgarbitik hurbil dagoen zabortegi batean uzten ditu Udalak, besteak beste, merkeagoa delako; baina biltegi hori bete egingo da urte gutxi barru. Hortaz, zirt edo zart egin beharko du Udalak: hondakinak Zabalgarbira eraman, edo zaborra tratatzeko beste kudeaketa molde baten alde egin -konpostaren alde, esaterako-. Hondakinak Zabalgarbira eramatea erabakiko balu, hiriburuko biztanleek ordaindu beharreko zabor tasa nabarmen igoko litzateke. Baina, horrez gain, Bizkaian hondakinak kudeatzeko eredu alternatiboak baztertzea ekarriko luke.

 

Oso kezkatuta daude Zabalgarbitik hurbil dauden auzoetako bizilagunak, osasun arazoak agertu direlako; kutsadura giza katera hel daitekeen beldur dira.

Errausketa arnasten eta jaten

M. Asensio

Bilbo



Errauste plantek haiekin daramate kezka hitza. Alde batetik, hiri hondakinak kudeatzeko ereduari buruzko kezka, errausketa ez delako ez merkea ez garbia. Bestetik, errausteak ingurumenean eta pertsonen osasunean izan ditzakeen eraginen inguruko kezka, atmosferara dioxinak, furanoak eta antzeko gai toxikoak kanporatzen dituelako. Hori dela eta, Zabalgarbiri buruzko azken albisteak ez ditu ezustean harrapatu inguruko biztanleak. «Aspalditik gaude kezkatuta», dio Luis Muñoz Bilboko Zorrotza auzoko bizilagunak.

Izan ere, plantatik hurbil dauden guneetan hasiak dira kutsaduraren ondorioak pairatzen. Muñozek azaldu duenez, Zorrotzako hainbat auzolagun kexatu egin dira, azkura eta erresumina izan dituztelako begietan, sudurrean eta eztarrian. Auzo Elkartera ere kezkaturik joan dira zenbait bizilagun, minbizi kasuek eta biriketako gaixotasun kopuruak gora egin dutelako. «Horren ebaluaziorik ezin izan dugu egin, baina osasunak kezka handia eragin du auzoan», dio Muñozek. Arazo horiek gertatu direla frogatzeko, Bilboko Udaltzaingoari eman diote parte, eta Udalean kexak jarri dituzte.

Udaleko ordezkariekin izandako bileretan, adierazi izan diete inguruko enpresa guztien kutsadura maila legezko parametroen barruan dagoela. Muñozen arabera, «kontraesan» argia dago hor: «Dena legezkoa omen da, baina albisteek eta txostenek kutsadura dagoela diote. Eta araudia betez horrelako ondorioak baditugu gure osasunean, agian legeak aldatzeko garaia iritsi dela pentsatu beharko dugu». Izan ere, kezka haserre bilakatu da Zorrotzan: «Oso gogorra da jakitea airean ditugun elementu batzuek minbizia eragiten dutela, eta erakundeak ez direla kezkatzen ikustea».

Kutsadura giza katean

Zabalgarbi errauste plantatik metro gutxi batzuetara dago Bizkorta estarta (Kastresana auzoa, Bilbo). Hango bizilagun apurrak ere kexu dira, kutsaduraren berri izan arren, ez dutelako erraustegiaren jarduera bertan behera utzi. Zuzenean eragiten die arazoak, lurretik zein airetik. Gune horretan oso erraza da kutsadura giza katean sartzea: atmosferara isuritako substantziak, euri uren bidez lurrazalera jaitsi ondoren, kalteak eragin ditzake nekazaritzan eta abeltzaintzan.

Eta badute horren zantzurik. Hala azaldu du Fernanda Pinilla bizilagunak: «Gure ortuetan landatzen ditugun tomateak forma arrarorekin hazten dira. Ez ditugu jaten». Ez da harritzekoa: dioxinak ehundaka urtez gera daitezke airean eta lurrean, eta hainbat kilometroan zehar hedatu. Gainera, airetik erraz igarotzen dira gizakien ehunetara, eta, bertan daudela, biometagarriak dira.



 

Zabalgarbiri buruzko zenbait datu



NORTASUN AGIRIA

Urtea. 2004.

Kokapena. Bilboko Arraiz mendian dago; oso hurbil ditu Alonsotegi eta Bilboko Zorrotza, Errekalde eta Kastresana auzoak.

Jarduera. Errauste planta bat da. Hiri hondakin solido organikoak errausten ditu, eta prozesu horren bitartez energia elektrikoa sortzen du.

Hondakinak. Bizkaiko herri gehienetako hiri hondakinak tratatzen ditu. Bilbokoak, ez.

Ingurumena. Errausketaren bidez gai kimiko toxikoak isurtzen dira atmosferara, besteak beste, karbono dioxidoa, beruna, kadmioa, dioxinak eta furanoak. Prozesua amaitzean ere hondakin arriskutsuak geratzen dira, errauts toxikoak, kasu. Zabalgarbitik hurbil dago Artigako zabortegia, eta hara eramaten dituzte.

AKZIODUN PRIBATUAK

Sener: %30.

FCC: %30.

Bilbao Bizkaia Kutxa. %5.

AKZIODUN PUBLIKOAK

Bizkaiko Foru Aldundia. %20.

Eusko Jaurlaritza, Energiaren Euskal Erakundearen bidez: %10.

Ezkerraldeko Udalen Mankomunitatea: %5.



 

22



Mikrogramo artseniko. Litro bakoitzeko 22 mikrogramo artseniko topatu zituzten maiatzean Zabalgarbiren ondoko lurretan. Edateko urak litroko 10 mikrogramo artseniko izan ditzake, gehienez ere. Artsenikoak minbizia eragiten duela dio Osasunaren Mundu Erakundeak.



 

%3,8



Hondakin gutxiago Bizkaian. 669.483 tona hiri hondakin sortu zituzten iaz bizkaitarrek, 2007an baino ia %4 gutxiago; 2004an hasi zen beheranzko joera. Bizkaiko Aldundiaren aurreikuspenek huts egin dute: 2016an espero baino 100.000 tona hondakin gutxiago bilduko dituzte.



 

Donostiak San Markoseko Mankomunitatea salatuko du



Donostiako Udalak iragarri du helegitea jarriko diola San Markoseko Mankomunitatearen aurrekontuari. Izan ere, aurrekontu horretan inbertsioak bikoizten direla uste du Udalak. Salatu du San errauste planta saihestuko duen konpostatze planten sarea eraiki nahi duela San Markoseko Mankomunitateak.



 

Zabalgarbi Madoffen dirua berreskuratzen ari da



3,7 milioi euro galdu zituen Zabalgarbik Bernard Madoffen iruzurrean, Santander bankuak kudeatutako inbertsio funts baten bidez. Bada, Zabalgarbiko prentsa bulegoaren arabera, diru hori «pixkanaka» berreskuratzen ari da sozietatea, Santanderrek kaltetuei agindutako kalte-ordainen bidez.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia