Cementos Rezola hiri hondakinak erretzeko prest agertu da
Zaborrak «lehengai alternatibo» moduan erabiltzea da Rezola zementu fabrikako arduradunen helburua
Erredakzioa.
DonostiaDonostiako Añorga auzoan kokatutako Cementos Rezola enpresak bere eraikinetan hiri hondakinak erretzeko asmoa iragarri du. Lantegiko arduradunen iritziz, horrela, zaborrak «lehengai alternatibo» moduan erabiliko lituzkete. «Gure lanean ekosistemarekiko kolpea murrizten ari gara; osasuna eta segurtasuna aintzat hartzen ditugu», adierazi du enpresak.
Euren helburua, birziklatzen ez diren zaborrak zementu fabrikako labeetan errez, zaborrak lehengai moduan erabiltzea da. Orain arte egin izan dute horrelakorik; gurpil zorroekin, plastikoekin eta arazgailuko lokatzekin, besteak beste.
Asier Otxoa de Eribe Cementos Rezolako Ingurumen arduradunak adierazi du fabrikan moldaketa batzuk egin behar dituztela, baina «zaborren gehiengoa» errausteko prest daudela.
Zementua egiteko beharrezkoa den cliker-a sortzeko, petrolio kokea erabiltzen dute. «Zaborrekin ezinbestez kantitate gehiago erabili beharko genuke, baina ingurumen apustu bat da, ez duena ez zaborrik, ez eta errautsik uzten», adierazi du fabrikako ingurumen arduradunak.
Zaborrak euren lantegietan erretzeko proposamenaren aurrean, Gipuzkoako erakundeak ez direla eurekin harremanetan jarri esan du Otxoa de Eribek.
Euren egitasmoa martxan jartzeko, auzokideekin, komunikabideekin, enpresarien elkarteekin eta talde ekologistekin biltzeko asmoa iragarri dute.
EB-Berdeakeko Mikel Izagirrek «zaborrak erretzeko zementu fabrikarik ez erabiltzeko» eskatu dio Gipuzkoako Aldundiari. Fabrikan zaborrak errausten badituzte, «erraustegi ezkutu» bihurtuko dutela salatu du Izagirrek.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
