2009-08-01
Gaztesareari lotuta atxilotu zituzten hirurak aske utzi dituzte
ETAri laguntzea egotzi die Acero, Martinez eta Artolari, Segiren zozketa baten zenbaki sariduna argitara emateagatik
Aitziber Laskibar.
Gaztesarea gazte mugimenduaren atariarekin lotura izateagatik ETAri laguntza ematea egotzita Guardia Zibilak asteazkenean atxilotutakoak, Iker Acero, Alberto Martinez eta Arkaitz Artola, aske utzi ditu Fernando Andreu epaileak, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklarazioa hartu ondoren. Andreuren ustez, hirurek delitua egin dutela esateko zantzuak badaude, baina ez dago ihes egingo dutela edo frogak deuseztatuko dituztela pentsatzeko arrazoirik. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak aske izateko eskubidea bermatzeko premia azpimarratzen duela ohartarazi, eta hiru atxilotuak baldintzapean aske uzteko agindu du. Hamabostero epaitegian sinatzea, bizilekuz aldatzekotan epaileari horren berri ematea eta auzitegiek ezarritako hitzorduetara joatea jarri die baldintzatzat, eskaera horiek bete ezean espetxeratu egin ditzaketela abisu emanda.
Hala ere, atxilotuek delitua egin dutela esateko zantzu argiak ikusi dituela dio epaileak. Segi gazte erakundeak antolatutako zozketa baten zenbaki saridunaren berri ematea da ustezko delitua. Gaztesarea atariak zenbaki hori argitaratzeagatik Segi diruz laguntzea egotzi die atxilotuei. Eta, Espainiako Auzitegi Gorenak gazte erakundea legez kanporatua duenez, ETAri laguntza ematea.
2008ko urrian Segi egitekoa zen zozketa baterako zenbakiak Guardia Zibilak atzeman zituenean abiatu ziren auziaren lehen diligentziak, autoak jasotzen duenez. Txartelak euro baten truke saltzen zirela eta Segiren anagrama zutela dio, eta Guardia Zibilak ikerketa abiatu zuela.
Epaileak dioenez, segi.tk webgunean argitaratzekotan zen zenbaki sariduna, baina gune hori itxi egin zuten, eta, beraz, saridunaren berri beste blog batean emango zutela zabaldu zuten. Gaztesarearen egoitzari eta Alberto Martinezen bizilekuari zegozkien saria publiko egiteko erabili ziren ordenagailuen telefono sareak.
Gaztesarearen egoitzan egindako miaketan Interneteko zenbait zerbitzutara sartzeko oharrak aurkitu izanari garrantzia ematen dio autoak, atari horietako bakoitza zerrendatuta. Auzian delitua egon badagoela esateko argudiotzat erabiltzen du hainbat helbide elektroniko eta Interneteko atarirekin lotura izatea. Epaileak ondorioztatu duenez, Gaztesareak «webguneen sarea, helbide elektronikoak, bideoen eta sare sozialen arteko trukea eta beste kudeatzen ditu».
Jakina da Gaztesarea gazte mugimenduaren ataria dela eta informazio trukerako zein eztabaidetarako tresna gisa erabiltzen dela. Internet duenez baliabide, pentsatzekoa da beste hainbat gizarte eragile zein banakoren webguneekin lotura izango duela.
Martinezek akusazioen oinarri den zozketa haren zenbaki saridunaren berri eman zuela dio epaileak. Hortaz, Segiren diru bilketarako funtsezkoa izan zela.
Acerok webgunearekin harreman zuzenik ez duela uste du. Baina ataria sortzen laguntzeko bere irudia eskaini zuela. Surflari ezaguna da Acero, eta, epailearen ustez, «kirolari gailen gisa bere irudi publikoa eskaini zuen, miresten dutenak legez kanpoko erakundearen aldeko mezuak zabaltzen dituen orrira erakartzeko».
Artola gaztesarearen webgunea eguneratu eta kudeatzeaz arduratzen diren pertsonetako bat dela dio epaileak, eta baduela atarian argitaratzen diren edukien berri.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
