2009-07-30
Presoen aldeko udako ekimenak abuztuaren 1ean eta 9an egingo dituzte
Elkarretaratzera deitu du etziko Etxerat-ek Azpeitiko Loiolan, «elkartasun harresia» eraikitzeko
Erik Gartzia.
DonostiaBeste urte batez, «behartuta», Etxerat euskal presoen senideen eta lagunen elkarteak sakabanaketa salatuko du Euskal Herriko errepideetan eta hondartzetan, eta gizarteari deialdia egin dio presoei elkartasuna adierazteko. Abuztuaren lehen egunean errepideetara aterako dira, eta bederatzian, berriz, hondartzetara eramango du Etxerat-ek aldarrikapena. Larunbatean ere, Azpeitiko Loiolako basilikaren aurrean elkarretaratzea egiteko deia egin du presoen senideen eta lagunen elkarteak. Goizeko hamarretan izango da, mezaren aurretik. Isabel Zelaa jarduneko lehendakariak parte hartuko du mezaren aurreko prozesioan, eta hari helarazi nahi diote mezua.
Larunbatean Euskal Herriko errepideetara irteteko deia egin du Etxerat-ek, «jada hogei urte bete dituen sakabanaketa» salatzeko. Eguerdian hasi eta ordubete geroago amaituko da hilaren lehenengo eguneko ekimena. Etxerat-ek euren senide eta lagunak «egunero heriotzaren erruletan murgiltzen» dituztela salatu du, «bizi baldintza gogorretan eta inpunitateak eta gaixotasunak bat egiten duen lekuan dituztelako». Gainera, espetxe barnean daudenez gain, «astebururo presoen senide eta lagunok gure bizitza arriskatzen dugu Espainiako eta Frantziako errepideetan», nabarmendu dute.
Gogorarazi dutenez, 21 euskal preso hil dira espetxe politikak iraun duen denboran, eta «gaur egun 740 preso daude, batez beste etxetik 700 kilometrora». «Xantaia» hori salatzeaz gain, «xantaia ekonomikoaren» aurka ere egin du Etxerat-ek. «Urtean ia 15 milioi euroko odoluste ekonomikoa dakar sakabanaketak, eta hori xantaia ekonomikoa da bai presoentzat, bai senide eta lagunentzat, baita mugimendu politiko oso batentzat ere».
Abuztuaren 9an, berriz, hondartzetan «elkartasuna adierazi eta bustitzeko» deia egin du elkarteak. «Aukera bikaina da gure aurkako jarrera erakutsiz euren ezintasuna eta frustrazioa islatzen dutenen aurrean elkartasun harresi bat eraikitzeko», esan dute. «Sakabanaketa politika kriminala» amaitzeko eskatu, eta «elkartasuna eta maitasuna sekula delitu» ez direla berretsi du Etxerat-ek.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
