Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 17:05

harian;2009-07-21;Eskubide zibil eta politikoen aldeko Bat Egin egunera deitu dute. Eskubide urratzeak normaltzat hartzen direla ohartarazi, eta egoera horri herri gisa aurre egiteko deia egin dute auzipetuek Lan politiko eta soziala egiteagatik Auzitegi Nazionalak auzipetutakoek egin dute deia

Eskubide zibil eta politikoen aldeko Bat Egin egunera deitu dute

Eskubide urratzeak normaltzat hartzen direla ohartarazi, eta egoera horri herri gisa aurre egiteko deia egin dute auzipetuek

Lan politiko eta soziala egiteagatik Auzitegi Nazionalak auzipetutakoek egin dute deia

Aitziber Laskibar.

Bilbo

Eskubide zibil eta politikoak eskubide ziren lehen, eta delitu dira orain. Horixe da uste dutena mugimendu politiko eta sozialetan jarduteagatik ETArekin lotura izatea egotzita Espainiako Auzitegi Nazionalean auzipetuta daudenek. Urratze horiek ohikoak bihurtu direla diote, eta dagoeneko ez dutela harridurarik sortzen. Egoeraren larritasunaz ohartarazi dute Udalbiltzaren aurkako auzian auzipetuta dagoen Maribi Ugarteburuk eta AAMren aurkako epaiketan epaitu zuten Aratz Estonbak, 300 bat auzipetuen izenean. Egoera irauli beharra plazaratu dute. Eta, horretarako, herri gisa aritzea besterik ez dagoela azaldu. «Herri gisa, bat eginik» herritar guztiei dagozkien eskubide zibil eta politikoak aldarrikatu behar direla. Eguna jarri dute horretarako. Bat Egin Eguna antolatu dute, irailaren 20rako, Altsasu eta Urdiain batzen dituen San Pedroko zelaietan.

Egin egunkaria argitaratzen zen garaian, Nafarroako zelai horietan Egin Eguna egiten zen urtero, Auzitegi Nazionalak egunerokoa itxi zuen arte. Duela bi urte, 18/98 auziaren epaiketa egiten ari zela, milaka lagun bildu ziren berriz San Pedroko zelaietan, epaiketa bertan behera utz zedila eta eskubide zibil eta politikoak errespetatu zitezela aldarrikatzeko.

Oinarri politiko soiletan eraikitako hiru auzietan epaitutako dozenaka lagun espetxeratu dituzte gaur arte. Beste hainbat herritar epaiketa eguna jartzeko zain daude. Beste auzi asko instrukzio fasean daude oraindik. Ugarteburu bera epaiketaren zain dago, eta, orain arteko aurrekariak ikusita, badaki kartzela zigorra jaso dezakeela. «Oso litekeena da gu ere lan politiko eta soziala egite hutsagatik espetxera eramatea».

Zergatia argi dauka Udalbiltzaren aurkako auzian auzipetutakoak: «Legeek berez justizia egiteko zeregina badute ere, hemen, eskubideak zanpatzeko instrumentu bihurtu da Justizia, eta batez ere Auzitegi Nazionala». «Euskal Herrian Espainiako legeak eskubide zibil eta politikoak urratzeko erabiltzen dira». Hortaz, Euskal Herriko «sektore zabal» bati lan politiko eta zibila egiteko eskubidea «birrindu» zaiola dio. Ezinean bihurtu dela berez eskubidea dena.

Egoera hori «errotzen» ari dela ohartarazi du. Debeku eta ezintasun horiek gero eta hedatuagoak daudela. Eta neurririk gabeko zabaltze horrek gero eta argiago erakusten duela horiek atzean duten helburua: errealitatea desitxuratzea. Herriko sektore bat «mapa politiko, sozial eta instituzionaletik ezabatzeko ahalegin amorratua» egiten ari dela uste du Ugarteburuk. Eta, horrela, Euskal Herriko benetako egoera «desitxuratuta» erakusten ari dela. «Egia eta errealitatea ordezkatzen ez duen panorama da begien aurrean jartzen zaiguna: demokraziarekin zerikusirik ez duten instituzioen jarduna; herri sektore eta mugimendu ugariren adierazpena kaletik ezabatu eta kentzeko ahalegin amorratua. Indarrez herri honen benetako egoera aldaraztea bilatzen duen salbuespeneko egoeraren aurrean gaude».

Eskubideak urratzeko legeak

«Salbuespen egoera» horren adibidetzat du adierazpen askatasunaren erabilera. Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna 1966an sinatu zela gogorarazi du. Bertan jasotzen dela eskubide horiek norberaren duintasunari atxikiak direla. Baina 43 urteren ondoren, «Euskal Herrian eskubide horiek sistematikoki urratzeko legeak» eraiki dituztela salatu du. Berez baldintzarik gabekoak behar luketen eskubideak «xantaia eta baldintzapean» daudela. «Adierazpen askatasuna, adierazten den horren arabera izango da errespetatua edo ez», adierazi du. «Salbuespeneko lege horiek asmatu dituzten horiek agintzen dutena da adierazi beharrekoa. Iritzia, pentsamendua, adierazpena gustuko badute, legezkoa da, eta hala ez bada, terrorismoa izango da, eta terrorista gisa izango gara zigortuak».

Desitxuraketa horren baitan kokatu du, baita ere, azken hilabeteetan presoen argazkiekin gertatzen ari dena. «Preso politikoak errealitate bat dira», ohartarazi du Ugarteburuk. «Hemen gatazka politiko bat dago, alde guztietatik sufritzen ari da asko, eta alde horietako bat presoak dira. Preso politikoak existitzen dira eta horien argazkiak kendu nahi izanda ere errealitate hori ez da desagerraraziko». Hortaz, argazki horiek desagertzeko, gatazka konpontzeko deia egin du, bera ere «lan politiko eta zibila soilik egiteagatik argazki horien zati» izan daitekeela azalduta.

 

Auzi politikoen soka luzea eta amaigabea



Haika-Segi. 23 gazte zigortu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta Auzitegi Gorenak zigorra gogortu zuen. ETAko kide izatea egotzi zien, eta seina urteko kartzela zigorra ezarri. 2007ko urtarrilean atera zen epaia. Zigorra osorik bete ostean, ateratzen ari dira batzuk.

18/98 auzia. Egin egunkaria argitaratzen zuen Orain SA editorea, enpresak, Ekin, Xaki eta Joxemi Zumalabe Fundazioa barne biltzen zituen 18/98 makrosumarioan 56 lagun auzipetu zituzten. Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu eta zigortu ostean, aldaera batzuekin berretsi zuen zigorra Auzitegi Gorenak maiatzean. Hainbat arrazoigatik 47 izan ziren azkenean epaituak. 36 lagun kartzelatzeko agindu zuen, eta sei eta hamahiru urte arteko zigorrak betetzen ari dira. Beste hiruri bi urte baino gutxiagora zigortu zituztenez, ez daude kartzelan. Eta beste bederatzi errugabetzat jo zituzten.

Amnistiaren Aldeko Batzordeak. 2008ko irailean atera zuen epaia Auzitegi Nazionalak. 27 auzipetutatik 21 zigortu zituen. Zortzi eta hamar urteko kartzela zigorra betetzen ari dira.

'Egunkaria auzia'. Epaiketa egin edo ez erabakitzeko fasean dago auzia Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak eta defentsak auzia behin betiko artxibatzeko eskatu dute. Zazpi auzipetu daude, eta bost gehiago auzi ekonomikoan.

Udalbiltza. Sumarioa itxita dago. Epaiketaren zain. 22 auzipetu daude.

Batasuna/ EAE-ANV/ EHAK. 44 lagun auzipetu zituen Garzonek. Hiru alderdiak daude legez kanpo. Eta bertako kideak dira auzipetuak. ETAko kide izatea egotzi diete.

AuB eta herri plataformak. Horiek guztiak legez kanpo daude. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak epaia berretsi du eta Estrasburgoko Giza Eskubideen auzitegiak zer esango zain daude.



 


Batzuk harrituta galdetzen digute ea oraindik epaitu egin behar gaituzten»

MARIBI UGARTEBURU

'Udalbiltza auzian' auzipetua





 

Ertzaintzaren jarrera salatu dute Santurtzin



Ostiralean Ertzaintzak Santurtziko txosnetan izan zuen jarrera gogor salatu dute gunea osatzen duten 21 eragileek. Presoen argazkiak kendu eta «okupazio poliziala» egitea adierazpen askatasunaren aurkakoa dela ohartarazi dute. Udalari aurpegiratu diote adostutako segurtasun protokoloa haustea, eta portuko agintariei pertsonen segurtasuna arriskuan jartzea. Bestalde, Bilboko Santutxu auzoan, bi neska atxilotu zituen Ertzaintzak igande goizean, presoen argazkiak zituzten itsasgarriak eramateagatik. Iluntzean askatu zituzten.



 

Maribi Ugarteburu - 'Udalbiltza auzian' auzipetua

Ideologia eta alderdikerietatik haratago, guztiei egin die deia «guztienak» diren eskubide zibil eta politikoen alde egiteko.

«Gustuko dutena esanez gero adierazpen askatasuna duzu»

Aitziber Laskibar.

Bilbo



Udalbiltzaren aurkako auzian auzipetuta egonik, epaiketaren zain dago Ugarteburu. Ahozko saioa noiz izango den ez daki, baina antzeko auzietan epaitutakoei gertatu zaienari erreparatuta, lan politikoa egite hutsagatik kartzelara eraman dezaketela badakiela aitortu du.

Zergatik sumatu duzue beharra orain biltzeko eta Bat Egin egun zabala antolatzeko?

Hainbat antolakunde, pentsamendu eta bizimodu legezkotasunetik kanpo uzteko ahalegin handia egiten ari da estatua eskuartean dituen tresna guztiak erabilita. Erabat politikoak diren auziei normaltasun itxura eman nahi die, gu auzipetuta egotea normala izango balitz bezala. Horri buelta eman nahi diogu. Batetik, denboran asko luzatzen ari delako auzi politikoen gai hau. 1998an hasi ziren, eta 11 urte pasatu dira. Eta oraindik ez dira amaitu. Epaiketa asko oraindik egin gabe daude, eta, gainera, soka gero eta luzeagoa da. Epaiketa batzuk egin dira, eta jende asko dago kartzelan halako auziengatik. Oso gordina da errealitatea: eskubide zibil eta politikoak urratuta ditugu gero eta pertsona eta antolakunde gehiagok, eta hori normala balitz bezala aurkeztu nahi zaigu. Normaltasun hori ez dugu irentsi nahi, eta nahi dugu dei bat egin jende guztiari. Euskal Herriaren eskubideekiko kontzientzia izan dezakeen eta Euskal Herria aintzat hartzen duen edozeini deia egin nahi diogu pentsa dezan eskubideen urratze hori ez dela bakarrik auzi politikoetan harrapatuta gauden 300 bat pertsonena; bueltan-bueltan guztiona dela. Horregatik gogoratu nahi dugu arazoa hemen dagoela.

Herritarrak horretaz konturatzen direla uste duzu?

Hurbiletik tokatzen zaiona bai, noski. Eta jende askori tokatzen zaio hurbiletik. Zeren, giza orban hori oso zabala da. Komunikabideetan lan egin izanagatik, gazte mugimenduetan aritu izanagatik, presoei laguntzeko mugimenduetan, Udalbiltzan, udaletan, hainbat mugimenduetan lan egin dugunok hor geratu gara harrapatuta. Gure inguruko jendea oso kontziente da. Beste askorentzat gai hauek eguneroko agendatik at geratu dira, agian komunikabideen eraginez baita ere. Askok galdetzen digute harrituta ea oraindik epaitu egin behar gaituzten. Horregatik gogoratu nahi dugu arazoa oraindik hemen dagoela, eskubide zibil eta politikoek, berez, guztientzat izan behar dutelako eta orain ez direlako guztientzat. Esaten duzunaren arabera adierazpen askatasuna duzu edo terrorista zara. Gustuko dutena esanez gero adierazpen askatasuna duzu. Horretaz ohartarazi nahi dugu, baina modu positibo batean. Horregatik antolatu dugu jai ekimen bat: Bat Egin eguna. Aukeratu dugun irudia ere oso grafikoa da. Esku batzuk zuhaitz bat irudikatzen dute; nolabait eskubideen zuhaitza izango litzatekeena. Euskal Herria ere irudikatzen du zuhaitz horren bitartez. Bat Egin eguna izena bera ere garrantzitsua da. Ideologiak eta alderdikeriak gaindituta, eskubide zibil eta politikoekiko errespetua herri bezala aldarrikatzeko deia egin nahi dugu.

Eskubideen urratzea normal hartzen ari dela diozu. Hori ikusirik gizartea astindu beharra dagoela esaten ari zara?

Bai. Eskubideen ezabaketa instalatu egiten ari da. Normaltasun itxura ematen ari zaie berez urratze larri direnei. Pentsa, 18/98 auziagatik, zergatik daude pertsona horiek kartzela zigor luze horiek betetzen? Antolamendu politiko batzuetan zeudelako. Edo egunkari jakin batetan zihardutelako. Eta kartzelan daude! Eta beste hainbat ere bide berean joan gaitezke. Ezartzen ari den horri normaltasun zigilua ematen ari zaio, eta ezin da onartu. Benetako barrabaskeriak ari dira hemen gertatzen. Orain, Europa osoan horrelakorik ez dago beste inon. Espainiako Estatua pentsamendu bat mapatik kentzeko ahalegina egiten ari da, eta hori larria da.

Egoerari buelta emateko modurik badagoela uste duzu?

Ekinez lortuko da. Buelta eman behar zaio errealitatea desitxuratzen ari delako. Instituzioek ez dute islatzen benetako mapa politikoa, sufragio unibertsala hemen orain ez delako existitzen. Lan sozio-kulturala ere, segun eta zein mezurekin zoazen, ezin duzu aurrera eraman. Frankismoan ezagutu ziren klabeak berriro ematen ari dira, nahiz eta orain, traje modernoekin izan. Eta sortzen ari den itomena handia da.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia