Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 17:04

euskalherria;2009-07-19;Gerra zikina ÇberrabiatuÈ dutela ohartarazi du ezker abertzaleak. Jon Anzaren desagertzearekin Çerrepresioaren abaniko osoa zabalikÈ dagoela salatu du Xabi Larraldek Ezker abertzalean Çetsipena zabaltzeaÈ nahi izatea leporatu dio Espainiako Gobernuari

Gerra zikina «berrabiatu» dutela ohartarazi du ezker abertzaleak

Jon Anzaren desagertzearekin «errepresioaren abaniko osoa zabalik» dagoela salatu du Xabi Larraldek

Ezker abertzalean «etsipena zabaltzea» nahi izatea leporatu dio Espainiako Gobernuari

Eneko Bidegain.

Baiona

Ezker abertzaleak kezka bizia dauka. Atzo bete ziren hiru hilabete Jon Anza desagertu zenetik, eta «gerra zikinaren» biktima bat dela dio Anais Funosas Askatasuneko bozeramaileak. Ezker abertzaleko hainbat militante agertu ziren atzo prentsaren aurrean, kezka horren berri emateko. «Jon Anzari gertatu zaiona ez da kasu bakan bat. Ildo orokor baten baitan kokatzen da. Gerra zikinaren estrategiaren berrabiatze bat dago», ohartarazi du Xabi Larralde Batasuneko kideak. Hurrengo aste edo hilabeteetan ere horrelakoak gerta daitezkeelako beldurra aipatu du.

Azken hilabeteetako gertakariak gogora ekarri ditu Anais Funosasek. «Juan Mari Mujika bi orenez bahiturik atxiki zuten abenduan. Lander Fernandez bahitu zuten, zanpatu eta laguntza emateko eskatu zioten. Hori salatu zuen, eta gero, preso sartu zuten». Halaber, Zigor Goikoetxearen etxean egindako pintaketak, irainak eta heriotza mehatxuak ere aipatu ditu.

Espainiako Polizia Ipar Euskal Herrian ibiltzen dela ere oroitarazi du, eta hango segurtasun indarrei ematen zaien eskumen handiagoa salatu. «Hor ditugu gure atzetik, armaturik; galdeketetan parte hartzen dute. Frantzia hegoalde osoan daude».

Frantziako eta Espainiako polizien arteko kolaborazioa ezagutuz, Xabi Larraldek ez du sinesten Parisek ez dakiela Jon Anzari zer gertatu zaion. «Hain kontrolatua den Errepublikako lurraldean, nola desager daiteke Jon Anza bezalako militante bat Frantziako Polizia jakinean izan gabe? Nola egin desagertze horiek Frantziako Barne Ministerioaren oniritzirik gabe? Frantziako Barne Ministerioa bera GAL berri baten abiatzearen parte al da?»

Xabi Larraldek dio Frantzia Espainiak daraman «errepresio estrategiaren parte» dela. Horren adibidetzat eman ditu azkenaldiko atxiloketak. «Madril gerra osoko estrategia batean murgildua da: errepresio fisikoan eta guda psikologikoan». Guda psikologiko horren helburua «burua makurraraztea eta etsipen sentimendu bat sortzea» dela dio Larraldek.

Bileretarako gonbitak

«Gerra zikinaren berpiztearekin», legez kanporatzeekin, «presio eta xantaiekin» eta atxiloketekin, «errepresioaren abaniko osoa» zabalik dagoela azpimarratu du Batasuneko kideak. «Helburua oso argia da: ezker abertzalea Euskal Herriko jokaleku politikotik desagerraraztea». Baina, «ofentsiba errepresibo izugarri hori» dela eta, ezker abertzaleak jakinarazi du ez duela bere ildoa aldatuko. Hala ere, ez dira «besoak gurutzaturik egonen gerra zikinaren aurrean».

Hurrengo egunetan Euskal Herriko eragile eta alderdiekin biltzeko asmoa du ezker abertzaleak. «Ez dugu onartuko batzuek gurekin biltzeari uko egiterik egoera horren larritasunaren aurrean». Max Brisson UMPko kideak ekainean Miarritzen izandako manifestazio baten kari egin zituen adierazpenak gaitzetsi ditu Larraldek.

Anais Funosas Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak emandako hipotesien kontra mintzatu da. Rubalcabak iradoki zuen Jon Anzak ETAren diruarekin ihes egin zuela. «Onartezina da. Iraingarria eta mespretxatzailea da. Jon militante politikoa da. Hogei urtez egon da preso, eta gero militante izaten jarraitu du. Hemen ongi ezagutzen dugu, errefuxiatu gisa. Lan asko egin du».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia