Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 16:59

euskalherria;2009-07-16;ÇFolklorearen bitartez hitza aldarrikatzen duguÈ. Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatuko dute asteburu honetan Eskozian, folklorearen bitartez egingo duten ekitaldian. Eider Alustiza. Autodeterminazioaren aldeko kidea

Eider Alustiza.

Autodeterminazioaren aldeko kidea

Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatuko dute asteburu honetan Eskozian, folklorearen bitartez egingo duten ekitaldian.

«Folklorearen bitartez hitza aldarrikatzen dugu»

Araitz Muguruza.

Donostia

Asteburu honetako bidaia antolatzen ari da Eider Alustiza (Idiazabal, 1979) Idiazabalgo Autodeterminazioaren Aldeko Herri Ekimeneko kidea. 100 pertsona inguru joango dira asteburu honetan Eskoziara, Highlands Games World Championships mundu mailako txapelketara joateko gonbidapena jaso baitute. Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du herri ekimenak; harrera ezin hobea izan dute gainera Eskozian eta Katalunian.

Zer dela-eta sortu zen Idiazabalgo Autodeterminazioaren Aldeko Herri Ekimena?

2008an sortu zen, Idiazabalgo herri kirol taldetik. Ordura arte herri kirol taldeak euskal selekzioaren aldeko eta korrikaren aldeko aldarrikapenak egin zituen, besteak beste. Jauzi kualitatibo bat eman genuen, ordea, 2008an abertzaleen artean ados geunden gai bat bazegoelako: herritarrek dute direna erabakitzeko eskubidea. Euskal Herriko politikari nolabaiteko ekarpena egin nahi diogu.

Eta zeintzuk dira Idiazabalgo Autodeterminazioaren aldeko herri ekimenaren helburuak?

Nazioak duen erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu modu berezi batean. Euskal Herriko folklorearekin hitza eman behar zaigula aldarrikatzen dugu.

Ekitaldia atzerrira, Kataluniara eta Eskoziara eraman dugu, eta irteera hauen helburua hurrengo urtean eskoziarrak eta kataluniarrak Euskal Herrira ekartzea da. Eskoziarrekin han egingo den autodeterminazioaren aldeko erreferenduma aprobetxatu nahi dugu.

Aste honetan Eskoziara egingo duzuen bidaia harremana sendotzeko bidaia izango da?

Edinburgora (Eskozia) joan ginen joan den urtean, baina hango bidaia ez genuen ekitaldiak bakarrik egiteko erabili. Edinburgoko parlamentariekin elkarrizketa bat egin genuen. Unionistekin eta SNPkoekin harremanak landu ditugu. Autodeterminazioaren gaineko esperientzi eta argumentu trukaketa bat da elkarri laguntzeko. Honetatik guztitik mugimendu bat sortu nahi dugu, eta gero, Euskal Herrian erakutsi.

Eta mugimendu horren oinarria zein litzateke?

Batzen gaituena autodeterminazioaren aldeko eskubidea da. Gizartean eta politikan ez dago heldutasunik giza eskubideen gainean edota independentziaren gainean hitz egiteko. Guk diferentzia sortzen duen guztia baztertu nahi dugu, eta ados gauden ekimenek indarra hartzen dutela erakutsi. Kolore guztietako jendeak babesten gaituela ikusi da.

Ekimenaren ondorio izan daitezke Idiazabalgo Udalak diru laguntza ematea, eta Gipuzkoako Ahaldun nagusiak ekimenarekiko interesa agertzea?

Idiazabalgo Udalak diru laguntza eman digu aurten ere. Jendeak ikusten duenean gizarte mugimendu bat dela eta guztiak ados gauden ideia bat bakarrik oinarritu eta hori aldarrikatzen dugula, ongi hartzen dute. Nire ustez, badago mugimendu gose bat. Eskoziara eta Kataluniara joan garenetan behar berak eta aldarrikapen berak ditugula ikusi dugu. Hori guztia batzea posible izan daitekeela ikusita toki askotako atxikimendua jaso dugu.

Eskoziak eta Euskal Herriak, nahiz eta egoera ezberdinean edo bilakaera ezberdinean egon, badute antzekotasunik?

Euskal Herriak eta Eskoziak nazio bat izateko eskubidea dute, baina egoera da desberdina.

Eta zein dira egoera horren desberdintasunak?

Hemengoarekin alderatuta desberdintasun handiena hango alderdiek bai abertzaleek, bai unionistek ere erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dutela da, hemen ez bezala. Horretaz gain, Eskozian ez dago ia gizarte mugimendurik; hemen, ordea, gizarte mugimenduak badaude.

Ekimena herritarrek osatzen dute, erabakitzeko eskubidearen alde dauden herritarrek, hain zuzen. Herritarrak bereizten dituzten ezer badago?

Iritzi desberdinetako jendeak gero bere iritzia izango du, baina ekimenak planteatzen duenarekin ados dagoenak bakarrik izango du taldean tokia.

Herritarren parte-hartzeari zergatik ematen diozue hainbesteko garrantzia?

Oraintxe bertan autodeterminazioaren gainean hitz egiteko prest dagoen alderdi politikorik ez dagoela iruditzen zaigulako. Alderdiek ez dute oraingoz heldutasun nahikoa honetaz patxadaz hitz egiteko. Guk alderdiei erakutsi nahi diegu ados gauden gai bat hartuta gauzak egiteko prest gaudela, eta posible dela zerbait lortzea alderdikerian erori gabe.

Alderdiengandik jasotako babesa, beraz, zuek lortutako zerbait litzateke?

Askotan gure ekimenarekin bat egiten dutela esan digute, baina guk argi uzten diegu, beraiek ekimenaren atzetik datozela. Baldintza bat jartzen diegu nolabait esateko.

Jon Maia bertsolaria eta bere taldea zuekin joango dira, eta han jasotako irudiekin eta testigantzekin dokumental bat osatuko dute. Dokumental horrekin ze irakaspen espero duzue?

Hori nahi dugu guk. Bildutako materialarekin hurrengo urtean ekimena gizarteratu nahi dugu. Horixe izango da lanik zailena, baina baita guretzako erronka ere.

Hemen onartzen ez dutena beste batzuek onartzen dute?

Bai, nolabait esateko. Atzerrian onespen gehiago jaso du gure ekimenak hemen baino. Hala ere, nazioaren ikuspegi jakin bat duten herrialde batera joan ginen. Beraiek gure aldarrikapenarekin harrituta geratu ziren, haientzat begi bistakoa baita herritarrek galdeketa egiteko eskubidea izatea.

 

Eskoziarrek beraien etorkizuna aukeratzeko aukera dute 2010ean



2010a agudo ahaztuko ez duten urtea da zenbait eskoziarrentzat.

Izan ere, hurrengo urtean Eskozian erreferenduma egingo dute, eta Eskoziako biztanleek beren iritzia eman ahal izango dute. Erresuma Batuaren barneko herrialdea diren, edo nazioa diren esango dute. Horiek, ordea, «beste egoera batean» bizi dira. Halaxe azpimarratu du Eider Alustiza Idiazabalgo Autodeterminazioaren Aldeko Herri Ekimeneko kideak. Beraiek Edinburgoko parlamentariekin hitz egin zuten iaz, eta «erantzun paradoxikoa» jaso zuten: «Eskoziako unionistak galdeketaren alde daude, herritarrei galdetu behar zaiela uste dutelako; gero, ordea, beraien ezezkoa aldarrikatuko dute».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia