2009-07-14
Iruñeko festetan bortxatu egin dutela salatu du emakume batek
Erasoa Labrit pilotalekuaren inguruan gertatu zen igande goizean, eta Iruñeko Udaltzaingoa ikertzen ari da gertatutakoa
Gizon bat atzeman dute, bikotekidearen 12 urteko alaba bortxatzea egotzita
Erredakzioa.
BilboIruñeko Udaltzaingoa ikertzen ari da igandean emakume batek jasandako bortxaketa. Erasoa igande goizean gertatu zen, Labrit pilotalekuaren inguruan, eta emakumea Bideko Ama erietxean artatu zuten. Ikerketa «zaila» izaten ari da, Udaltzaingoak jakinarazi duenaren arabera. Salaketa jarri duen emakumeak ez du aukera asko gertatutakoaren informazioa emateko, «drogen edo alkoholaren» ondorioz ez baita gogoratzen.
Ertzaintzak, bestalde, 31 urteko gizon bat atxilotu du, Bilbon, sexu askatasunaren kontrako delitua leporatuta. Larunbat arratsaldean atxilotu zuten, eta haren bikotekidearen 12 urteko alaba bortxatzea egozten diote. Ertzaintzak polizia etxera eraman zuen gizona, eta epailearen aurretik igarotzearen zain dago.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, atxiloketa ospitale batetik deia jaso ostean egin zuten ertzainek. 12 urteko neska hara joan zen, amak eta haren bikotekideak -ustezko bortxatzailea- lagunduta. Medikuek neska artatu zutenean uzkia urratua zuela ikusi zuten, eta bortxatu egin zuten zantzuak. Hori ikusirik, arratsaldeko sei eta erdiak aldera, Poliziari deitu zioten ustezko sexu jazarpenaren berri emateko.
Bertaratu ziren ertzainek galdeketak egin, eta gertatutakoa ikertu ostean, adingabeko neskaren amaren bikotea atxilotu zuten, sexu askatasunaren kontrako delitua leporatuta. Bortxaketa larunbat goizean gertatu zela uste du Poliziak. Neskaren ama lanean zegoela eta egoera horretaz baliatu zela azaldu dute Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak.
Beste atxilotu bat Sestaon
Larunbatean gertatutako beste genero indarkeri kasu baten berri eman zuen Ertzaintzak atzo. Emazteari eta urtebeteko semeari tratu txarrak ematea leporatuta, gizon bat atxilotu zuten Sestaon (Bizkaia). Atxiloketa ustezko erasoa gertatu zen eraikineko bizilagun baten deiaren ondotik egin zuten. Gizon bat bikotekideari tratu txarrak ematen zizkiola ohartarazi zuen deitu zuen pertsonak. Gizona, etxearen ataritik, oihu egin zion erdi biluzik zegoen emakume bati, azken hori kantoi batean ezkutatzen saiatzen zen bitartean.
Gizonak oihu egiten bukatu zuenean tokitik alde egin zuen, eta emakumea etxera itzuli zen. Han urtebeteko semea zegoen bakarrik eta negarrez, poliziak jakinarazitakoaren arabera. Ertzainak tokira heldu zirenean emakumeak azaldu zien ez zela lehen aldia tratu txarrak jasaten zituela. Bide batez, aurreko astean semearen besoa kandela batekin erre zuela azaldu zuen emakumeak. Haurrak zein emakumeak erasoen zantzuak zituztela ikusita, ospitale batera eraman zituzten. Beste Polizia auto batek gizona bilatu zuen, eta genero indarkeri delitua egotzita atxilotu zuten.
Larunbatean ere beste atxiloketa bat izan zen. Hain zuzen ere, 47 urteko gizon bat atxilotu zuten Bilbon, bikotekide ohiari iletik heltzea eta ahoan kolpeak ematea leporatuta. Emakumeak poliziei azaldu zien aldez aurretik eraso egin izan ziola eta duela sei hilabete ez zirela elkarrekin bizi, Deustuko (Bizkaia) Blas Otero kaleko pisuan. Ordea, larunbat gauean gizonak etxeko atea jo zuen; seme-alabentzat janaria zeramala esan, eta etxean sartzea lortu zuen. Behin barruan zegoela, ez zuen alde egin. Etxeko saloian bertan atxilotu zuen Ertzaintzak gizona.
Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzak larunbatean gertatutako genero indarkeri eta sexu jazarpen kasuak gaitzetsi zituen igandean, prentsa ohar baten bitartez. «Indarkeri kasuak eta emakumeei zein haurrei egiten zaizkien eraso guztiak, batez ere sexuari dagozkienak, bukatzeko guztion ahalegina behar da». Hori dela eta, «gizarte arazo larri» horren aurka inolako tolerantziarik ez izateko eskatu zien hiritarrei.
Arazo estrukturalari aurre
Emakumeen kontrako indarkeria arazo estrukturala dela salatu zuen atzo Bilgune Feministak, Getxon (Bizkaia) egindako manifestazioan, eta arazo horri aurre egiten ez zaion bitartean indarkeri hori mantenduko dela. Elkarretaratzea aurreko ostegunean Getxon gertatutako bortxaketa salatzeko antolatu zuten, baina, aldi berean, asteburuan gertatutako indarkeri kasuak gogorarazi zituzten. Hala, manifestazioaren bukaeran adierazi zuten emakumeen aurkako erasoak ez direla «era bakartuan» gertatzen.
Horren aurka, pankartako leloa gogora ekarriz, erantzunik gabe gelditzen den erasorik egon behar ez duela nabarmendu zuten.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
