Ertzaintza Frantzian aritu ahal izatea «oso berri ona» dela adierazi du Jaurlaritzak
Ertzaintza Schengen gunean sartu dadin eskatzeko, legez besteko proposamena egin du EBk Legebiltzarrean
Erredakzioa.
BilboFrantziak ez du inolako arazorik Ertzaintza ETAren aurkako borrokan Frantzian ere ari dadin. Hala kaleratu dute El Correo Español eta El Diario Vasco egunkariek, ETAren aurkako arduradun frantsesak aipatuta iturritzat. Ertzaintza Frantzian aritzea onartzen dutela diote, baina, horretarako, Espainiako Poliziarekin, Guardia Zibilarekin eta Espainiako zerbitzu sekretuekin (CNI) elkarlanean aritu behar duela. Eusko Jaurlaritzak gauzatutzat jo du Ertzaintzaren ahalmen berria: «Demokratentzat oso berri ona eta ETArentzat oso txarra da Ertzaintzak Frantzian lan egitea terrorismoaren aurka», esan du Idoia Mendia bozeramaileak.
Mendiaren esanetan, PSE-EE «beti» izan da Ertzaintza «polizia integrala» izatearen aldekoa, eta beti nahi izan du Frantzian ere ari dadin.
Gainera, Frantziak eskatzen duen polizien arteko elkarlana egon badagoela esan du Mendiak. Eta, gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailaren eta Espainiako Barne Ministerioaren arteko elkarlana «perfektua» dela. «Pozten gara orain elkar laguntzen aritu ahal izatea», adierazi du Punto Radio irratian egindako elkarrizketan. «Terrorismoaren aurka egiteko batasuna eta elkarlana ekarriko duen edozein neurri berri txarra da ETArentzat, eta ona demokratentzat».
Bide horretan, Jaurlaritza «inpunitate guneak ezabatzeko» lanean buru-belarri ari dela azaldu du. Pintaketak ezabatu eta presoen argazkiak kentzen etengabe ari dela. Hala ere, onartu du helburua ez dela egun batetik bestera lortzen. «Kendu egiten diren arren berriz ere jarri egiten dituzte, eta, beraz, Ertzaintzak egunero aritu behar du lan horretan».
Mikel Arana Ezker Batuko legebiltzarkidea ere mintzatu da Ertzaintzak Frantzian aritzeko ahalmenaren inguruan. Aukera horrek poztu egin du, eta, gauzatu dadin, legez besteko proposamena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Ertzaintza Europako Schengen gunean sar dadin Espainiako Gobernuari eskatzeko proposatu du.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
