«Balio demokratikoak» gizartean zabaltzeko eskatu du Arartekoak
EAEko udalek ETAren biktimen alde behar beste neurri ez dituztela hartzen kritikatu du Arartekoak landutako txostenak
Bereziki erakundeek eta gizarteak ETAren biktimekiko duten jarrera aztertu du
Edurne Begiristain.
GasteizIndarkeria amaitu nahi bada, giza eskubideen aldeko «jarrera etikoa» gizartearen arlo guztietara hedatzea eta «balore demokratikoak» erakunde eta gizarte eragile guztietatik sustatzea ezinbestekoa dela nabarmendu du EAEko Arartekoak. Horixe da Euskadin terrorismoaren biktimei erakundeek emandako arreta izeneko txostenak jasotzen duen ondorio nagusienetakoa. Azken berrogei urteotan indarkeriaren aurrean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeek eta herritarrek izan duten jarrera aztertu du Arartekoaren txostenak. «Ongi errotutako balio demokratikoen sistemaren barruan, giza eskubideen aldeko jarrera etikoa gizartearen biztanleriaren %100era zabaltzen denean, ETA eta indarkeria oro desegingo dira», azpimarratu du Iñigo Lamarka Arartekoak, txostena aurkeztu duenean.
Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteari txostena eman ondotik, komunikabideen aurrean eman du haren berri Lamarkak. Nagusiki ETAren indarkeriak eragindako biktimei erreparatu die txostenak. Haren esanetan, jardunean jarraitzen duen «erakunde terrorista» bakarra delako eta hildako gehien hark eragin duelako zuzendu dio Arartekoak txostenaren zati gehiena ETAren indarkeriari. Askoz ere tarte txikiagoa hartu dute helburu politikoengatik indarkeria erabili duten ezkerreko zein eskuineko taldeekin zerikusia duten biktimen kasuek -Triple A, GAE, Batallon Vasco-Español, GAL, GRAPO, eta Iraultza taldeak aipatzen ditu txostenak-.
Txostenak biltzen ditu, besteak beste, 1960tik gaur arte «indarkeria terrorista» erabili duten taldeek hildako lagunen izenak, erakundeetatik biktimak babesteko martxan jarritako neurri sorta, biktimen aldeko araudi eta legediak, biktimen eskubideen bilduma, lekukotzak eta Arartekoak ateratako ondorioak eta erakundeei emandako gomendioak. Tortura salaketak egin dituztenak milaka badira ere, ez du aipamenik egiten haien gainean. Ezta ETAren jazarpena ez den beste jazarpen motena ere.
Txostenean jasota dagoenez, azken berrogei urteotan ETAren indarkeriak mila hildakotik gora eragin ditu, eta 16.000 inguru zauritu. Bestalde, ETAk 42.000 lagun inguru mehatxupean dituela dio txostenak. Lamarkak salatu duenez, urteen joan-etorrian «jazarpen indarkeria» zabalduz joan da, eta gero eta gehiago dira bizkartzainak eraman behar dituzten pertsonak.
«Asko dago egiteko»
Azken urteetan biktimen babeserako jarduera eta politika publikoetan «asko aurreratu» dela nabarmendu du Arartekoak. Bide horretan bi «mugarri» aipatu ditu: Eusko Legebiltzarrak 2003an biktimen egoera arintzeko adostutako legez besteko proposamena, eta 2008an onartutako Terrorismoaren Biktimen Aitorpena eta Erreparaziorako legea.
Dena den, Arartekoak kritikatu du erakunde guztietan, bereziki udaletan, ez dutela behar beste egiten. Uste du biktimen aldeko politikek laguntza ekonomikoetatik harago joan beharko luketela, egia, memoria eta justizia aitortuta.
Txostena
ETAren indarkeria gaitzesten ez duen «gaztearen profila»
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
