Jon Goio.
Iheslaria«Jon Anzaren kasua bururatu zitzaidan atxilotu nindutenean, GAL, gerra zikina»
A. Renteria.
Ekainaren 29an Frantziako Poliziak Jon Goio euskal iheslaria atxilotu zuen Zuraiden. Ekainaren 27an hasi eta 29an segida ukan zuen operazio hartan, hamabi lagun atxilotu zituzten. Atxiloketa egiteko moldeagatik Jon Anzaren kasua bururatu zitzaiola dio Goiok. Hendaiako polizia etxean zutelarik, autora igo eta muga pasarazi zioten, Irunen itzulia egin eta Hendaiara itzultzeko.
Nola atxilotu zintuzten?
Ekainaren 29an izan zen, goizeko zazpiak laurden gutxitan. Egunkari banatzaile gisa nabil lanean, gauez. Zuraiden nengoen, eta itzulgune batean bat-batean ibilgailu batzuk gurutzatu zitzaizkidan. Pistolak atera zituzten, eta berinen kontra joka hasi ziren. Autotik atera eta oihalezko kaputxa bat jarri zidaten buruan. Ez ziren polizia gisa aurkeztu. Geroago Polizia Judizialeko kapitain bat ezagutu nuen, eta orduan lasaitu nintzen. Espainiako Auzitegi Nazionalak deia egin zidan 2008an. Ez nintzela joanen adierazi nuen jendaurrean, eta ondoren Polizia Judizialak polizia etxera deitu ninduen. Kapitain hark galdekatu ninduen, eta horregatik ezagutu nuen.
Zer sentitu zenuen atxilotu zintuztenean?
Jon Anzaren kasua bururatu zitzaidan, GAL, gerra zikina. Zaila da azaltzea. Ez nekien zer gertatzen zen. Ez nekien nortzuk ziren, ez zer nahi zuten, ez zer eginen zuten nirekin. Une laburrak dira denboran, baina bizipenak mugagabeak. Den-dena pasatzen zaizu burutik. Anza desagertu zenetik orotan da gerra zikinaren mamua. Polizia zela konturatu nintzenean zentzu batean lasaitu egin nintzen. Zer ez zitzaidan bururatuko, atxilotzen nindutela ikustean lasaitzeko!
Zuraidetik nora eraman zintuzten?
Baiona Ttipian bizi naiz, eta etxea miatzera eraman ninduten, goizeko 9ak aldera. Handik Hendaiako polizia etxera. Higiezinen aurkako ekintza batzuengatik atxilotzeko agindua erakutsi zidaten. Ez nuen ezer ulertzen. Pentsatu nuen menturaz ibilgailuz tronpatu zirela, bertze norbait atxilotu beharrean, ni atxilotu nindutela. Zentzurik gabekoa zen.
Nolako tratua eman zizuten han?
Nik gau osoa lanean eman nuen, eta lorik egin gabe nengoen. Hala ere, egun osoan egin zidaten galdaketa, goizaldeko bostak arte. Bizpahiru orduz lo egin ondoren, berriz hasi ziren. Bi egun pasatxo egon nintzen horrela. Egoera surrealista horretan Polizia Judizialekoek tratu duina eman zidaten. Parisko Polizia, aldiz, urduri zegoen. Oihuka ari ziren une orotan. Mehatxuka ari ziren.
Polizia etxetik atera zintuzten, eta Irunera eraman. Nola izan zen hori, eta zer sentitu zenuen?
Dena lokamuts hutsa iruditzen zitzaidan. Halako batean autora sartu eta Irunera eraman ninduten. Sanmartzialak ziren, dena harrabots eta sirenak. Poliziek ez zidaten fitsik erraten. Erabateko hutsunea sentitu nuen, eta, aldi berean, ulergaitza bada ere, beterik sentitzen nuen nire barrena. Burua denbora baino arinago doa. Polizia etxetik ninderamaten, eta ez nekien nora. Hutsune bat eta flashak. Mikel Laboaren kantua jin zitzaidan burura: Gure bazterrak. Ficoba dagoen itzulgunea ikusi nuen. Matissen erranaldi bat gogoratu nuen orduan: «Zehaztasuna ez da egia». Berriz ere Hendaiara itzuliz beste esaldi bat gogoratu nuen, Edgar Marin filosofoarena: «Humanitateak bere balizko heriotza bizi izan du, sortu ahal izan baino lehenago». Sentipen eta ideia ugari. Ezin ditut azaldu. Baudelairek zioen bezala, «zer axola du zerutik edo infernutik zatozen». Hori da atxiloketa laburbiltzen duen ideia, gelditu zaidan sentipena.
Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduari uko egin ondoren, Frantziako polizia etxera joan zinen. Horren ondoren, nola uler daiteke oraingo atxiloketa moldea?
Ezin da ulertu, helburua jendea beldurtzea ez bada. Ordu laurden falta zitzaidan lana bukatzeko, eta badakite ondoren etxera noala, lotara. Presio handiagoa sartzeko ez bada, gizartearen begietara indar erakustaldia egiteko ez bada, ez du zentzurik.
Zein da orain zure egoera?
Lehen bezala segitzen dut. Lanean nabil, egunkariak banatzen eta birziklatuz. Betiko tokian bizi naiz, eta betiko tokietan egiten ditut erosketak. Denbora librean Baionako liburutegi publikora noa. Bizi arrunta egiten dut. Lanean ulertu dute egoera. Astelehenean atxilotu ninduten, eta ostegun eguerdian askatu. Nagusiak deitu nituen libre nengoela azaltzeko. Ostiralean lanean nengoen berriz, normaltasun osoz.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
