Poliziaren jokaera eta manipulazioa salatu dute Baionan
Segik bihar Donibane Lohizunen deitu duen manifestazioan parte hartzera deitu du Askatasunak
Aitor Renteria.
BaionaFrantziako Poliziak ekainaren 27an eta 29an Lapurdi eta Nafarroa Beherean egindako polizia operazioaren balorazioa egin zuen Askatasunak atzo Baionan. Askatasunako kideekin batera, polizia operazioan atxilotu eta gaur egun libre dauden pertsonak eta haien senideak egon ziren. Ekainaren 27an Xan Beyrie atxilotu zuten, eta 29an bertze hamaika pertsona atxilotu zituzten. Askatasunaren iritziz, polizia operazioak hiru ezaugarri ukan zituen: poliziaren bortizkeria, manipulazioa, eta familiak zein atxilotuak hertsatu izana.
Atxiloketa moldea salatu zuen lehenik Askatasunak. Lekukotasun gisa, operazio hartan atxiloturiko bi lagun mintzatu ziren, guztien izenean. Xan Beyrie izan zen lehen atxilotua Kanboko Intermarche saltokiko aparkalekuan, eguerdian. «Bortizki atxilotu zuten, polizia batek ileetatik hartu zuen eta autoaren kontra zanpatu zion burua, eta gero lurrera bota gintuzten» azaldu zuten Ekhi Erramundegik euskaraz eta Txomin Catalognek frantsesez. Autoan sartu zutelarik, bero handia zegoela eta hatsa hartzeko arazoak zituela jakinarazi zien Beyriek. Ordainetan, jendarme batek buruan plastikozko poltsa bat jarri ziola eta lepotik tinkatu zuela jakinarazi du Beyriek.
Jon Goioren kasua ere aipatu zuten. Astelehenean atxilotu arren, asteartean ukan zuten horren berri, Espainiako prentsaren bidez. Atxiloketa unean, Jon Goio Zuraiden zegoen, eta bi auto gurutzatu zitzaizkion. Autotik atera, lurrera bota eta Goiori pistola jarri zioten buruan. Berehala Jon Anzaren kasua bururatu zitzaiola adierazi zuten bi gazteek. Jon Anza euskal iheslari politikoa da, eta 21 urtez egon zen preso Espainiako espetxeetan. Apirilaren 18az geroztik familiak ez du haren berririk, eta desagertze horrek gerra zikinaren susmoa duela adierazi du ezker abertzaleak. Agerraldi berean Non da Jon? eranskailua zeramaten agerraldiko partaideek.
Atxilotu ondoren, Goio Hendaiako polizia etxera eraman zuten. Bi egunez jarraian, polizia etxetik atera, autoan sartu eta Irunera eraman zutela salatu du Askatasunak, eta ondoren Hendaiara itzuli.
Baionako polizia etxean atxiki zuten gazte bati elektrodoak jartzeko mehatxua egin zioten, «Espainian bezala». «Zuek bezalako pitoekin hori baizik ez da egiten ahal» erran zion poliziak. Gertakari horiengatik salaketa ezartzea aztertzen ari da Askatasuna.
Polizia etxean jasandako presioa eta tratu txarrak salatu zituzten. Ziegak zikinak zeudela eta familiak janaria eraman arren, ez zietela janaria ematen, edo iraungitze data sei hilabetez pasatua zuen janaria ematen zietela salatu zuten. Ez zietela lo egiten uzten, galdeketak etengabeak zirela, oihuak ere bai, eta dutxatzeko aukerarik ez zietela eman.
Etengabeko mehatxuak pairatu zituztela jakinarazi zuten, senideak eta lagunak atxilotuko zituztela, adibidez. Kanpoan zeuden senideei poliziak gezurra erran ziela gaineratu dute, gose eta egarri greban zeudela, beren kontrako salaketa onartu zutela edo janaria eta arropak ematen zizkietela. Bertze familia batzuei, semearen onerako haiekin mintza zitezela eskatu zieten, salaketa onartuz zigorra laburragoa izanen zelakoan.
Mobilizazioak
Polizia sarekada salatu, eta ondoko egun eta asteetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera deitu zuen Askatasunak. Bereziki polizia operazioa salatzeko bihar Segik Donibane Lohizunen deitu duen manifestazioan parte hartzera deitu zuen. Hautetsi eta gizarte eragileei erantzukizunak hartzea eskatu die Askatasunak, askatasunen urraketa geldiarazteko.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
