Berria.info

Ostirala, 2010ko martxoak 19 -

2009-07-03

Egun beteko eskola

Ikasle Abertzaleek hasi dute Eskola Ibiltaria; atzo hasi eta bihar arte Lizarratik Arbizurako bidea egingo dute

Garikoitz Goikoetxea.

Udako oporretan egonagatik ere, egun osoko eskola dute hiru egunez 40 lagun inguruk, Ikasle Abertzaleek (IA) antolatutako 10. Eskola Ibiltarian. Ibilbidea atzo abiatu zuten Lizarran (Nafarroa), eta bihar amaituko dute, Arbizun (Nafarroa). Hitzaldiak, asanbladak eta bestelako ekitaldiak izango dituzte han eta hemen.

Guztia martxan jarri eta ibilbideari ekiteko eguna izan zuten atzo. 11:30ean abiatu ziren, hiru egunetarako antolakuntza erabaki ondotik. Ibilbidearekin, euskal eskola nazionala irudikatzea dute helburu. «Guk geuk sortutako eskola, betiere oinarri harturik Euskal Herria dela gure eskola, eta igarotzen garen tokietan gauza asko dagoela ikasteko», adierazi du IAko eledun Ainhoa Mendibilek.

Pasatzen diren herrietako jendearekin harremanak egiten saiatzen dira, haien nondik norakoak ezagutuz Euskal Herria bera hobeki ezagutzeko. Atzo, esaterako, Lizarrako artzainak, abeltzainak eta nekazari ekologikoak izan zituzten hizlari. Handik Biloriara (Nafarroa) joan ziren, eta ikazkinen lana ezagutu zuten. Ez alferrik, aurten lurraren ustiapena dute gaitzat Eskola Ibiltarian.

Gau eta egun, elkarrekin

Gau eta egun elkarrekin egongo dira Eskola Ibiltarian parte hartzen ari diren ikasleak. Lan taldeak egin dituzte eguneroko martxa aurrera eramateko. Eskola ibiltaria da Ikasle Abertzaleena, eta lo ere bidean egingo dute. Atzo, esaterako, Aranatzeko frontoian egin zuten lo, eta gaur gaua Urbasan pasatzekotan dira.

Goizetan eta arratsaldeetan hitzaldiak izaten dituzte. Gaur, adibidez, Nafarroako konkistari eta Urbasako faunari eta florari buruz arituko dira. Gauean, berriz, egunaren balantzea egiteko eta aisialdirako tartea hartzen dute. Eskolan bertan dabiltzan kideen artean antolatzen dituzte gaueko aisialdiko ekintza horiek.

Hiru eguneko ibilbidea bihar amaituko dute, Arbizun. Arratsaldean, Eskola Ibiltariko kideek herrira iristea espero dute. Trasteak utzi eta dutxa hartu ondotik, 19:00etan kalejira egingo dute herriko kaleetan, eta 20:00etan ekitaldia. Afaria 21:00 bueltan izango dute, eta, horren ostean, kontzertuak izango dira gazte lokalean.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia