Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 16:51

euskalherria;2009-07-02;Euskarazkoa izango da Beraren izen ofizial bakarra. Nafarroako Auzitegi Nagusiaren arabera, ez dago arrazoi historiko eta praktikorik erdarazko izena mantentzeko

Euskarazkoa izango da Beraren izen ofizial bakarra

Nafarroako Auzitegi Nagusiaren arabera, ez dago arrazoi historiko eta praktikorik erdarazko izena mantentzeko

Erredakzioa.

Iruñea

Nafarroako Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Berako Udalari. Hala, hemendik aurrera udalerriaren izen ofiziala Bera izango da, eta ez elebiduna-Bera/Vera de Bidasoa-Nafarroako Gobernuak eskatzen zuen moduan.

2006an Berako Aralarrek ekimena aurkeztu zuen udalerriaren izen bakar eta ofiziala Bera izan zedin. Baina ez zen aurrera atera. Hurrengo legegintzaldian euskarazko batzordearen bidez bultzatu zen ekimena, eta iazko urtarrilaren 17an gehiengoz onartu zuen Berako Udalak udalerriaren izen ofiziala aldatzea, eta soilik euskarazkoa mantentzea. Proposamenak EAE-ANVren, Aralarren eta EAJren babesa jaso zuen; EA, berriz, abstenitu egin zen. Udalak jada 1989tik zeraman euskarazko izena soilik erabiltzen.

Nafarroako Euskararen Legea urratzen zuela argudiatuta, ordea, hilabete geroago Nafarroako Gobernuak ukatu egin zion Berako Udalari izen aldaketa. Legean jasotzen denez, eremu euskalduneko herrien izen ofiziala euskarazkoa izango da, betiere erdarazko formarik existitzen ez bada. Kasu horretan biak erabili beharko dira.

Berako Udalak auzitara jotzea erabaki zuen, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak herriaren izen ofizial bakarra Bera izatea ebatzi du. Izenaren aldaketa berehala egiteko agindu du. Aldaketa hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Espainiako Aldizkari Ofizialean agertu beharko da.

Epaian jaso denez, dokumentu historiko mordoa dago erakusten dutenak udalerriak izen ofizial bakarra izan duela: Bera. Gainera, Euskaltzaindiak ere toponomia horren alde egiten duela nabarmendu dute. Auzitegiaren aburuz, ez dago arrazoi «praktiko eta historikorik» erdarazko izena mantentzeko.

Aralar pozik dago Auzitegiaren erabakiarekin; «beratar gehienen nahiari erantzuten dio, eta tradizio eta historia gehien duen izena Bera da».

Hala epaia onartzeko eta helegiterik ez aurkezteko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. «Bideko seinaletan, agiri ofizialetan, turismo esku orrietan eta gainerako euskarri guztietan Bera izena erabiltzea eskatzen diogu, eta egun bertzelako moduan agertzen diren euskarriak aldatzeko».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia