'.eus' domeinua 2010eko martxoan eskatzea espero dute sustatzaileek
PuntuEus elkarteak atxikimenduak biltzen jarraituko du, domeinua nahi duen komunitate bat badela adierazteko
Maite Asensio.
BilboInterneteko .eus domeinua eskatzeko prozesua aurrera doa. Helburu horrekin iazko apirilean eratutako PuntuEus elkarteak atzo azaldu zuenez, atxikimenduak jasotzen ari dira, domeinua eskatzen duen komunitate sendo bat badagoela adierazteko. Eskaera noiz egingo den, ordea, ez dakite ziur, baina 2010eko martxoan egin ahal izatea espero dutela aurreratu zuen Iratxe Esnaola ingeniari eta PuntuEus-eko kideak.
Dagoeneko 30 erakundek osatzen dute PuntuEus. Elkartea sortu zenetik ia hogei erakundek egin dute bat harekin, bai euskalgintzaren arloan (Gerediaga Elkartea, Topagunea edo Euskal Herriko Gazteriaren Kontseilua kasu), hezkuntzaren arloan (UEU, Deustuko Unbertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Eusko Ikaskuntza edota Sortzen Ikasbatuaz), zein Internet eta komunikazioaren alorrean (Euskarazko Komunikazio Taldea, Argia, Elhuyar Fundazioa eta Euskal Herriko Informatika Ingeniarien Elkargoa, besteak beste).
Herritarren aldetik ere babes handia jasotzen ari da '.eus' domeinua eskatzeko ekimena. www.puntueus.org webgunearen bidez, 25.000 atxikimendu inguru bildu ditu hilabete gutxitan. Domeinua eskatzeko uneari begira, sostengu horrek izango duen garrantzia nabarmendu du Iratxe Esnaolak: «Euskararen eta euskal kulturaren komunitatearentzat sortu nahi dugu domeinua, baina horretarako, komunitateak berak eskatu behar du».
PuntuEus elkartearen funtzioa komunitate horren izenean domeinua eskatzea dela gogorarazi du. Hala, elkartea sendotu nahi dute, ahalik eta atxikimendu gehien lortuz. Esnaolaren hitzetan, «komunitateak domeinua nahi eta behar duela adierazi behar du».
Halaber, egitasmoaren bideragarritasun ekonomiko eta teknikoa azalduko dituen plana prestatzen ari da PuntuEus, hala agintzen baitie ICANN domeinu izenak kudeatzeaz arduratzen den erakundeak. «Irabazi asmorik gabeko proiektua da gurea, baina domeinua erosteko eta hari martxan eusteko azpiegitura eta baliabide batzuk behar dira», zehaztu du Esnaolak.
Eskaera egiteko epeak eta moldeak ICANNek ezartzen dituela eta, PuntuEus elkarteko kideek oraindik ez dakite ziur noiz eskatu ahal izango duten domeinua. Dena den, eskaria 2010eko martxoan aurkeztu ahal izatea aurreikusten dute. Hala izanez gero, urtebete itxaron beharko litzateke ICANNen erabakiaren berri izateko.
Alde horretatik, baikor dira PuntuEus-eko kideak, Esnaolaren hitzek adierazten dutenez: «ICANNekiko harremanetan izan gara, ezagutzen gaituzte, badakite domeinua eskatuko dugula, eta ez diote arazorik ikusten, betiere dokumentazioa ondo betez gero». PuntuEus-ekin batera domeinua eskatuko duten beste hiru komunitateekin ere harremanetan egon da elkartea: galizieraren .gal, bretoieraren .bzh eta galesaren .cym.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
