2009-07-01
Hondakinen lege ekimen herritarra
Legea, ez errausteko
Errausketaren aurkako plataformek hondakinen lege egitasmoa aurkeztu zuten azaroan. Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeko, 30.000 sinadura behar zituzten, eta 5.000 gehiago lortu dituzte.
Mikel Peruarena.
Larri, baina iritsi dira. Hondakinen Legea Eusko Legebiltzarrera eraman eta bertan eztabaidatzeko 30.000 sinadura behar zituen Errausketaren Kontrako Gipuzkoako Plataformen Koordinakundeak. Apirilean 10.000 falta zituzten, baina azkenean behar baino 5.000 gehiago lortu dituzte. Atzo bukatu zen sinadurak aurkezteko epea, eta koordinakundeko ordezkariek atzo bertan aurkeztu zituzten Eusko Jaurlaritzako erregistroan, Gasteizen. Orain, Legebiltzarreko langileek aztertu behar dituzte sinadurak, guztiek balio ote duten argitzeko. Orain arte Gipuzkoako hauteskunde batzordean aurkeztu dituzte sinadurak, eta ehunka ezeztatu ditu batzordeak. Araba, Bizkai edo Gipuzkoatik kanpo erroldatutako jendearenak ziren batzuk, errepikaturik zeuden beste hainbat.
«Asko kosta zaigu, baina oso pozik gaude egindako lanarekin, eta herritarrengandik jasotako erantzunarekin», nabarmendu zuen atzo, sinadurak aurkezteko unean, Maria Luisa Sanchez koordinakundeko kideak. Lege egitasmoak aurrera egingo ez balu ere, 35.000 herritarren babesa sentitzen dute atzean. Indar horrekin, Sanchezen hitzetan, «Gipuzkoa osoko herri guztietan errausketari uko egitea lortu behar dugu, atez atekoa herri guztietara zabalduz».
Azaroaren 12an aurkeztu zuen koordinakundeak lege egitasmoa, eta urtarrilean hasi ziren sinadurak biltzen. Legeak zehazten du lau hilabete behar direla 30.000 sinadurak eskuratzeko, eta bi hilabetez luza litekeela epe hori. Apirilean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak tarteko, koordinakundeak azaldu zuen zailtasunak izan zituela eta 10.000 sinadura falta zituela. Epea luzatzeko eskatu, eta hala izan dituzte sei hilabete, atzo arte. 1986tik hamar ekimen legegile abiatu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek. Haietatik bederatzi iritsi dira Legebiltzarrera, eta bi atera dira aurrera. Errausketaren kontrako plataformek aurkeztu dutena 11. ekimena da. Tramitea onartuz gero, hondakinen lege egitasmoak udazkenean hasiko luke ohiko legeak eztabaidatzeko prozedura bera.
Koordinakundeak iazko azaroan, ekimena aurkezterakoan, nabarmendu zuen Jaurlaritzak ez duela inoiz hondakinen arloa osorik hartu, eta arautu, arloari buruzko eskumenak dituen arren: «25 urteko ezgaitasun politikoaren ostean, herritarren elkarteok zaborrei buruzko lege proiektua egin dugu, lege hutsune handia estaltzeko». Hainbat talde, sindikatu eta alderdiren babesa jaso dute hilabeteotan: CCOO, EHNE, ELA, ESK eta LAB sindikatuek eta Eguzki, Ekologistak Martxan eta Greenpeace talde ekologistek babestu dute lege egitasmoa. Aralar, ezker abertzalea eta Ezker Batua ere alde agertu dira.
Atez atekoa, errausketaren alternatiba gisa
Koordinakundeko kide Unai Agirrek atzo zehaztu zuen legeak asmo bikoitza duela: «Hondakinen kudeaketarako errausketa baztertzea, eta materia organikoaren konpostatzea eta bilketa selektibo intentsiboa, atez atekoa, bultzatzea». Usurbilen (Gipuzkoa) atez ateko hondakinen bilketa ezarri zutenetik, erreusa -berreskuratu ezin den zaborra- gutxitu egin dela, eta bidea hori dela uste dute errausketaren aurkako koordinakundeko kideek. Iazko maiatzean, Usurbilgo hondakinen %68,36 erreus gisa gelditu ziren; atez ateko bilketa ezarri ostean, joan den maiatzean, %16,41era murriztu da erreusaren kopurua. Hondakinen %83,59 birziklatu dira, hortaz. Erreusik gabe, errauste plantak ezingo luke lan egin, erregaia faltako litzaiokeelako. Horretan dute gogoa jarria koordinakundeko kideek.
Lege egitasmoa «ez desitxuratzeko», alderdi politikoekin biltzeko asmoa dute koordinakundeko kideek. Baina gogorarazi dute errauste plantaren lanak aurrera doazela, eta kezkaturik daude, ez ote diren laster hasiko lur laginak hartzen errauste plantarentzako lurretan, Zubietan (Gipuzkoa). Behin lan horiek hasiz gero, atzera egitea zail izango dela uste dute. Horregatik, Agirrek eskerrak eman dizkie sinadura eman duten guztiei, baina laguntza ere eskatu die: «Garaipen bat da sinadurak biltzea, baina errausketaren aurkako borrokak jarraitu beharra du».
Motzean
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
