Berria.info

Asteazkena, 2010ko martxoak 17 -

2009-06-28

Olatz Simonek irabazi du aurten Rikardo Arregi kazetaritza saria

Azken urtean Txinako berriemaile gisa EITBn egindako lana dela-eta eman dio epaimahaiak kazetaritza sari nagusia

Garikoitz Goikoetxea.

Andoain

Urtebetean Txinako berriemaile gisa euskaraz egindako lanaren saria jaso du Olatz Simon EITBko kazetariak: Rikardo Arregi kazetaritza sari nagusia. Txinako gizartearen berri «zorrotz eta ulerterraz» eman duela iritzi dio epaimahaiak. «Topikoetatik haratago, Txinako gizartera hurbiltzeko modu aberatsa eskaintzen die ikus-entzuleei».

Simonek hunkituta hartu du saria, eta esan du «ohore bikoitza» dela. Euskaldun berria da, eta bereziki poztu du euskaraz egindako lanagatik saria jasotzeak. «Euskara ez da nire ama hizkuntza. Etxean inork ez zekien euskaraz». Horregatik, eskerrak eman dizkie euskara kontuetan lagundu dioten guztiei. «Nire hankasartzeak konpondu dituzte, eta haiekin batera ikasi dut euskarazko kazetari izaten».

Kazetari Berria saria Argia aldizkariko kazetari Gorka Bereziartuak jaso du. Kazetariaren «sena, kritikotasuna eta ausardia» txalotu ditu epaimahaiak. Euskal kulturari kritika egitea «arrisku handiko kirola» dela esanez hartu du saria Bereziartuak. «Sariak urte osoan barruan eraman dudan arantza bat atera dit».

Euskadi Irratiko Kostaldeko trena saioko taldeari eman diote Sari Berezia, kantuei buruzko azalpenak eta istorioak biltzeko egindako lanagatik. Iñigo Martinek hartu du oroigarria.

Sariez aparte, Ohorezko Aipamena Ttipi-Ttapa taldeari eman diote. Urtarrilean eten egin behar izan zituzten Ttipi-Ttapa telebistaren emankizunak, diru arazoengatik. Joxe Manuel Irigoien zuzendariak eta Pello Apezetxea sortzaileak jaso dute. «Saria jasotzea zinez eskertzekoa da, eta lagunduko digu aurrera segitzen».

Rikardo Arregi kazetaritza sariak atzo eguerdian banatu zituzten, Andoainen (Gipuzkoa), Arregi zenaren herrian. Han izan ziren, besteren artean, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgell, eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde Ramon Etxezarreta. Urgellen esanetan, euskal kazetaritza «kalitate onekoa» da. «Lehengo gogo eta borondateari prestakuntza profesional bikaina gaineratu zaio». Euskarazko kazetaritzan dihardutenen lana goraipatu du. «Euskal herritar guztiek, bereziki ingurune erdaldunetan bizi diren haiek, aukera dute egunero kalitatezko euskaraz gozatzeko».

 

Beste sarituak



KAZETARI BERRIA

Gorka Bereziartua. 2008ko ekainetik 2009ko maiatzera Argia astekarian kaleratutako lanengatik eman diote Bereziartuari kazetari gazteen saria.

SARI BEREZIA

'Kostaldeko trena'. Euskadi Irratiko bazkalondoetako musika saioaren lan taldeari urtetan sendotzen joan den lanagatik eman diote sari berezia.

OHOREZKO AIPAMENA

Ttipi-Ttapa. Tokiko komunikabideak sortzen aitzindari izan zelako eta zailtasunei aurre egin dielako eman diote aipamena Nafarroako Ttipi-Ttapa taldeari.



 

Olatz Simon.

Rikardo Arregi sariaren irabazlea

«Garrantzitsua da euskaraz egindako lana aitortzea»

G. G.

Andoain



Txinako berriemaile gisa euskaraz egindako lanaren saria etxean bertan jaso du Olatz Simonek.

Euskal Herritik kanpo berriemaile aritu, eta etxean jaso duzu saria.

Ohore handia da. Etxean horrelako sari bat jasotzea oso berezia da niretzat. Ez nuen espero, eta pozez hartu dut, niretzat benetan garrantzitsua delako euskaraz egindako lana aitortzea.

Txinan daramazun denboran ikasitakotik zer nabarmenduko zenuke?

Lan egiteko era desberdina da. Joaterako, esan nuen hiruzpalau aste lasai behar nituela. Heldu nintzen egunean lurrikara gertatu zen, eta lanean hasi behar izan nuen. Onena izan zen. Ez nuen denborarik izan desberdintasunei buruz galdetzeko. Oso aberasgarria izaten ari da. Txinatarrak desberdinak dira, asko dute emateko. Haiek ikusiko dute nola, baina gauza asko dituzte erakusteko.

Kazetaritzaren ikuspegitik, zein desberdintasun aurkitu dituzu?

Hango sistema ezin da konparatu era bateko edo besteko demokrazia duen kazetaritzarekin, gurea perfektua ez dela kontuan izanik ere. Han ez dago askatasunik. Autozentsura nabarmenduko nuke. Ez dute arriskurik hartzen, berez egiten dute zentsura. Hala ere, badira beste modu bateko kazetaritza egiten ari direnak, blogetan bereziki. Euren pentsamoldea adierazteko modu bakarra da.

Zein erronka dituzu aurrean?

Ikasten jarraitzea. Bruselan asko ikasi nuen: jendea ezagutu, kazetaritza egiteko beste era bat ikasi... Txinakoa erronka handiena da, Txina bera handia delako. Nire erronka da sakontzen joatea, Txinan bereziki. Telebistan kolorea dute gustuko: ohiturak, bitxikeriak... Baina gehiago sakondu nahi dut. Pozik nago egiten ari garelako. Txinari buruz hitz egiteko asko jakin behar da, eta jakiteko modu bakarra ondo ezagutzea da.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia