2009-06-24
15 hileko kartzelaldia ezarri diote Iker Gallastegiri
Espainiako telebista batean kaleratutako adierazpenetan «terrorismoa goratu» izana egotzi diote
Aitziber Laskibar.
Bilbo2006ko ekainaren 30ean euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratze batean egon zen Iker Gallastegi Getxoko Algorta auzoan, bere auzoan. Italiarrak zirela zioten kazetari batzuk gerturatu zitzaizkion, Euskal Herriko egoerari, su-etena hautsi izanari eta ETAri buruzko iritzia jaso nahi zutela esanez. Bere hausnarketaren barruan, ETAk «eginbehar abertzaleagatik» hiltzen duela esan zien Gallastegik. Euskal herritarrei frankismoagatik inork barkamenik eskatu ez dien bezala, berak ez diola inori barkamenik eskatu beharrik adierazi zuen 82 urteko gizonak.
Bi astera, uztailaren 12an, Espainiako Tele5 telebista katean ikusi zuen bere burua, 1997an ETAk bahitu eta hil zuen Miguel Angel Blanco PPko zinegotziaren omenezko programa batean. Hain zuzen, bahiketa horretan parte hartzea egotzita espetxean duten Irantzu Gallastegiren osaba da elkarrizketatua. Tele5ko programa horretan, aurkezpen hori eginda txertatu zituzten Iker Gallastegiren adierazpenak. España y Libertad eta Ermuko Foroa elkarteek salaketa jarri, eta ekainaren 10ean epaitu zuten Gallastegi «terrorismoa goratu» izana egotzita.
Atzo kaleratu zuen epaia Espainiako Auzitegi Nazionalak. Urtebete eta hiru hileko espetxe zigorra ezarri dio. Zazpi urte eta hiru hilabetez erabateko inhabilitazioa ere bai. Eta, auziak sortutako kostu ekonomiko guztiak ordaintzera ere zigortu du.
Zigortuak ahozko saioan epaileei esan zienez, ETAk nola pentsatzen zuen azaltzen saiatu zen bera. Esan zuen pentsatu zuela italiartzat jo zituen kazetariak datu bilketa egiten ari zirela, eta bere ikuspuntua azaldu ziela. Ez zekiela kamerarekin grabatzen ari zirela, eta ez zuela inolaz pentsatu Espainiako telebista batentzat ari zenik. Are gutxiago, bere adierazpenak Miguel Angel Blancori buruzko programa batetan erabiliko zirenik.
Hori dela-eta, 82 urteko gizona errugabe jotzeko eskatu zuen defentsak, «terrorismoa goratzeko» delitua egiteko gorespen hori nahita eta jendaurrean egin behar dela arrazoituta.
Epaileek, ordea, ez dituzte aintzat hartu defentsaren argudioak. Akusazioen arrazonamenduak bere egin, delitua egin izana egotzi, eta fiskalak eskatutako zigorra ezarri dio.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
